Ibilbide akademiko-profesionalak prekarizazio estratifikatuaren garaian: meritokrazia auzitan

99 bisita jaso dira

Autoretza:

Harkaitz Zubiri Esnaola

Zuzendaria:

Imanol Zubero Beaskoetxea

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

Saila:

Soziologia

Jakintza-arloa:

Soziologia

Urtea:

2011

| Ikerketa honek meritokrazia jartzen du auzitan. Meritokraziaren diskurtsoaren arabera, meritu indibidualetatik eratortzen da posizio soziala. Aitzitik, ikerketa honek bestelako ikuspegi bat darabil: meritu indibidualen argumentua eraginkorra da hierarkia soziala ekoizteko, neurri handi batean ahalbidetu egiten baitu indibiduoak horren arabera saritzea eta zigortzea, ustezko merituetan oinarrituz indibiduoei posizio sozialak esleitzeko, baina meritu horiek ez dira soilik indibidualki egiten, aukera berdintasunik ez dago, joko arauak ez dira neutralak, ebaluazio irizpideak ez dira objektiboak, dinamika hauek ez dute justiziarekin batere zerikusirik, botere harremanak eta gatazka dira ardatz.
Ibilbide akademiko-profesionalak aukeratu ditugu hori guztia ikertzeko eremutzat. Ibilbidea nolakoa, hein batean halakoa izango da norbanakoaren posizioa. Meritokraziak dio meritu indibidualek jartzen dutela norbanako bakoitza bere lekuan eta, gainera, horrela egitea guztiontzat ona dela, norbanakoak ahalegintzera bultzatzen dituelako eta sozialki baliabide potentzial guztien erabilera sustatzen dituelako.
Alta, ikerketa honek posizio sozialak analizatzeko beste eredu bat proposatzen du, hain zuzen lau erakunde sozialen arteko etengabeko negoziazioaren eredua, beti ere ibilbide akademiko-profesionalak erreferentziatzat hartuta. Lau erakundeak honakoak dira: norbanakoa, familia, hezkuntza sistema eta enplegua. Baina, gure hipotesiaren arabera, erakundeen artekoa ez ezik erakunde bakoitzaren baitako negoziazioa ere funtsezkoa da. Izan ere, ikerketa honen ikuspegiaren arabera, gatazka da ibilbide akademiko-profesionalak artikulatzen dituen indarra. Posizio-hartze taigabeen eremua da. Horrela eraikitzen da hierarkia eremu honetan.
Ez ditugu ibilbide akademiko-profesionalak oro har aztertu. Garai eta leku zehatz bat dira ikerketa honen kokalekua: Gipuzkoan jaiotakoen artean gaur egun hogeita hamar urteren bueltan dabiltzanen ibilbideak analizatu ditugu. Une historiko berezi bat hezurmamitzen dute. Trantsizio sozio-kultural baten erdian gaude. Horixe islatzen da ibilbide akademiko-profesionaletan. Mikropolitikaren eremuan jokatzen dira makropolitikaren kartak. Ikertu ditugun ibilbideek zerikusi txikia dute beren gurasoen ibilbideekin. Familia, hezkuntza sistema eta enpleguaren mundua ez dira lehengoak. Aldaketak, noski, ez dira zerutik erori.
Lan teorikoa eta enpirikoa uztartu ditugu ikerketa honetan. Batetik, ikertzaile eta saiogile esanguratsuen ekarpenak izan dira ikerketaren erreferentzia teorikoa. Bestetik, elkarrizketa sakonaren teknika erabiliz egin dugu lan enpirikoa. Bigarren mailako datu kuantitatiboak aintzat hartu ditugu, baina hobetsi egin dugu ikuspegi kualitatiboa, aztergai dugun fenomenoaren sakonera analizatzea baita ikerketa honen xede nagusia. Kontu handiz ibiltzen saiatu gara determinismora, mekanizismora eta gehiegizko orokortzera eraman gaitzaketen arriskuak ekidin nahian. Testuinguru sozial oso konplexu baten aurrean gaudela aintzat hartuz, biak islatzea izan dugu helburu: ibilbide akademiko-profesional garaikideen joera nagusiak eta ibilbideen espektro zabala. Biak aztertu nahi izan ditugu, ezaugarri partekatuak eta aniztasuna, hala homogeneizazioa nola diferentziazio prozesuak.
Ezberdinkeria ekoizten duten mekanismoak aztertzea eta, ahal den neurrian, mahaigaineratzea baliagarria izan daiteke prozesu sozial hauek epaitzeko eta eraldatu nahi ditugunetz erabakitzeko.

Deskriptoreak

Euskal_Herria

UPV/EHU

hezkuntza

lana

soziologia

talde_sozialak

estratifikazio_soziala

Tesia