Euskal nazioalismoa eta nazio lurraldea

84 bisita jaso dira

Autoretza:

Julen Zabalo Bilbao

Zuzendaria:

Ander Gurrutxaga Abad

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Letren Fakultatea

Saila:

Geografia

Jakintza-arloa:

Geografia politikoa

Urtea:

1993

| Izenburuak berak laburbiltzen du gaiaren edukia; alegia, harremanetan ipintzea euskal nazionalismoa eta nazio lurraldea. Edo beste modu batera esanda: nola ulertzen duen euskal nazionalismoak naziotzat hartzen duen lurraldea. Eta hori dena Geografia politikoaren barruan, horixe baita lana egiteko harturiko esparru akademikoa.
Horretarako, lehenengo, banan-banan aztertzen dira elementu guztiak: nazionalismoa, lurraldea eta Euskal Herria.
* Nazionalismoari dagokionez, mugimendu politiko gisa aurkezteko ahalegina egiten da, horrek bere jokaeraren hainbat ergibide ematen digu eta. Horrek esan nahi du mugimendu horretako eragile politikoek, egoeraren eta testuinguruaren arabera, lehentasuna eman ahal dietela faktore politikoei, eta ez nazio ikuspegiari.
* Lurraldeari dagokionez, eragina ipintzen da nazionalismo baten barruan lurraldea xedatzeak duen garrantzian.
* Eta Euskal Herriari begira, azkenik, zazpi herrialdez osaturiko nazioa aztertzen da, horrek duen inplikazioa kontuan hartuta. Lanak nazioaren maila orokor hori hartzen du aztergaitzat, eta ez da sartzen, ondorioz, nazio barruko xehetasunetara; hala nola, herrialdeak aztertzea, eta abar.
Banan-banan aztertu ondoren, konbinatu egiten dira elementuak:
* Nazionalismoa eta lurraldea batzean, nabarmentzekoa da nazio-estatuak lurraldeaz egiten duen erabilera, nazioaren mugei izaera sakratu antzera emanez. Arrazoi horrexegatik, nazionalismo biren arteko talka gertatzen denean, oso zaila da konponbidea, biek norberarenatzat jotzen baitute lurralde hori, eta gatazka gertatu ohi da askotan.
* Euskal nazionalismoa aztertzean, oso kontuan hartzekoa da herrialdeka eduki zuen garapen desberdina, gaur ere eragina baitu, bai hedapen mailan eta bai nazionalismo motan. Era horretara, hiru gune bereiz daitezke Euskal Herrian euskal nazionalismoaren indarraren arabera: erdigunea, Bizkaia eta Gipuzkoaren inguruan; erdi aldea, eremu zabala erdigunetik urrundu ahala; periferia, erdigunetik urrunen geratzen dena, eta euskal nazionalismoaren mezua zailen heltzen dena.
Lurraldea eta euskal nazionalismoa batzean, azkenik, bi maila bereizten dira. Alde batetik, lurraldeak euskal nazionalismoan eduki duen eragina. Puntu honetan, nabarmendu behar da maila teorikoan arraza edo hizkuntza hobetsi arren, praktikan euskal nazionalismoak lurralde irizpidea jarraitu duela. Horrek esan nahi du, euskal herritartzat bere lurraldean bizi zen oro jo izan duela, beste herritarrei kidetasun hori ukatu gabe, teorian arraza edo hizkuntzarekin egin zezakeen bezala. Beste aldetik, euskal nazionalismoak hartzen duen lurralde aukera aztertzen da. Bestelako aukerak egon daitezkeen arren, euskal nazionalismoaren helburu estrategikoa independentzia da, eta horrekin batera, osagarria batzuentzat, edo ia ordezkoa besteentzat, Herrien Europa agertzen da. Aukera horien gainean hainbat gogoeta egiten da.

Deskriptoreak

Euskal_Herria

UPV/EHU

geografia

geografia_politikoa

geografia_soziala

giza_geografia

nazionalismoa

politika

Tesia