Axularren prosa erretorikaren argitan

179 bisita jaso dira

Autoretza:

Patxi Salaberri Muñoa

Zuzendaria:

Jon Kortazar Uriarte

Unibertsitatea:

Euskal Herriko Unibertsitatea

Fakultatea:

Letren Fakultatea

Saila:

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak

Jakintza-arloa:

Literatura

Urtea:

1997

| Axularren Gero liburuaren funtzionamendua ezagutzeko kezkan du bere jatorria tesi honek. Halere, gure klasikoen irakurketarako erabili izan diren parametro linguistiko hutsetatik gaindi, ikerlanak Axularren obra ikuspuntu literarioenetik aztertzea izan zuen helmuga.
Erabakiak, jakina, obraren planteamendu estetikoaren funtzionamenduaz galdetzera eraman gintuen lehendabizi. Eta jarraian, noraino mintza gintezkeen literaturaz eta estetikaz alde guztietatik xede eta izaera zeharo erlijioso-pragmatikoa erakusten zuen hartan planteatu zitzaigun.
Oro har, ikertze-lana bidera zezaketen irizpide nagusia eta giltzarria Axularren obraz egindako errezepzioan eta bestelako argumentu historiko-literarioetan oinarritutako hipotesian zeutzan batik bat. Izan ere, Axularrez ezagutzen genuen guztiak haren idazteko modua eredu erretorikoetan oinarritzen zela pentsatzera bulkatzen gintuen eta horrela planteatu genuen lan honen hasierako hipotesia.
Ikerlanean, hortaz, Axularrek jarraitutako bide erretorikoetatik barrena abiatzea, eta, hein batean bederen, haren prosaren aldamio-egitura berreraikitzea eta agerian uztea izan genuen erronka.
Ibilaldi hartan Erretorikaren lehendabiziko hiru atal kanonikoetan eman izan ziren urratsak, hau da, prosaren sorkuntzarekin zerikusi estua dutenetan hain zuzen: inventiotik hasita elocutioraino, dispositiotik iraganik, baina ahaztu gabe, noski, actio delakoak ere izan zezakeela eraginik haren prosan.
Ondorio gisara, zinez esan daiteke egiaztaturik geratu dela hasierako hipotesia, ikuspuntu erretorikoa suertatu baita Gero guztian izaera aszetikoko mezua taxutzeko erabili den ezaugarri azpimarragarriena, hala planteamendu formalari dagokionez nola prosaren tratamenduari. Ildo horretatik, urdazubiarrak darabilen formulazio erretorikoa, urte haietan gazteleaniaren esparruko oratoria eklesiastikoan teorizatzen zenarekin tinko lotua dago eredu nagusietan, ohikoak ziren ezaugarriak Axularrek ongi jasotzen jakin izan zuelarik, hala nola gaia, argumentazio mota, egituratze eredua, exenpluak, irudiak, etab. Nabarmentzekoa da, era berean, nola heldu zion latinezko tradizioko erretorika eklesiastikoari funtsezko baliabideetan eta nola egokitu eta erabili izan zituen garrantzizkoenak, betiere ahozkotasunaren ikuspuntu orokortzailea eskura zuelarik.
Baina Axularrek eredu horietarantz jo izan badu ere, betiere jo du euskal baliabide morfo-sintaktikoak, semantikoak eta kulturalak egokiro baliatzen. Guztietatik, alabaina, ahozkotasunaren fenomenotik hurbil dauden baliabideak dira Geron agerikoenak eta, nola ez, entzungarrienak. Esan gabe doa, estilistikaz honatago ere, elementu foniko-erritmiko horiek ezin aproposago bihurtu zirela honelako testu suasorio baten tratamenduan, batik bat garaiko irakurlea ahozkotasunaren parametroetara ohitua zela ahazten ez bada.
Literario bihurtuaz joango zen prosaren finkapen-prozesuan, beraz, Axular aurkitu dugu hizkuntz egokitzaile, moldatzaile eta, dakigunaren arabera, egiazko sortzaile. Eta berriegia ez bada ere Axularren obrak dakarren tematika, egia da euskaraz bizi zen gizarteari itxura berrian aurkeztu ziola mezu tridentiarra, bitarteko erretorikoak egokiro zerabiltzan prosa berezian, hain zuzen. Eta "berezia¿ diogu, laua eta, aldi berean, erritmikoa delako darabilen hizkuntza, arazorik gabekoa, ornatu errazekoa, mezua ongi ulertarazten duena, eguneroko ""arruntasunetik"" hurbila, sintaktikoki zuzena eta lexikoaren aldetik ere argia eta ez polisemikoa delako eta maila afektiboan ere irakurlearen hunkipena eta jarrera aldaketa efektiboa ahalbidetzeko modukoa.
Tesi-lana hori guztia frogatzen, demostratzen eta erakusten saiatu da.

Deskriptoreak

UPV/EHU

erretorika

euskara

hizkuntzalaritza

hizkuntzalaritza_sinkronikoa

literatura_kritika

literatura

sintaxia

Tesia