Larratzeari uztearen eragina mendiko larre atlantikoen funtzionamenduan eta landare-dibertsitatean

27 visitas recibidas

Autoría:

Iñaki Odriozola Larrañaga

Director/a:

Arantza Aldezabal Roteta, Gonzalo García-Baquero Moneo

Universidad:

Universidad del País Vasco

Facultad:

Facultad de Ciencia y Tecnología

Departamento:

Biología y Ecología de las Plantas

Área:

Ciencias Naturales

Año:

2016

| Doktore-tesi honek, larratze misto (ardiak, behorrak eta behiak) estentsiboaren abandonamenduak dituen ondorioak aztertu ditu Aralar Natur Parkeko mendiko larre produktiboetan, Euskal Herrian. Aipaturiko herbiboroen larratzea esperimentalki ekiditeko 50 × 50 m2-ko lau itxitura eraiki ziren (esklusio-gunea). Larratze-gune bana ezarri zen esklusio-gune bakoitzaren ondoan, non herbiboroek libreki bazkatzen duten landare-hazkuntza sasoian zehar (maiatzetik azarora).

Larratzeak elikagaien zikloa eta mineralizazioa bizkortu ohi ditu larre emankorretan. Lurzoruaren baldintza fisikoak eta landare-bazkaren propietateak neurtu ziren gune esperimentaletan, ulertzeko larratzeak nola eragiten dien lurzoruko prozesuei. Neurketa guztiak 8-10 urteko larratze-uztearen ondoren egin ziren. Larratzeak larreko elikagaien zikloari eragin zion bazkaren kalitatea hobetuz, eta lurzoruko tenperatura-erregimena zein lurzoruko ur-edukia aldaraziz. Larratzeak lurrean orbela pilatzea ekidin zuen, ondorioz lurraren isolamendua murriztu zen eta tenperaturaren batez bestekoa eta aldakortasuna areagotu ziren.

Ondoren, larratzearen eragina aztertu zen landare-komunitatearen egituran eta landare-dibertsitatean. Herbiboro handien asaldurak landare-dibertsitatearen maila altuak mantentzen ditu larre emankorretan, seguruenik, larratzea ekualizazio-mekanismo gisa aritzen delako, eta, espezie dominatzaileek espezie ahulak lehiaz kanporatzea ekiditen duelako. Espezieen arteko lehia eskala finetan gertatzen denez, eskala fineko ikerketa-diseinu espazialki esplizitua erabili zen. 10 urteko larratze-esklusioaren ondoren, hau da, aurrez zegoen mekanismo ekualizatzaile sendoa epe luzez kendu ondoren, espezie lehiakorrek adabaki espazial handiak sortu zituzten eta lehiaz espezie ahulagoak kanporatu zituzten, horrela landare-dibertsitatea jaitsiz.

Lehiazko esklusio nabarmena gertatzen da larre emankorretan, nitxo-egonkortzea ahula izaten delako (baliagaietan aberatsak baitira). Halere, gune esperimentaletako batean pH-ak aldakortasun handia erakutsi zuen, eta horrek egonkortze sendoa eragin zuen landare-komunitatean. Nitxo-egonkortze kontrajarriak dituzten bi gune esperimental erabiliz, nitxo-egonkortzeak lehiazko esklusioari egiten dion kontrako indarra aztertu zen. Erabilitako teknika estatistikoak, egitura filogenetikodun landare-atributuak (traits) eta espazialki egituratutako lurzoru-aldagaiak konbinatzen ditu, espezie-ugaritasun matrize baten bitartez. Nitxo-egonkortze ahularekin, lehiatze-gaitasun altuko gramineoek (altuak eta lateralki hedatzeko gaitasunarekin) lehiaz kanporatu zituzten zuhaitz filogenetikoaren adar guztietako dikotiledoneoak, ondorioz, galera handia eraginez espezie-dibertsitatean eta dibertsitate filogenetikoan. Aldiz, nitxo-egonkortze ertain-sendoak lehiazko esklusioa ahuldu egin zuen eta, ondorioz, galera txikiagoa izan zen espezie-dibertsitatean eta dibertsitate filogenetikoan.

Amaitzeko, 10 urteko larratze-esklusioak elikagaien zikloa eta mineraliziazioa moteldu zituenez eta, landare-konposizioaren heterogeneotasun espaziala eta dibertsitatea galtzea eragin zuenez, ganadu mistoak (ardiak, behorrak eta behiak) eginiko larratze tradizionala funtsezko faktore ekologikoa da larre atlantikoetako lurzoruaren funtzionamendua eta landare-dibertsitatea mantentzeko.