Monesterio antiformako, Zafra eta Jerez de los Caballeros inguruetako, gertaera magmatiko eta tektoniko kanbriarren berreraiketa geometrikoa eta ezaugarritze petrografiko eta geokimikoa (ossa-morena eremua)

26 visitas recibidas

Autoría:

Maider Etxebarria Akaiturri

Director/a:

Luis Egiluz Alarcón, Arturo Apraiz Atutxa

Universidad:

Universidad del País Vasco

Facultad:

Facultad de Ciencia y Tecnología

Departamento:

Geodinámica, Mineralogía y Petrología

Área:

Geología

Año:

2004

| Tesi honen helburua Ossa Morena Eremuko bolkanismo kanbriarraren izaera eta paleoingurunea ondorioztatzea izan da.
Horretarako Monesterio Antiformako Zafra-Nogales eta Jerez de los Caballeros eskualdeak kartografiatu dira 1:10.000 eskalan, egitura nagusiak irudikatuz. Ondoren, produktu bolkaniko eta plutonikoen azterketa petrografiko zehatza egin da, eta azkenik, arroka igneo horien analisi geokimikoa.
Datu horiek guztiek ertz ozeaniko pasibo baina bolkanikoki aktibo baten agerpena adierazten dute Kanbriar garairako, ardatza aztertutako eskualdearen hegoaldean egonik, Ossa-Morena eta Eremu Hegoportugaldarraren mugarekin bat etor zitekeena. Ertz hori Gondwanaren iparraldean kokatuta zegoen eta hedapen tektonikodun erregimenaren hasiera adierazten du, Ozeano Rheikoaren irekidurarekin bukatuko zena.
Zafra-Nogales eskualdeko produktu bolkanoklastikoen azterketa zehatzaren bidez, airepeko edo sakonera oso txikiko ingurunea zela ondorioztatu da, eta bolkanismoa mota zentralekoa zela. Soldatutako ehundurak, xafladura horizontaleko eta geruzapen gurutzatuko zineritek (jausketazko eta surge motako metakin moduan interpretatuak), piroklastoen deformazio plastikoak, glass-shardak, glass-sharden desbeiratzeak, disjuntzio kontzentrikoak metakin piroklastikoetan, akrezio-lapilliek eta egositako azalek metaketa-tenperatura altuak adierazten dituzte, metaketa airepean edo oso sakonera txikian gertatu zela iradokiz.
Bestalde, Jerez de los Caballeros eskualdeko arroka bolkanikoen azterketa petrografikoak ur-azpiko bolkanismoa adierazten du, laba-kolada eta pillow-laben kolada motako metakinez osatutakoa, arrakala motako bolkanismoaren ondoriozkoa, nagusiki. Deskribatu diren metakin bolkanoklastikoek ez dute metaketa tenperatura altuan gertatu izanaren adierazlerik (soldatu gabeko metakinak dira). Eskualde honetan, garrantzitsuagoa da gorputz azpibolkanikoen agerpena, eta horrelakoak iparraldeko eskualdean baino handiagoak eta ugariagoak dira. Intrusioak produktu bolkanikoen ondoren lekutu ziren, eta intrusio basikoak (gabroak) azidoak (albititak) baino lehenagokoak dira.
Metakin bolkanoklastikoen lodiera-aldaketa lateralek lau episodio bolkaniko adierazten dituzte, baita aktibitate bolkanikoa denboran zehar tokiz aldatu zela ere.
Iparraldeko eskualdeko arroka bolkanikoen datu geokimikoen analisiak produktu labikoen segida jarraitua adierazten dute, eta alkalinoa dela (baita intrusio azpibolkanikoak ere), plaka barneko izaera adieraziz.
Hegoaldeko eskualdeko produktu labikoek, aldiz, banaketa bimodala ageri dute; eta plaka barneko izaera alkalinoa edo MORB-T motako subalkalinoa. Gabroek ere MORB-T motako izaera sulbalkalinoa ageri dute. Albititak, aldiz, ozeano-gandorrekin elkartutako MORB motako intrusioekin lot daitezke.
Egitura aldetik, Zafra-Nogales eskualdea osatzen duten materialen egitura nahiko sinplea da, mendebaldean sinklinal batez eta ekialdean antiklinal batez osatutakoa, lokalki alderantzizko faila baten bidez elkartutakoak. Eskualde horretan bi motatako egiturak bereizi dira:
¿ Alde batetik, egitura sinbolkanikoak, faila eta slump sinsedimentarioak (Kanbriarreko estentsio-egoeraren adierazle).
¿ Egitura hertziniarrak (N 30 E norabideko norabide-failak, bereziki).
Jerez de los Caballeros eskualdeko egitura ere sinklinal eta antiklinal batez osatuta dago, funtsean; baina, kasu honetan, gabroen eta albititen gorputz intrusibo ugarien intrusioak konplikatu egiten du egitura hori. Gainera, hegoaldeko eskualde horretan nabarmenki gogorragoak dira hertziniarreko deformazioa eta metamorfismoa (eskistositate sarkorra)

Descriptores

Espainia

UPV/EHU

geologia

paleogeografia

geodinamika

geokimika

petrologia

Tesis