Estrategiak euskararen ikaskuntzan eta irakaskuntzan

126 bisita jaso dira

Autoretza:

Aintzane Etxebarria Lejarreta

Zuzendaria:

Itziar Turrez Agirrezabal

Unibertsitatea:

Deusto. Deustuko Unibertsitatea

Fakultatea:

Filosofia eta Letren Fakultatea

Saila:

Filologia

Jakintza-arloa:

Pedagogia

Urtea:

2007

| Estrategiak euskararen ikaskuntzan eta irakaskuntzan
Gaur egun, hizkuntzen irakaskuntzan nahiz ikaskuntzan, ikaslearen autonomia bultzatzen den aldetik, gero eta garrantzi handiagoa dute ikas-estrategiek. Horregatik, lan honek hiru helburu izan ditu; batetik, ikasleek euskararen ikaskuntzan egiten duten ikas-estrategien erabilera aztertzea; bestetik, irakasleek euren eskoletan ikas-estrategiak lantzen dituzten ikustea; eta azkenik, hizkuntzen irakaskuntzarako egindako materialak behatuz, ikas-estrategiak lantzeko erabiltzen diren ariketak biltzea. Adierazi beharra dago, norbaitek hala pentsa dezakeen arren, lan honen helburua ez dela izan ikas- -estrategien erabilera bultzatzea, eskoletako errealitatea aztertzea eta alor honetan jarraitu nahi dutenei bidea irekitzea baizik.
Aipatutako helburuok lortzeko, sarrera, alde teorikoa, azterketa enpirikoa, ondorio orokorrak eta ikas-estrategiak lantzeko materiala izeneko bost atal nagusik osatzen dute lana.
Sarreran nondik norako nagusien berri eman da (zergatia, antolaketa, metodologia, helburuak, hipotesiak, ondorio orokorrak eta bibliografiari nahiz tipografiari buruzko xehetasunak). Alde teorikoan terminoen zehaztapena egin da; hots, ikaskuntza, jabekuntza, eskurapena, irakaskuntza, ikas-estrategiak eta ikasle ona terminoen definizioa emateaz gain, izenburuan agertu beharrekoak zeintzuk diren zehaztu da. Atal honetatik abiatuta azterketa enpirikoan ikasleei nahiz irakasleei egindako ikas- -estrategien azterketaren berri eman da. Horretarako, bi azterketa-talde (irakasleena eta ikasleena), bi galdetegi (irakasleena eta ikasleena), eta estatistika erabili dira. Azterketa enpirikoan atera diren ondorioak beste ikertzaile batzuek ateratakoekin alderatu eta ondorio orokorrak atera dira. Besteak beste, honako hauek dira aipagarrienak:
Ø Irakasleek eskolan egiten duten ikas-estrategien lanketa eta ikasleek egiten duten ikas-estrategien erabilera ez datoz bat. Ø Ikasleek ez dituzte ikas-estrategiak sarritan erabiltzen. Ø Irakasleek ez dute ikas-estrategien erabilera sarritan bultzatzen.
Bukatzeko, helduak euskalduntzen ari diren irakasleentzat lagungarria izan daitekeen materiala bildu da.
Esan beharra dago, lan honetan egin ez badira ere, ildo bereko beste hainbat ikerketa ere egin daitezkeela; esaterako, motibazioaren nahiz bildutako materialaren eragina ikas- -estrategien erabileran, edota ikasle onen eta gainerakoen arteko aldeak ikas-estrategiak erabiltzeko orduan aztertzea interesgarria izango litzateke.

Deskriptoreak

UD/DU

euskara

euskararen_irakaskuntza

glotodidaktika

pedagogia

soziolinguistika

Tesia