Egiturazko kasuaren erkaketa euskaraz

176 bisita jaso dira

Autoretza:

Beatriz Fernandez Fernandez

Zuzendaria:

Jon Ortiz de Urbina

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Letren Fakultatea

Saila:

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak

Jakintza-arloa:

Hizkuntzalaritza

Urtea:

1997

| Doktore tesi honen ikergai nagusia euskararen ergatibotasuna da. Egileak Egitasmo Minimalista (Chomsky 1993) hartzen du abiapuntutzat eta hiru eremu enpiriko arakatzen ditu: subjektuen izaera, datibo kasua eta Ergatibotasun Erdibitua.
Kasu sistema ergatiboa, kasu sistema nominatibo/akusatiboa ez bezalakoa da, predikatu iragankor eta iragangaitzeko subjektuak kasu ezberdinekin markatzen baititu: iragankorreko subjektuak ergatibo kasuarekin eta iragangaitzekoak absolutibo kasuarekin, osagarriak bezalaxe. Bobaljik (1993) eta Lakari (1993) jarraituz, egileak proposatzen du ergatiboa iragankorreko subjektuen kasua dela (baina ikus Murasugi 1992 beste proposamen baterako).
Egitasmo teoriko honetan, egiturazko kasua Komunztadura buruen espezifikatzaile gunean erkatzen da. Egiturazko irizpide hau ikusi egiten da euskaraz ergatibo eta absolutibo komunztadura agerikoa baita. Bada, Inflexioak datiboekiko komunztadura ere erakusten duenez, euskal datiboa egiturazko kasutzat hartzen du egileak (cf. Cheng & Demirdache 1993, López & Austin 1995). Hipotesi honek Chomskyren (1993) bidezidor gurutzatuen arazoa handitzen du eratorpenean hirugarren IS-mugimenduaren bidezidorra gaineratuz.
Nolanahi ere den, egileak defendatutako proposamenean, izatez arazorik ez dago. Izan ere, absolutibo kasua zilegiztatzen duen buru funtzionala egituran beherago dago subjektuaren jatorrizko gunea baino, i.e. absolutiboa AS-azalen arteko espezifikatzaile funtzional batean erkatzen da. Hipotesi hau independenteki formulatu da Collins & Thrainssonen (1993) lanean.
Honetaz gain, euskarak Ergatibotasun Erdibituaren (Dixon 1994) bi erakusgarri ditu: bietatik bat predikatuaren izaera semantikoan oinarriturik dago eta bestea ISen izaera semantikoan.
Predikatuaren izaera semantikoan oinarrituriko erdibiketa epifenomenotzat jotzen da: predikatu inergatiboak itxuraz baino ez dira salbuespen, Egitura Lexiko Erlaziozkoan (Hale & Keyser 1993) iragankorrak direla uste bada. Osagarria hiztegian inkorporatzen bada, predikatuak iragangaitza balitz bezala jokatzen du sintaxian eta bere argumentu sintaktiko bakarrak absolutibo kasua jasotzen du. Aldiz, osagarria hiztegian inkorporatzen ez bada, orduan sintaxian ikusgarria da (gerora inkorporatuko da Forma Logikoan), eta predikatuak iragankorki jokatzen du, ergatibo kasua ezarriz.
Erdibiketa uztartu vs. askeak (Dixon 1994) ISen izaera semantikoekin du zerikusia. Iraganean, lehen eta bigarren pertsonako subjektu ergatibodunek absolutibo komunztadura aurrizkia erakusten du aditz laguntzailean, osagarria hirugarren pertsonakoa bada. Konfigurazio hauei dagokienez, egileak proposatzen du iragankorreko subjektuak ez dituela bere tasunak erkatzen bide kanonikoan. Oso bestela, subjektua absolutibo komunztadura gunera mugitzen da batetik eta bestetik, ergatibo kasu gunera. Bestalde, absolutibo argumentuak bere kasua baino ez du erkatzen (pertsona komunztadura tasunik ez, ordea). Egileak I-tasunen erkabide erdibitua deritza honi.

Deskriptoreak

UPV/EHU

euskara

hizkuntzalaritza

hizkuntzalaritza_sinkronikoa

sintaxia

azterketa_sintaktikoa

Tesia