Euskarazko murgilketa haur hezkuntzan: euskara-gaztelania elebitasunaren azterketa. Ahozko ipuinen analisi diskurtsiboa eta didaktikoa

101 bisita jaso dira

Autoretza:

Ibon Manterola Garate

Zuzendaria:

Joaquim Dolz Mestre eta Itzar Idiazabal Gorrotxategi

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Letren Fakultatea

Saila:

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak

Jakintza-arloa:

Hizkuntzalaritza

Urtea:

2011

Hizkuntza:

Frantsesa

|

Tesi honetan etxetik gaztelaniadun izanda murgilketa bidez euskaraz eskolatutako haur hezkuntza bukaerako ikasleen euskara eta gaztelania gaitasunak aztertzen dira. Murgilketa bidezko eskolatzea ikertzerakoan egin izan diren galderarik funtsezkoenetarikoak ditugu helburu (Gajo, 1999). Gure kasuan, zehazki: zer-nolako elebitasuna lortzen dute etxetik gaztelaniadun izan eta euskaraz eskolatu diren ikasleek? Edo, etxekoa ez den hizkuntza eskolatuta, ikasleek lortzen al dute eskolako hizkuntza eta etxekoa, biak garatzea? Ba al dago alderik bi hizkuntzetan lortzen diren gaitasunen artean? Galdera sorta hau, tesi honetan, haur hezkuntzaren azken ikasturtera (5-6 urte) mugatu dugu eta tesiaren datu enpirikoak ikasleek ahoz ekoiztutako ipuinek osatzen dituzte.

Euskarazko gaitasunei dagokienez, hiru kasu edo hiru testuinguru soziolinguistiko-didaktiko erkatu dira. Bi kasu etxetik erdaldun izanik ingurune soziolinguistiko erdaldunean bizi diren eta murgilketa bidez eskolatu diren ikasle talde berari dagozkio (H2 taldea deituko duguna). Talde honetako ikasleek ahozko ipuin-kontaketa lantzeko egindako jarduera didaktiko ezberdinak dira bi kasuak bereizten dituena: ulermen jarduerak eta taldekako ekoizpen apenas erregulatu gabeak lehen kasuan, eta ipuinen alderdi diskurtsibo zehatz batzuen lanketa bigarren kasuan. Eta hirugarren kasua etxetik euskaldun izan, ingurune euskaldunean bizi eta euskaraz eskolatu direnena da (H1 taldea deituko duguna). Gaztelaniazko gaitasunen analisia H2 taldera mugatzen da tesi honetan.

Ikasleek ahoz ekoiztutako ipuinen diskurtso analisia Bronckarten (1996) testu-arkitekturaren eredua jarraituta egin dugu, eta hiru izan dira aztertutako alderdiak: autonomia narratiboa, ipuinen planifikazioa eta testu-antolatzaileen ekoizpena.

Euskararen ahozko kontaketa gaitasunei dagokionez, garapen maila aurreratuenak euskara H2 taldeko bigarren kasuan topatu dira, euskara H1 taldekoen maila gainditzeraino. Bigarren kasu honetan ikasleek ahozko ipuina lantzeko egindako jarduerek azalduko lukete euskararen garapen maila aurreratua. Euskara H2 taldeko ikasleen gaztelania H1eko kontaketek ere hizkuntza gaitasun aurreratuak islatzen dituzte eta emaitza hauek erakutsiko lukete murgilketa bidez euskara H2an eskolatzeak gaztelania H1en ikaskuntza ere bermatzen duela.

Tesiaren ondorio nagusienetako bat da murgilketa bidezko elebitasuna aztertzerakoan eskolaz kanpoko faktore soziolinguistikoez gain, edo eskola barruko faktore didaktiko orokorrez gain (eskolatze hizkuntza, adibidez), osagai didaktiko zehatzagoak ere kontuan hartu behar direla (gelan egindako jarduera motak, esaterako).

Deskriptoreak

UPV/EHU

elebitasuna

haurrak

hizkuntzaren_didaktika

psikolinguistika

hizkuntza-irakaskuntza

nazioarteko_tesia

nazioartekoa