Ergatiboen jabekuntza: ikerketa experimental bat eta beraren emaitzak

89 visitas recibidas

Autoría:

Maider Huarte Abasolo

Director/a:

Itziar Idiazabal Gorrotxategi eta Cecile Mckee

Universidad:

Universidad del País Vasco

Facultad:

Facultad de Letras

Departamento:

Lingüística y Estudios Vascos

Área:

Lingüística

Año:

2007

| Euskararen jabekuntza aztertu dutenek ergatiboaren jabekuntzarekin arazo bat dagoela iradoki dute: elebakarrak edo elebidunak izan, haurrek hilabete gutxi batzuk behar dituzte kasu marka hau modu emankorrean erabiltzeko. Tesi honek, berriz, ulermen froga batean oinarrituta, haurren sistema gramatikala, ergatiboari dagokionez behintzat, hasieratik guztiz osatuta dagoela iradokitzen du.
Ergatiboaren jabekuntza ustez berantiar hau azaltzeko, bi hipotesi proposatu izan dira: hedatuenak sintaxiari leporatzen dio haurrek ergatiboarekin duten balizko zailtasuna (Barreña 1995, eta ondorengo lanak; Ezeizabarrena eta Larrañaga 1996; Elosegi 1996, 2000; Byrnes Austin 2001, 2007). Honen arabera, haurrak modu mailakatuan jabetuko lirateke euskaraz kasuak ezartzen dituzten proiekzio funtzionalez (cf. jabekuntza mailakatuaren hipotesia; Radford 1986 eta geroko lanak). Fonologian oinarritutako bigarren hipotesiak iradokitzen du ergatiboaren ekoizpena testuinguruak baldintzatuta egon daitekeela (Elosegi 1996): haurren datuetan, gehiagotan ekoizten da ergatiboa bokal artean edo ekoizpenaren amaieran badago, kontsonante aurrean badago baino.
Nolanahi ere, interpretazio biek dituzte arazoak. Alde batetik, hipotesi sintaktikoak nekez azaldu dezake haurren arazoak ergatiboarekin lotuta baino ez egotea. Zergatik izan beharko litzateke zailagoa ergatiboaz jabetzea absolutiboaz edo datiboaz jabetzea baino? Gainera, hipotesi honek ezin du haurrek egiten dituzten akatsen azalpenik eman. Gehienetan, kasu markarik gabe uzten dute sintagma baina ez dute sintagmari ez dagokion kasu marka bat erabiltzen beharrezkoa litzatekeenaren ordez, proiekzioak finkatu barik baleude esperoko genukeen bezala. Beste alde batetik, hipotesi fonologikoa indartuko lukeen argudiorik ere ezin dugu aztertutako korpusetan bilatu. Ikusi beharko genuke haurrek arazorik duten ¿k fonemarekin osatutako beste morfema batzuekin: plurala (-k), partitiboa (-rik). Baina tankera honetako adibide gutxi agertzen dira haurrek ergatiboa modu emankorrean erabiltzen ez duten aro horretan, eta, beraz, ezinezkoa da konparaketa egitea.
Ikerketa lan honetan, 66 haur elebidunekin egindako ulermen froga baten emaitzak plazaratzen dira. Haurrak hiru adin taldetan daude banatuta: 2;04tik 2;09ra bitarteko 24 haur aztertu dira; 2;09tik 3;03ra bitarteko 21 haur; eta 3;04tik 4;01ra bitarteko beste 21 haur. Haurrei hiru estimulu mota eman zitzaizkien: esaldi motak eskatzen zuen bezala ergatiboarekin markatutako estimuluak; haurrek egiten dituzten hutsetan gertatzen den bezala, ergatiboaren ordez absolutiboarekin markatutako estimuluak; eta azkenik, ¿l sasimorfemarekin markatutako estimuluak. Estimulua entzun ondoren, lau marrazkiren artean aukeratzeko eskatu zitzaien.
Ulermen froga honetatik hiru ondorio nagusi ateratzen dira: batetik, ekoizpenean gertatzen denak iradokitzen duenaren kontra, testuinguruari dagokion kasu marka ez agertzeak ulermena eragozten du. Bestela esanda, haurrei emandako estimuluak ergatiboarekin markatuta egoteak erraztu egiten du marrazki zuzena aukeratzeko lana. Bigarrenez, haurrek ulermenean kasu marka bakoitzari dagokion testuingurua bereizten dutela erakusten da. Eta hirugarren ondorioa, eta beharbada garrantzitsuena, ergatiboa modu helduan erabiltzen ez duten haurrek kasu hau hitzen jarioaren ulermenean erabiltzeak haurren sistema gramatikala osatuta dagoela pentsatzeara garamatza. Hortaz, kasuak ezartzen dituzten proiekzio funtzionalak piztuta eta ondo finkatuta daude uste baino lehenagotik. Azkenik, ekoizpen eta ulermen mailen arteko jauzia Levelten (1989) Ekoizpen ereduan oinarrituta azaltzea proposatzen dut.

Descriptores

UPV/EHU

euskara

fonologia

haur_lengoaia

hizkuntzalaritza

psikolinguistika

sintaxia

Tesis