66 bisita jaso dira
Autoretza:
Nestor Etxebarria Loizate
Zuzendaria:
Luis Angel Fernandez Cuadrado eta Juan Manuel Madariaga Mota
Unibertsitatea:
Euskal Herriko Unibertsitatea
Fakultatea:
Kimika Fakultatea
Saila:
Kimika Analitikoa
Jakintza-arloa:
Kimika
Urtea:
1993
Lan honetan aztertu da Mo(VI), V(V), Nb(V) eta Ta(V) hidrolisia, hau da, metal horiek uretan aurkituz gero ematen dituzten espezieen banaketa bai kontzentrazioaren arabera eta bereziki pH-aren eta indar ionikoaren arabera.
Metal horiek aleazio berezi batzuetan agertzen dira ezaugarri gehigarriak eman ahal izateko. Metalen hondarrak tratatu behar direnean bide hezeen bitartez, funtsezkoa da hidrolisiari dagozkion xehetasunak ezagutzea metal horien errekuperazioa eta berrerabilpena bideratzeko.
Mo(VI)-aren eta V(V)-aren hidrolisia neurri handi batez aurretiaz aztertuta izan denez, abiapuntu nagusia hidrolisiaren espeziazioa modelizatzea izan da, hau da oreka guztien formazio-konstante termodinamikoen balioak ematea eta indar ionikoarekiko mendetasuna koantitatiboki azaltzea.
Horretarako, gure lan-taldean garatutako Bromley-en eredu berriztatua izan da gakoa ereduak landu ahal izateko. Eredu horren bitartez, NaClO4tan eta NaCl-tan bildutako hidrolisiaren oreka konstante guztiak batu eta landu dira 1 < pH < 14 bitartean. Horrenbestez, oreka bakoitzaren formazio-konstante termodinamikoa eta espezie bakoitzaren elkarrakzio-parametroen balioak kalkulatu dira.
Horrez gain, Mo(VI)-aren hidrolisia eta konplexazioa HClO4 eta HCl giro azido kontzentratuan (0.1 M < Cazido < 6 M) aztertu da espektrofotometrikoki. Lan hau aurrera eramateko, indar ionikoa aldagarria izan da halabeharrez beraz, ohiko baliabide grafiko eta numerikoak ebazpen partziala eskaini dituzte hidrolisiaren oreka-konstanteen balioak emateko orduan.
Ebazpen numeriko zehatza lortu ahal izateko SPECA programa garatu behar izan da eta horren xehetasunak tesi honetan ematen dira. Izan ere, SPECA programak datu espektrofotometrikoak tratatzen ditu kontuan izanik absorbatzen duten espezie guztiak, espezie horien masa-balantzeen ekuazioen ebazpena eta ebazpen horretarako baldintza bakoitzari dagokion formazio-konstante estekiometrikoa eta elkarrakzio-parametroen balioak. Kalkuluak iteratiboki hiru maila horietan (absorbantziak, masa-balantzeak, aktibitatea) egiten ditu Levenberg-Marquard-Nash algortimoa erabiliz. Mo(VI)-aren hidrolisi azidoari dagokionez, programa honen bitartez bi espezie kationikoren eta beste bi klorokonplexu kationikoren formazioa zehaztu da.
Azkenik, Nb(V) eta Ta(V) hidrolisia modu potentziometrikoa aztertu izan da. Izan ere, kontuan izanda metal horien hidrolisa oso geldoa dela eta hauspeakinarik gabeko tartea oso estuan aurkitzen zela (10< pH< 12 Nb(V)-ren kasua) erabilitako metodoa balorazio potentziometrikoa-coulombimetriko automaziatua izan da.
UPV/EHU
kimika
kimika_analitikoa
metal_aleazioa
mineralogia