Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Zainketen esperientzia Europan: jarrerak, esperientziak eta igurikimenak iraupen luzeko zainketetan

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

'Espainiako iraupen luzeko zainketen inguruko jarrerak, esperientziak eta itxaropenak' (Incare, 2022ko apirila) dokumentuaren azalaren erreprodukzio partziala

'Espainiako iraupen luzeko zainketen inguruko jarrerak, esperientziak eta itxaropenak' (Incare, 2022ko apirila) dokumentuaren azalaren erreprodukzio partziala

Europako InCARE proiektuan parte hartzen ari dira Fundación Matia fundazioa eta Imserso (España) ekimen pilotuak garatzeko esparruan, epe luzeko zaintzak hobetzeko, toki-inguruneari lotuta. Proiektu horrek Espainiako zainketa-esperientziei buruzko inkesta baten emaitzak aztertzen ditu eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeekin alderatzen.

InCare inkesta: metodologia eta jasotako datuak

Iraupen luzeko zainketen inguruko jarrerari, esperientziari eta igurikimenei buruzko InCare inkesta 2021eko irailetik 2022ko otsailera bitartean egin zen, Europako Batzordearen EaSI programak eta proiektu honen Europa osoko kolaboratzaileen sareak lagunduta eta finantzatuta. Emaitzen analisia (haztatu gabeko datuekin) Espainian jasotako 375 erantzunen gainean egin da, eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeen testuinguruarekin konparatzeko dira (2.373 erantzun, lineako inkesatik jasoak).

Inkestak, besteak beste, alderdi hauek esploratu zituen: zainketaren esperientzia, horien jasotzaile nahiz emaile izan; gerorako zainketen igurikimenak,  edota norberarentzako edo maite ditugunentzako zainketa-igurikimenak, etab. Laguntza behar duten adinekoen arretari buruz zer pertzepzio sozial dagoen jakiten zentratu zen helburu nagusia, eta iraupen luzeko zainketa-sistemari buruz zer balorazio egiten duten. Horretarako, Zahartzeari eta osasunari buruzko munduko txostena (OME, 2015) izenekoak iraupen luzeko zainketari buruz emandako definizioa proposatu zen inkestan erabiltzeko. Honelako zerbait dio:

'Iraupen luzeko zainketek zerbitzu pertsonal, sozial eta mediko zabala edukitzea esan nahi du, denbora luzez muga funtzionalak dituzten pertsonei laguntzeko (gaixotasunagatik edo desgaitasun fisiko edo mentalagatik). Hor sartzen dira profesionalek antolatutako eta arreta espezializatuan emandako zainketak (arreta-/zainketa-zerbitzu formalak), bai eta gertuko familiak, lagunek edota komunitateko beste kide batzuk emandako laguntza ere (zainketa  informalak). Iraupen luzeko zainketak ingurune askotan eman daitezke: erabiltzaileari etxean bertan emandako laguntza, edota komunitatea oinarri duten egoitza-arretako instalazioetan.'

Inkestaren emaitza nagusiak

Inkestan parte hartu duten lagunen profil soziodemografikoari dagokionez, datuek hauxe adierazten dute, aldagai batzuen arabera:

  • Adinaren aldagaia: 30etik 59 urte bitarteko helduak gainordezkatuta daude laginean (% 62); gazteagoen (18-29) eta adinekoen (60tik gorakoak) adin-taldeak, berriz, azpiordezkatuta.
  • Sexuaren aldagaia: generoaren araberako ordezkapenean alborapen handia dago emakumeen alde (inkestatuen % 76).
  • Prestakuntza akademikoaren aldagaia: lagina gainordezkatuta dago ikasketa-maila altuko taldeekin; izan ere, inkestatuen % 84k unibertsitate-titulua dauka.
  • Bizileku-ingurunearen aldagaia: hiri txiki edo ertainetan bizi direnen erantzunen kontzentrazio handiagoa (% 57) erakusten du laginak.

Espainiako iraupen luzeko zainketen inguruko jarrera, esperientzia eta igurikimenei buruz InCarek argitaraturiko emaitzen analisiak hauxe erakusten du:

  • Zainketen esperientziaren alorrean, inkestaturiko gehienek esperientzia pertsonala dute zainketetan (10etik 7k); horrek iradokiko luke inkestatuek zuzeneko esperientzia baten inguruko datu-bilketan parte hartzeko jarrera ona zutela. Inkestaturiko gizonezkoen zati erlatiboki handi batek (% 66) adierazi zuen beraiek edo gertuko norbaitek zainketak behar zituela; emakumeek adierazitakoaren antzeko proportzioa (% 72). Zainketen-esperientziak, zuzenekoak edo maite dugun norbaitenak, modu uniformean banatuta zeuden adin-kategoria guztietan.
  • Beharrezkotzat hautemandako zainketen eta jasotakoen arteko balorazioari dagokionez, desberdintasun nabarmenak identifikatu ziren: zainketekin esperientzia zeukatenen (norberarena edo maite dugun norbaitena) % 58k laguntza egokia zeukatela jotzen zuen. Inkestatuen herenak esan zuen laguntza partziala bakarrik jaso zutela, eta % 6k, berriz, ez zeukatela laguntzarik erabilgarri. Inkestaturiko gizon-emakumeek antzeko esperientziak aipatu zituzten jasotako zainketen erabilgarritasunari eta egokitasunari zegokionez.
  • Zainketak eskuratzeko oztopoei dagokienez, bereziki zainketen erabilgarritasunari, eskuragarritasunari eta kalitateari buruzkoetan, ohikoagoak dira Espainian, Europar Batasunean baino, egoitzako zainketak nahiz etxekoak izan. Espainian parte hartu zuten 3tik 1ek adierazi zuen erabilgarritasun-arazoak zituela etxeko zainketak jasotzeko, eta 4tik 1ek, egoitzako zainketak jasotzeko. Kostua oztopo handia dela ikusi da egoitzako zainketetarako (% 41), eta txikixeagoa, etxeko zainketetarako (% 29); egoera horrek gehiago eragiten die diru-sarrera txikiagoa dutenei. Diru-sarrera txikiagoa dutenek gehiagotan adierazten dituzte zainketak baliatzeko zailtasunak, diru-sarrera handiagoak dituztenekin alderatuta. Zainketarako zailtasunak jarraitu egiten du landa-ingurunean, non % 30ek adierazi zuten egoitzako zainketaren erabilgarritasuna mugatua zela, hiri handietakoekin alderatuta, haietako 4tik 1ek adierazi baitzuen zailtasuna zegoela. Laguntzaren kalitatea, berriz, hiri handietan maizago hauteman zen oztopotzat, egoitzako zainketa nahiz etxeko zinketa izan.
    Ondorioz, jasotako emaitzek iradokitzen dute babes-finantzarioa areagotu eta zainketa-zerbitzuen planifikazioa hobetu beharra dagoela, Espainian.
  • Zainketa informalen prestazioari buruz galdetuta, inkestatuen erdiak baino gehiagok esaten du zainketa informalak eskaini dizkiotela inoiz adinekoren bati, nahiz eta emakumeek (%66) gizonek (% 53) baino gehiagotan eman dutela adierazten duten. Zainketetan esperientzia daukatenek inkestan parte hartzerakoan alborapenak egon daitezkeela kontuan hartuta eta gazteenen gainordezkaritza egon dela ikusita, baina egiaztatzen da zainketa informalak ematea modu nahiko uniformean banatzen dela adin-kategorien artean Espainian. Dena den, zaintza informalen inpaktuak eragin negatiboa du emakumeek lan-merkatuan duten parte-hartzean, eta inkestak adierazten du lagineko emakume espainiarren ia % 30ek lan-denbora murriztu dutela edo lana utzi dutela zainketa-erantzukizunak beren gain hartu dituztelako, eta EBko batez bestekoarekin aldera daitekeen proportzioan ( % 32), gainera.
  • Etorkizuneko beharrei erantzun egokia emateko iraupen luzeko zainketa-sistemak daukan gaitasunaren gaineko lehentasunei, igurikimenei eta konfiantzari dagokienez, Espainian konfiantza hori txikiagoa da Europako batez bestekoarekin alderatuta: inkestaturiko 20 lagunetik 1ek soilik adierazi du (Europar Batasunean, 10etik 1ek) konfiantza handia duela, gerora behar izanez gero zainketa egokiak jasoko dituela. Konfiantza-maila txikienak hiri-ingurunean bizi direnen artean erregistratu dira, % 45ek pentsatzen baitute oso probablea edo segurua dela zainketa egokirik izango ez dutena. Konfiantza-mailak areago aldatzen dira sexuaren arabera. Lehentasunei dagokienez, inkestaturiko gehienek zaintzaile profesionalen laguntza etxean jasotzea lehenesten dute, zainketa profesionalen zerbitzu bidez soilik izan (% 34) nahiz zaintzaile pertsonal bidez izan (% 9). Bigarren lehentasun ohikoena zaintza profesionalak eta senide baten laguntza informala konbinatzea da, erabiltzailearen etxean bertan edo senide baten etxean (% 33). Zaintza formaleko zerbitzuak edo zainketa formalen eta informalen konbinazioa jasotzea espero duten inkestatuen proportzioa txikiagoa da zainketa-modalitate horiek nahiago lituzketenena baino.
  • Zaintzak emateko jarrerei dagokienez, inkestan parte hartu duten 2 lagunetatik 1ek uste du ohiko laguntzarik gabe bizi ezin den adineko batentzat aukerarik onena etxean zainketa-bisita erregularrak jasotzea dela, zainketa-zerbitzuen hornitzaile publiko edota pribatu baten eskutik. Bigarren aukerarik onena egoitza-zaintzak dira (% 18); % 13k, berriz, uste du onena dela adinekoaren seme-alabek beraiek egitea aldiro bisitak etxera. Inkestatuen beraien lehentasunen eta zainketak beharko lituzkeen adinekoarentzat aukerarik onena litzatekeela uste dutenaren artean desadostasunak daude; horrek biztanleen jarreren eta lehentasunen izaera aldakorraren kontzientzia adieraz dezakete.
  • Iraupen luzeko zainketen finantzazioari dagokionez, inkestatutako ia guztiak (% 99) ados daude agintari publikoek zainketak antolatu eta adinekoei ematearekin. Horrek iradokitzen du babes orokorra eman behar litzaiokeela inbertsioa areagotzeari eta Estatuak iraupen luzeko zainketen prestazioan duen funtsezko eginkizunari, nahiz eta inkestatutakoen % 26 bakarrik dagoen ados bakoitzak gizarte-segurantzako sistemari iraupen luzeko zainketetarako ekarpen bat egin beharko liokeela esatean (proportzioa nabarmen handiagoa da Europan -% 62-). Inkestatuen % 44k-edo defendatzen du Estatuak bere gain hartu beharko lituzkeela egoitzako eta etxeko zainketen kostu guztiak edo oinarrizko kostuak. Iraupen luzeko zainketen finantza-babesa sendotzen laguntzearen aldeko mailarik handienak gazteenen artean erregistratu dira (18-29), eta erdiek baino gehiagok diote estatuak finantzatu beharko lituzkeela zainketak; guztiak edota oinarrizkoak. Dena den, zainketen finantzaketa publikorako zeregin garrantzitsua aurreikusi arren, inkestatuen herenak uste du seme-alabek ere beren gain hartu beharko luketela gurasoen zaintzaren kostuengatiko finantza-erantzukizunen bat, gurasoen diru-sarrerekin bakarrik ezin bada aurre egin. Ondasunetan oinarritutako kostuen banaketa-modalitate batek du babes handiena inkestatuen artean; hain zuzen ere, zainketak behar dituztenen kostuak, ondare indibidualaren jakineko maila bateraino, Estatuak bere gain hartuko dituela bermatzen duenak. Inkestatuen % 40k nahiko luke finantzaketa mota hori, etxeko nahiz egoitzako zainketetarako; Europar Batasuneko batez bestekoa (% 35) gainditu egiten da. Gutxiengo txiki batek babesten du zainketen erabilerak erabiltzaileen koordainketei lotuta egon beharko lukeela, haien diru-sarrerak edo ondarea gorabehera (% 10).

Laburbilduz, zainketen erabilgarritasunarekin eta kostuarekin lotutako zailtasunen azterketa bateratuak adierazten du faktore horiek garrantzitsuak direla inkestatutako askorentzat, batez ere diru-sarrera gutxien dituztenentzat edota landa-eremuetan bizi direnentzat, eta horrek zerbitzuen hobekuntzan inbertitzearen garrantzia azpimarratzen du, hain zuzen ere zerbitzu horiek  erabilgarriago eta geografikoki hobeto banatuta egon daitezen. Emaitzen arabera, halaber, zainketaren inguruko jarrerak eta lehentasunak aldatzen ari dira Espainian, eta iraupen luzeko zainketa-sistemak erantzuna eman behar dio, inbertsioa areagotuta, arreta komunitarioko eta zaintza-aukera modernoago eta alternatiboen garapeneko. Modu informalean emandako zainketen lehenespenak behera egin dutela antzeman da, nahiz eta ez dagoen frogarik belaunaldi arteko elkartasun-arauek paraleloan behera egin izanarenik, ez eta zaintzaile informalen ekarpena estimatzen ez denarenik ere. Azkenik, inkestatu gehienak erabat ados  daude esatean Estatuak zeregin nabarmena izaten jarraitu behar duela iraupen luzeko zainketak finantzatzen, antolatzen eta prestazioa ematen, nahiz eta zaintza-sistemak erantzuteko duen gaitasunean konfiantza-maila txikia den oraindik.  

Gure helburua da informazioa biltzea, iraupen luzeko zainketaren inguruko jarrera, esperientzia eta igurikimenei buruz, laguntza-sistema hobeak diseinatzeko zainketak behar dituzten adinekoentzat, haien familientzat eta komunitatearentzat. Zainketak behar dituzten adinekoek zer erronka dauzkaten kontzientziarazteko erabiliko dira azterlan honen emaitzak.

InCARE proiektua iraupen luzeko zainketen inguruko jarrera, esperientzia eta igurikimenei buruzko informazioa biltzera bideratuta dago, laguntza-sistema hobeak diseinatzeko zainketak behar dituzten adinekoentzat, haien familientzat eta komunitatearentzat. Austriako, Ipar Mazedoniako eta Espainiako erakunde publikoek hartzen dute parte, eta helburua da iraupen luzeko zaintzak hobetzeko proiektu pilotu berritzaileak garatzea komunitatean, eta toki-inguruneari lotuta. InCare-k sustatzen dituen helburuek ardatz hauek dituzte:

  • Tokiko komunitateak, erabiltzaileak eta haien familiak gaitzea, iraupen luzeko zainketa-zerbitzuak garatzen parte hartzeko eta laguntzeko, iragarri diren berrikuntza sozialek haien helburuak eta laguntza-beharrak islatzen dituztela bermatzeko.
  • Komunitatean oinarritutako iraupen luzeko zainketa-zerbitzu berritzaileak ezartzea (pilotuak), tokiko eragile egokiekin batera diseinatuta eta gauzatuta.
  • Interes-talde nazionalak eta tokikoak gaitzea, komunitatean oinarritutako zerbitzu berritzaileak egokitu eta hartzeko, eta, horretarako, ikuspegi argia eta plan bat garatzea iraupen luzeko zaintza-sistemarako eta gai horretan koherenteak diren politika nazionalak sustatzeko (maila anitzeko gobernantza);
  • Politika inklusibo eta eraginkorreko prozesuak babestea, eta iraupen luzeko zainketen estrategia eta erreforma nazional integralak garatzen eta ezartzen laguntzea (gizarte-berrikuntza zabaltzeko eta iraunkorra egiteko bide bat ere bai)
  • Ebidentzia-oinarri sendo bat sortzeko eta erabiltzeko tokiko gaitasuna indartzea, iraupen luzeko zaintza-zerbitzuen politikaren eta diseinuaren txostena egiteko, eta elkarlaguntza eta ikaskuntza-komunitate transnazionalak errazteko.

Europako ekimen horren garapenaren esparruan, Imsersok eta Fundación Matía Fundazioak ekintza pilotu bat garatu dute, laguntza psikosozialeko zerbitzuak emateko hainbat dementzia mota dauzkaten eta mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile informalei. Europako ekimen honen gainerako ekintzak Austrian eta Ipar Mazedonian egiten dira, Gizarte Ongizate eta Ikerketa Politiken Europako Zentroak koordinatuta guztiak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, InCare inkestaren datu-analisiaren dokumentua kontsulta dezakezu: 'Actitudes, experiencias y expectativas en los cuidados de larga duración en España' (InCare, abril de 2022).