Berria
12/10/2017

Zomorro poetikoak,«bitxikeria bat» eta piztia batzuk Euskadi saridun

Leire Bilbaoren 'Xomorropoemak eta beste piztia batzuk' lanak jasoko du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria. Matias Mujikak irabazi du itzulpenarena, François Villonen 'Testamentua'-rengatik
Gorka Erostarbe

 

Bigarren txanda zen. Aurtengo palmaresa osatzeko, beste lau saridunen izenak behar zituzten Euskadi sariek. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek ezagutarazi zituen atzo, Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegian egindako agerraldian. Leire Bilbaok irabazi du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanarekin (Pamiela); Matias Mujikarentzat izango da euskarazko literatura itzulpenarena, François Villonen Testamentua euskarara ekartzen egindako lanarengatik (Igela/Erein); Ander Izagirre saritu dute gaztelaniazko saiakeraren arloan, Potosí kazetaritza lanarengatik; eta Mikel Valverderentzat da literatur ilustrazioarena, Versos de deportes lanarengatik. 18.000 euroko saria izango du bakoitzak, eta beste 4.000 euro eskura ditzakete beren lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Igor Idoetak, Elisabet Masek, Mikel Aierbek, Irati Zalduak eta Imanol Mercerok osatu dute haur eta gazte literaturako sariaren epaimahaia. Haren ustez, «haur literaturak behar duen tonuari eta pultsuari ederki heldu dio obra honek, izenburutik bertatik». Jolasa, irribarrea, irudimena eta elkarren abaroa ditu ezaugarritzat Bilbaok iaz kaleraturiko lanak. «Obra koherentea da, trinkoa, poema guztien artean aldarrikapen orokor bat eskaintzen duena. Bat eginda daude euren tonu umoretsuan, euren jarrera jostalarian, eta, hala ere, poema bakoitza gai da bere anekdota partikularrari eusteko, bere originaltasun partikularra aldarrikatzeko». Epaimahaiaren aburuz, obra «fresko eta berritzaile bat» ekarri du Bilbaok.
François Villonen Testamentua-k klasiko handien aitortza du Frantzian. Villonek 1461ean idatzi, eta haren lanik ezagun eta enblematikoena da. Matias Mujikak euskarara egindako itzulpen lanaren atzeko azalean honela jartzen du: «Villonen obran, lirismoa eta arrunkeria, Ama Birjinarekiko eraspena eta amodioa, fede sakona eta ezmoraltasun gordina nahasten dira; ahaltsuei oldartzen zaie, miseria-lagunekiko samurtasuna adierazten du eta, aldian aldian, malenkoniatsu eta isekari, gozo eta mendekari ere agertzen da». Ramon Etxezarreta buru duen epaimahaiaren ustez, «Matias Mujikak jatorrizko testuaren oihartzun zintzoa dakarren itzulpena ondu du, 7+6 silabako zortzi bertso-lerroko ahapaldietan, jatorrizkoaren errima berdin-berdina bilatu beharraz testua eta edukia larregi eraldatu gabe, baina jatorrizkoaren doinua iradokitzen duen bulkada erritmikoa eskainiz».
Filologia klasikoa ikasi zuen Mujikak, eta itzulpen masterra egina du. Hainbat autoreren lanak ditu itzuliak; besteak beste, L.F. Celine, Joseph Roth, Goethe, Bocaccio eta Maupassantenak.
Kazetaritza lan bat saritua
Ander Izagirre kazetaria (Donostia, 1976) pozik zegoen bere Potosí lana saritu dutelako gaztelaniazko saiakeraren alorrean, baina bereziki poztu zuen kazetaritza lan bat saritu izanak. «Ez dit ardurarik lan hau saiakera den, edo kronika edo erreportajea... Pozten nauena da kazetaritza generoak aitortza bat jasotzen duela sariarekin». Izagirre 2009an joan zen Boliviara lehen aldiz, erreportaje batzuk egitera. «Egindako lana motz geratu zitzaidan, eta liburu bat egin behar nuela pentsatu nuen. Kostatu egin zait lana amaitzea». Potosiko Cerro Ricoko meatzarien egoera lazgarria kontatzen du liburuak, protagonistatzat 15 urte eskaseko neskatila bat izanik. «Bitxia da, kazetaritza liburu bat amaitzen duzunean bertako pertsona errealek bizirik jarraitzen baitute. Neskato horrek jada 22 urte ditu, eta tarte honetan gauza asko gertatu zaizkio». Fernando Mikelarena buru duen epaimahaiaren iritzian, «kontakizun egokia landu du milaka gizakik bizirik irauteko dituzten borroka-baldintza penagarriei buruz».
Mikel Valverderen Versos de deportes lanak «hizkuntza poetikora egokitzen diren ilustrazio freskoak» ditu, epaimahaiaren iritzian. «Umore ukitu handia eman eta testuaren irakurketa paraleloak eskaintzen dituzten eszena txikiak sortu ditu. Irakurlea irudia ikertzera gonbidatzen du».
Azaroaren 13an banatuko dituzte sariak, Bilbon.
Volver