Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean: Egin, Deia, Enbata, Ekaitza, Gara eta Le Journal du Pays Basque

109 bisita jaso dira

Autoretza:

Aitor Zuberogoitia Espilla

Zuzendaria:

Txema Ramirez de la Piscina Martinez

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

Saila:

Kazetaritza

Jakintza-arloa:

Kazetaritza

Urtea:

2003

| Tesi honek euskarak prentsa abertzale elebidun garaikidean daukan presentzia du ikergai. Abiatu, berriz, hipotesi honetatik abiatzen da: prentsa abertzale elebiduna aho biko ezpata da euskararentzat, batetik haren gutxieneko presentzia bermatzen duen bitartean, bestetik garapen kuantitatiboa mugatu eta kualitatiboki bere barne-ahalak taxuz garatzea eragozten diolako.
Ikerketa gauzatzeko metodologia hau baliatu dugu: bide deduktibotik abiatuta, elebitasunari buruzko literatura garrantzitsuena irakurri dugu lehenengo eta behin, egoera elebidunetan hizkuntza gutxituekin zer jazo ohi den azalduko lukeen esparru teorikoa eratze aldera. Behin hori eginda, izenburuan aipaturiko sei kazetak eta haien sorrera-ingurumaria ikertu ditugu, horretarako iturri zuzen eta zeharkakoak baliatuta. Iturri zuzenei gagozkiela, sei kazetak eurak aztertzeaz gain, teknika kualitatibo (focused interview-ak) eta, batez ere, kuantitatiboez (galdetegiak) baliatu gara. Behin kazetei buruzko informazio guztia bilduta, haietan euskarak daukan presentzia ikertu dugu, lagin aleatorio sistematikoa baliatuta. Puntu hauek ikertu ditugu batik bat:
1.- Argitalpen bakoitzaren orri-kopurua eta a) euskara hizkuntza nagusi den orrien ehunekoa b) nola-halako presentzia daukan orrien ehunekoa. 2.- Zeintzuk sailetan agertu ohi diren euskarazko artikuluak. 3.- Euskara, euskal kultura edota euskal gatazkarekin harremanik ba ote daukaten. 4.- Informazio ala iritzi generoetan sailkatzekoak ote diren. 5.- Richard Budden nabarmendura indizearen arabera daukaten garrantzia.
Ondorioak, berriz, hauek dira: euskaraz idatziriko iritzi artikuluek ikertutako kazetetan daukaten garrantzia, hizkuntza normalizatuetan iritzi generoak izan ohi duena baino handiagoa da, eta hori prentsa elebidunean euskara informazio generoan normala baino gutxiago erabiltzen den seinale da; euskarazko artikuluak askotan euskal gaiei buruzkoak dira, eta praktika hori euskara ghettoan hesitzeko modua izan daiteke; ondorio hori berresten du, gainera, euskarazko artikuluak sail jakin batzuetan sailkatzeko joerak; horrez gain, euskarazko idatziek batez beste ez dute garrantzi handirik Budd eskalaren arabera; azkenik, ikerturiko kazetetan euskara beti izan da egoera diglosikoan eta urteak igaro ahala bere presentzia jaitsi egin da azterturiko argitalpen guzti-guztietan.
Hori guztia gogoan, eta dedukziotik indukziora igarota, zera ondorioztatu dugu: prentsa elebidunaren eredua kale itsua da euskararentzat, eta, horregatik hain justu, pertsona eleanitzek osaturiko euskara hutsezko komunikazio esparru autozentratua trinkotzea proposatzen dugu, hizkuntza horren zentraltasuna bermatzeko alternatiba duin bakarra hori delakoan.

Deskriptoreak

Euskal_Herria

UPV/EHU

elebitasuna

zientzia_politikoa

hizkuntzalaritza

kazetaritza

komunikabideak

komunikazioa

prentsa

Tesia