Eskolako hizkera ereduaz, euskara batuaren eta euskalkiaren arteko harremanen testuinguruan

100 bisita jaso dira

Autoretza:

Julian Maia Larretxe

Zuzendaria:

Pello Salaburu Etxeberria

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Letren Fakultatea

Saila:

Euskal Filologia

Jakintza-arloa:

Hizkuntzalaritza

Urtea:

2000

| Bibliografiari eta eranskinei emaniko atalak kenduz gero, bost kapitulu ditu tesiak.
Lehenbizikoan euskara batua eta haren bilakaera aztertzen dira: hizkuntza eredu estandarra eraikitzeko prozesuan gatazkak ohikoak direla adierazirik lehenbizian, jarraian hainbat iritzi eta gogoeta erakusten dira hizkuntza eredu horren sorreraz eta bilakaeraz (zein euskalki izanen diren haren oinarrian, zein tradiziotan oinarria eta garapen bidea, zein kodetan edo jardueratan erabiltzeko den eredu hori,¿). Horrekin batean, euskara batuaren izaeraz edo kontzepzioaz ere gogoeta egiten da (ereduaren ulerkera zabala eta irekia vs ulerkera meharra eta hetsia), tartean beste kontzeptu baliagarri batzuk ere aipatzen direla (euskara batu soziologikoa bereziki garrantzitsua iduritu zitzaigun tesia egin zen garai hartan, euskara batu formalari kontrajarria ¿Salaburu, 1994-).
Bigarren kapituluak izenburua Euskara batua eta euskalkia (bizkaiera) du. Hartan, euskara batuaren eta euskalkiaren arteko harremanak aztertzen dira, kronologikoki, jendartean agerturiko iritziak harturik lekuko. Hiru garai bereizi ditugu hondarrean: gatazka biziko denbora (1968-1982), igarotze aldia (1982-1988) eta elkarren osagarritasuna bilatzen den denbora (1988tik honat). Dituen ezaugarriengatik bizkaiera izan baita gatazka gogorrenik bizi izan duena, mendebaleko jendartearen jarrera aztertu genuen, eta ondorioz lau ekimen ildoren seinaleak agertu zitzaizkigun: a) bizkaieratik baturako ekarpena ugaritzeko joera; b) euskalkiari bere esparrua bilatu nahia jendarteko harremanetan; c) bizkaieradunen bizkaierarekiko atxikimendua indartzeko ahaleginak, tartean delarik hainbatek duten konplexuaren kontrako borroka; d) kritikak erakundeei, laguntza gutxiegi ematen dutelako. Kapitulu horretan berean jendarteko eragileek nolako jarrera erakusten zuten ere aztertu nahi izan genuen; bereziki garrantzitsua iduritzen zitzaigun Euskaltzaindiaren jarrera arakatzea. Azkenik, eskolan nola jardun erabakitzeko orduan gutxienez bi gogoeta-bide kontuan hartu behar direla uste dugu: bat, nolako hizkuntza-ezaugarriak dituzten bizkaiera izenaren azpian sartzen diren azpieuskalki guztiek, eta bi, soziolinguistikaren ikuspuntutik, ea eskualde bakoitzean zenbat hiztun diren zinetan euskalkian mintzatzen direnak, gure ustez horrek ere lagundu behar baitu erabakitzen nola ari ikastetxeetan.
Hirugarren kapituluan eskolaren eta dialektoen gainean jardun genuen. Eskematikoki bi jarrera antzematen dira: dialektoei ez-ikusia egiteko joera, eta haiek onartzekoa. Gaiaren inguruko gogoeta bat erakusten dugu, kontuan harturik ardatz batzuk: a) eskolaren zeregina eta funtzioak zein diren; b) irakaslearen prestakuntza eta jarrera; c) ikasleen jatorrizko ezaugarri linguistikoak; d) arrazoi politiko-ideologikoak eta arrazoi didaktikoak; e) euskal hizkuntzak dituen aldaera edo eredu desberdinak (euskara batua, euskalki literarioa, eskualdeko berbeta, herrian herriko hizkera); f) material didaktikoa. Horren guztiaren ondoren, gure aukeren araberako proposamena aurkeztu genuen. Horretaz gainera, kapitulu honetan Euskal Herrian eskolan zer hizkuntza-eredu landu behar den berton egin diren proposamenen bildu-lan bat egin genuen, euskara batuaren sorreratik hasita.
Laugarren kapituluan, berriz, aurreko kapituluetako iritzi biltze-lana eta gogoeta teorikoa egin ondoren, azterketa enpirikoa egin genuen, Gernika aldean (bizkaieraren eremuan) eta Lesakan eta Beran (Nafarroako Bortzirietan). Ikusi nahi genuen ingurune euskaldun batzuetako ikastetxeek nola tratatzen zituzten de facto inguruko euskalkiaren ezaugarriak, kode idatzian. Hipotesia zen ez zirela ontzat emanen herriko euskararen hainbat ezaugarri, eta haien ordez beste aukera batzuk proposatuko zirela. Emaitzek baieztatu egin zuten hipotesia, neurri batean. Ondorioen artean honako hauek aipa daitezke: a) euskara batuaren mugak ez ziren garai hartan behinik behin oso argi markatuak, irakasleen batez besteko jardunean; b) herriko euskararen ezaugarri

Deskriptoreak

UPV/EHU

eskola

euskara

haurrak

hezkuntza

soziolinguistika

hizkuntzalaritza

pedagogia

Tesia