Mairtin O Cadhain idazle irlandarraren 'Cré na Cille' perla ezezaguntzat dute adituek. Azken bi urteetan ingelesezko bi itzulpen azaldu dira, bi itzultzailek eginak. Mairtin O Cadhain idazle irlandarra (1906-1970); irlanderaz idazten zuen.
Cré na Cille (1949) nobelako pertsonaia guztiak hilda daude. Ez dira ez mamu ez espiritu, Bigarren Mundu Gerra garaian Irlanda mendebaldeko kostaldean dagoen hilerri batean lurperatutako gorpu berritsuak baizik. Baserri munduaren gogorra atzean utzi dute —alga eta magurio salmentatik zein lurzoru harritsuan patatak ereitetik nekez aurrera eramandako bizimodua— baina herrixkako bizilagunen arteko kalapitek eta nahikariek bere horretan jarraitzen dute lur azpian ere. Izan ere, lur gainean gertatzen denarekin obsesionatuta daude, bizidunen mundua sekula utzi izan ez balute bezala: zeinek babestu duen zeinen teilatua lastoz; zeinek jasoko duen Amerikara joandako ahaidearen ondarea; nork lapurtu dituen magurioak... Maisu Handiak, eskola maisu harroak, bere alarguna «emagaldu» bat dela dio senarra galdu eta gutxira berriro ezkondu zelako; Nora Johnnyk, Galwayko pubetan marinelekin eskandaluzko gauak igaro zituenak, zerraldoan «kultura» aurkitu duela azpimarratzen du; seguru saltzaile batek iruzur egindako herritarren kontura barre egiten du; adineko emakume bat gaur egun bizirik egongo zela dio erori zen sutik ateratzeko indarra izan balu; norbaitek Hitlerren aldeko oihuak botatzen ditu. Guztien artean Caitriona Paudeen, oraindik bizirik dagoen Nell ahizpari gorroto bizia dion mihi gaiztoko emakumea biek maite zuten gizonarekin ezkondu zelako, nabarmentzen da gehien. «Beste urte pare bat biziko nintzela uste nuen eta lurperatu ere, lurperatuko nuela, putatzar hori. Makaldu da pixka bat semea zauritu zutenetik. Medikuarengana joaten zen hori baino lehenago ere, jakina. Baina ez du ezer. Hezueria. Noski, horrek ez du hilko denbora puska batean… Ia lurperatu nuen. Pixka bat gehiago bizi izan banintz...».
Kexuak eta esamesak, eztabaidak eta gaizki-ulertzeak arau dira hildakoen artean. Denak garrasika mintzo dira; inork ez du entzuten. Nobelaren amaiera aldera, lur gainean egoteko denbora gehiago izan balute zer egin izan zuten beren buruei galdetuta batek dio «beste nonbaiten lurperatzeko eskatuko nion [emazteari]».
Iragan mende hasierako nekazari munduaren errealitate mingotsa ezin hobeto jasotzen duen Cré na Cille ez ziola argitaratuko jakinarazi zion gutun bidez argitaletxeak Mairtin O Cadhaini (Spidal, 1906-Dublin, Irlanda, 1970) 1948an. Horren arrazoia zen nobela arras joycetarra zela eta irakurleen artean ez zuela harrera onik izango. Irlandako letren izen handienetako baten literatur ahaidetzat hartua izatea laudoriotzat joko lukete gaur egun. Ez zen hala errepublika bilakatu berria zen Irlandaren kasuan. Modernitatearen eta tradizionalismoaren arteko borrokan, gobernuak azkenekoaren alde egin zuen kultura zein gizarteko hainbat arlotan. Urtebete geroago, ordea, Irish Press-ek atalka kaleratu zuen testua zazpi hilabetetan eta 1950ean Sairseal Agus Dill etxeak denen eskura jarri zuen liburu formatuan. Irlanderaz mintzo ziren gizarte kideen artean arrakasta handia lortu zuen Cadhainen lanak. Diotenez, Galwayn unibertsitateko ikasleek Irish Press-ek argitaraturiko atalak elkarri pasatzen zizkioten denek irakurri ahal izateko. Eta gazteek alfabetatu gabeko aitona-amonei ahoz gora irakurtzen zieten atal horiek beraiek.
Ia hirurogeita hamar urtez, gaur egun Irlanda bertako zein Europako literaturako maisulantzat jotzen duten Cré na Cille irakurri gabe zeukaten irlandar gehienek irlanderaz idatzita dagoelako. Batzuek egileari berari egotzi izan diote errua, nobela argitaratzerakoan bi urteko epea adostu baitzuen argitaletxearekin jatorrizko lanaren kaleratze dataren eta itzulpen posible baten argitalpenaren artean. Azken hori kalitatezkoa izan behar zuen, idazlearen izen ona kolokan jarriko ez zuena. Cadhainen eskakizunak ez ziren hain burugabeak. Ingelesaren nagusitasunaz jabetuta, hizkuntza gutxituetan idazten duten egile askok hartu izan duten erabaki bera hartu zuen berak ere bere lana babesteko. Hala ere, kalitatearen inguruko eskaera nobelaren gaineko eskubideak izan dituzten argitaletxeek nola interpretatu izan duten, beste kontu bat da. Funtsean, itzulpen perfektua sustatzeko egitasmoak ingelesek bere garaian irlanderaren (eta irlandar natiboen beraien) gainean eraikitako tropo guztiak indarrean jarri ditu: bitxia dela, hots, ulergaitza eta, ondorioz, itzultzeko zaila / ezina. Zenbait itzultzaile saiatu dira testua itzultzen, hura kaleratzeko aukerarik izan gabe ordea.
AEBetako unibertsitate-argitaletxe batek irlanderazko lanetan aditua den den Clo Iar-Chonnacht etxearekin batera, Cré na Cille ingelesera itzultzeko erronkari heldu eta itzulpen bat ez, bi argitaratu ditu azken bi urteetan. Alan Titleyk osatu du bata, The Dirty Dust (2015, Hauts zikina), eta Liam Mac Con Iomairek eta Tim Robinsonek bestea, Graveyard Clay (2016, Hilerri buztin). Bata bestearekiko arras ezberdin, Titleyren eta Iomare eta Robinsonen lanek argi uzten dute, batetik, itzulpen perfekturik ez dela eta, bestetik, itzulpenaren egokitasuna hizkuntzaren bizitzari lotuta dagoela. Kasu honetan, ordea, galdetzekoa litzateke zer politikari erantzuten dion hain denbora gutxian testu beraren bi itzulpen argitaratu izanak. Zer interes klase egon daiteke bi aldiz ezinezkoa —irlandarren hizkuntza misteriotsu hori— garaitu izanaren atzean? Nork behar zuen garaitu eta zein helbururekin? Hilerrikoen hizkuntza berpizteko ahalegina izan ote da, ala hilerrikoa zergatik kontsideratzen duten erakusteko saioa?