Boteretik eraginera: mekanismoak eta prozesuak Leitzarango eta Urbina/Maltzagako liskarretan

376 bisita jaso dira

Autoretza:

Mario Zubiaga Garate

Zuzendaria:

Pedro Ibarra Güell eta Iñaki Barcena Hinojal

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

Saila:

Politika Zientzia eta Administrazioa

Jakintza-arloa:

Politika

Urtea:

2008

| Doktorego tesian bi liskar ikertu ditugu sakonki: Leitzarango autobiaren ingurukoa eta Urbina/Maltzagako errepide-ardatzari buruz piztutakoa. Euskal mugimendu ekologista izan dugu aztergai, bere diskurtsoak, antolaketak, protesta moduak, jarduera motak¿ eta baita bi liskar horietan hautatutako eredu estrategikoak ere.
Hala, gizarte mugimenduen jarduera kolektiboa hiru ereduen arabera burutzen dela ikusi dugu: botere, eragin eta identitate-paradigmen arabera, alegia.
Gainera, mobilizazio prozesua beste prozesu zabalagoekin lotu dugu, demokratizazioarekin eta nazio eraikuntzarekin (nation building), hain zuzen. Izan ere, bi prozesu oldartsu zabal horiek, botere-eredutik eragin-eredura doan ibilbidean garatzen dira. Boteretik eraginerako jauzi hori mobilizazioan zehar pizten diren mekanismo eta prozesu ezagun batzuen bitartez uler daiteke.
Euskal Herrian azken hamarkada hauetan bizi izan dugun protesta zikloan naziogintza eta demokratizazioa egon dira jokoan, eta mugimendu ekologistak bultzatutako liskarretan ¿Leitzarangoan eta Urbina/Maltzagakoan, besteak beste¿ oso argi islatu dira bi oldarraldi zabal horiek. Neurri batean, liskar ekologista horiek izaera alegorikoa izan baitute: bertan jokatu da euskal demokratizazioa, bertan gauzatu da naziogintzaren inguruan piztu den lehia hegemonikoa.
Tesian Leitzarango eta Urbina/Maltzagako errepide egitasmoen inguruan piztutako ekintza kolektiboa aztertu dugu. Esan bezala, liskarraldi zehatz horietan bildutako eragileek landu zituzten diskurtsoak, protesta ekintzak, estrategiak, errebindikazioak eta osatutako identitate kolektiboak, besteak beste, aztergai izan ditugu. Liskarraldi zehatz horien eta oldarraldi zabalagoen arteko lotura, eta lotura honen izaera, gatazkaren nondik norakoak jarraituta ulertzen saiatu gara. Dena den, Leitzarango eredua eta Urbina/Maltzagakoa, gai horri dagokionean, arras desberdinak izan dira. Tresna partehartzaileen mugak, protesta tresnen kontraesan eta menekotasunak agerian geratu zaizkigu liskar batean zein bestean. Bien arteko alderaketa egin baitugu, mobilizazioaren mekanismo eta prozesuak konparatuz.
Gatazka, protesta, jarri ditugu analisiaren erdigunean. Gure ustean, gatazka agonistikoa, ¿hitza baino gehiago, gerra baino gutxiago den hori¿ izango da boteretik eraginera igarotzeko bidearen, demokratizazioaren eta honekin uztartuta dagoen naziogintzaren giltzarria. Hots, gizarte mugimenduen jarduera kolektiboaren eremu berariazkoa.
Izan ere, politikagintza sareetan dagoen indar-oreka aldatzera datorren heinean, gatazkarik gabe ez baitago demokratizaziorik. Botere-ereduan saiatzen diren gizarte mugimendu liskartsurik gabe nekez egingo da aurrera demokratizazioaren ibilbide amaigabean. Kontraesanak kontraesan.

Deskriptoreak

Euskal_Herria

Leitzaran

Maltzaga

UPV/EHU

Urbina

filosofia_politikoa

herri_mugimendua

soziologia_politikoa

zientzia_politikoa

Tesia