Berria
06/10/2017

Eleberrigile, memoria egile

Jatorri japoniarreko Kazuo Ishiguro idazle britainiarrak irabazi du aurtengo Literaturako Nobel saria. Haren eleberrien «indar emozionala» goraipatu du akademiak
Itziar Ugarte Irizar

 

Ez zen kinieletan ageri, baina badirudi kultur munduak gustuz hartu duela albistea: Kazuo Ishiguro japoniar jatorriko idazle britainiarra da Literaturako Nobel saridun berria. Haren eleberrien «indar emozionala» goraipatu du Suediako Nobel akademiak; zehatz esanda, «munduarekiko gure irudimenezko loturaz harago dagoen amildegia azaleratzea» aitortu diote idazleari. Duela bi urte argitaratu zuen The Buried Giant (Erraldoi lurperatua) azken eleberria, eta, aurreko lanen artean, bereziki txalotuak ditu The Remains of the Day (1989, Egunaren azken hondarrak), The Unconsoled (1995, Nahigabetua) eta Never Let Me Go (2005, Ez iezadazu sekula utzi alde egiten).
62 urterekin, Literaturako Nobelak erabateko kontsakrazioa dakarkio hastapenetatik ibilbide saritua izan duen idazle horri. A Pale View of Hills (1982, Muinoetako argi margula) lehen eleberriak ekarri zion lehena —Winifred Holtby saria irabazi zuen graduondoko tesia nobelara eramanda—, eta banaka-banaka joan da aitorpenak pilatuz; lan berri bat plazaratu duen aldiro ia. Bada, obra bereziki luzea ez badu ere —zazpi eleberri eta zenbait narrazio bilduma, telebistarako eta zinerako idatzitako gidoiak alboan utzita—, fikzio autore britainiarren artean gehien irakurtzen direnetako bat da egun, eta The Times egunkariaren 50 idazle britainiar onenen zerrendan dago Ishiguro 1989az geroztik.
Nagasakin jaio zen Ishiguro, 1954an, eta, 5 urte baino ez zituela, Japoniatik Erresuma Batura aldatu zen familiarekin. Hala, hasieratik ingelesez osatu du bere obra. Ingeles filologia eta filosofia ikasketak egin zituen Kenteko Unibertsitatean, eta sormen idazketan doktoratu zen hurrengo, East Angliako Unibertsitatean, non Malcolm Bradbury eta Angela Carter idazleak izan zituen irakasle. Orduan hasi zen telebistarako gidoiak idazten eta lehen narrazioak argitara ateratzen; batik bat, gerraondoko Japonia eta nazismoa langai hartuta.
«Memoria, denbora eta autoengainua». Horiek dira Ishiguroren obra zeharkatzen duten ardatzak, eta Suediako akademiak nabarmendu dituenak. Literatur sari gorena jaso duela zabaltzean, Ishiguroren lanen artetik, The Remains of the Day eleberriari jarri diote askok azpimarra. Hark kontsakratu baitzuen idazle gisa, askoren iritziz, 1988an, Booker Prize saria irabazita —Erresuma Batuko literatur saririk prestigiotsuena da—. 1956ko Ingalaterran girotua dago, eta garai hartako zerbitzari ingeles baten istorioa kontatzen du.
1993an zinemara eraman zuen eleberria James Ivoryk, Anthony Hopkings eta Emma Thompson protagonisten rolean jarrita. Nobela nola, filma ere ez zen oharkabean igaro —liburuaren izenburu bera du pelikulak—. Eta orain hurrengo, hark sortutako beste bi istorio ere iritsi dira zinema aretoetara: 2005ean The White Countess eleberria moldatu zuen Ivoryk berak, eta Never Let Me Go Mark Romanek, 2010ean.
Hain zuzen, azken hori da Ishiguroren beste lan goraipatuenetako bat—Booker sarietarako hautagaia izan zen hura ere—. Zientzia fikzioaren generora hurbildu zen autorea lan horrekin; finean, distopia bat da kontatzen dena, Ingalaterrako barnetegi batean dagoen neska gazte baten heziketa prozesuaren bueltan harilkatua.
Austen, Kafka eta Proust
Ishigurok «unibertso estetiko propioa» osatu duela esanez defendatu du idazle britainiarraren aldeko erabakia Sara Danius Suediako Nobel akademiako idazkariak. Honela deskribatu du autorearen estiloa: «Jane Austen eta Frank Kafka nahasten badituzu, Ishiguro daukazu; Marcel Proust apur bat erantsita, betiere».
1980ko hamarraldian narratiba britainiarra berriztu zuen belaunaldiko kidetzat dute kritikariek Ishiguro. Haren belaunaldikidetzat jotzen dituzte, bada, Ian MacEwan, Salman Rusdie, Hanif Kureishi, Julian Barnes, Martin Amis eta Timothy Mo, beste hainbaten artean.
Japonian girotuta daude haren lehen bi nobelak, baina elkarrizketa askotan argitu du idazleak zerikusi gutxi duela bereak Japoniako idazkerarekin. Honela zioen 1991ko elkarrizketa batean: «Beste herrialde horren ideia oso indartsu batekin hazi nintzen, beste herrialde oso garrantzitsu bat zeinarekin lotura emozional oso estua nuen. Ingalaterran, etengabe ari nintzen buruan irudi hori eraikitzen, Japonia imajinario bat asmatzen».
Aurrekoarekin hamar urteko tartea utzita, The Buried Giant (Erraldoi lurperatua) du ibilbideko nobelarik berriena. Erresuma Batuan girotuta dago hori ere, Erdi Aroan, eta iraganeko mamuak dakartza argitara, beste behin ere. «Memoria nola lotzen den ahanzturarekin, historia orainarekin eta fantasia errealitatearekin»; hori goraipatu du Suediako akademiak The Buried Giant ahotan hartzean. «Dekadentzia atzeratzeko modua» bilatzen zuela azaldu zuen idazleak liburua kaleratu berritan.
Musikari bidean zihoan
Jendaurrean sarritan kontatu du Ishigurok kantuak idatzi eta kantautore izateko bidean zihoala berez unibertsitate garaian; «musikari gisa» ikusten zuela bere burua. Kantuen hitzak idazteko lanetan jarraitu du gaur arte. «Halako batean, pentsatu nuen: 'Hau ez naiz ni; ni ez naiz horren elegantea. Ukondoko txataldun txaketa panazkoak eramaten dituzten horietako bat naiz ni'», esana dio The Guardian egunkariari. Esana dauka, era berean, musikak eragin zuzen-zuzena daukala bere idazketan.
Panazko txaketa gabe eta albisteak ezustean harrapatu duela esanez agertu zen Ishiguro, atzo, Londresko bere etxeko lorategian inprobisatutako agerraldian; eta aukera baliatu zuen ohartarazteko arriskuan ikusten dituela munduko «balioak, segurtasuna eta buruzagitza». Nobel sariak «nazioartean jendea batzeko» esperantza ere agertu zuen. «Hein batean, badut esperantza nire obran lantzen saiatu naizen gaiak lagungarri izateko egun dugun klimarako. Herrialde eta nazioek nola oroitzen duten euren iragana eta zenbat alditan lurperatzen dituzten iraganeko oroitzapen deserosoak, horretaz idazten dut. Ez ditut nire memoria pertsonaleko istorioak bakarrik lantzen».
Albistea jakin aurretik, Margaret Atwood kanadarra, Ngugi Wa Thiong'o kenyarra eta Haruki Murakami japoniarra zeuden kinielen buruan atzo goizean. Iaz polemika piztu zuen Literaturako Nobela Bob Dylan musikari estatubatuarrari eman izanak, baina bistakoa da aurtengoak ez duela antzeko ika-mikarik sortuko.
Ishiguroren lanik euskaraz irakurtzerik ez dago gaur-gaurkoz. Ondo bidean, baina, Nobel saridunen lanak itzultzen dituen Zaitegi bekarekin helduko da euskarara idazle britainiarra, hurrengo urtean.
Volver