Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Erresuma Batuko arreta sanitarioaren eta sozialaren biziberritze unibertsala eta iraunkorra

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

 Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzak

Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzak

Politika Publikoen Ikerketarako Institutuak (Institute for Public Policy Reseach) hainbat proposamen argitaratu ditu arreta sanitarioa eta soziala berreskuratzeko, COVID-19 pandemiaren erasanaren ostean, ahaztu gabe, esate baterako, arreta sanitario eta sozialaren sistemaren hainbat alderdi berregitea, luzera begira berregitea ere, hots, iraunkortasuna xede dela.

Haien iritziz, egungo testuinguruan, kontuan hartu behar da, batetik, antolakuntza-egitura gehienetan izaten ari den lidergo-aldaketa (NHSren zuzendaritza betearazle berria, Amanda Pritchard buru dela, edo Osasunaren eta Arreta Sozialaren estatu-idazkari berria), eta, bestetik, dokumentuan 'osasun-krisiaren arrisku iraunkorreko egoerak' eragindako hauskortasuna izenez definitu dutena, honek guztiak eraginda: COVID-19aren aldaera berriek, beste pandemia batzuek, klima-aldaketak osasunean dituen ondorioek, antimikrobianoekiko erresistentziak, biztanleriaren zahartzeak, era askotako gaitzen prebalentziak, edota gero eta biztanleria-talde gehiago egotea osasungaiztasun-egoeran, erikortasun handiarekin eta desberdintasun sozialen eraginpean, besteak beste.

Txostenean dioenez, alderdi hauei jarri behar diegu arreta:

  • Austeritate-politiken arriskua, NHSk sortzean zuen misioa konprometitzen duela; arreta sanitario unibertsala bermatzea baitzuen helburu (irismena eta arreta bermatzea).
  • COVID-19aren lehenengo olatuaren ondorioak, patologia onkologikoa zeukaten pertsonen arretan; izan ere, asko murriztu ziren onkologia-zerbitzuetarako deribazioak minbiziaren susmoa zegoenetan, eta asko murriztu ziren emandako kimioterapia-tratamenduak ere.
  • Britainiarrek izandako zailtasuna Lehen Mailako Arretako mediku batekin egoteko; horrek iradokitzen du areagotu egingo zirela bai larrialdiak, bai saihestu zitezkeen larrialdi-zerbitzuetako harrerak.
  • Dementzia kasuetarako arreta-plana edota errebisiorako plana zutenen kopurua murriztea.
  • Itxarote-denborak areagotzea, osasun mentaleko gaixotasunak artatzeko; aldi berean gora doala elikadura-portaeraren nahasmenduak edota autolesio-gertakariak izan dituzten adingabekoen intzidentzia.
  • Patologia kronikodun pazienteen hitzorduak murriztu izana anbulatorioetan; horrek iradokitzen du osasun-emaitza okerragoak izan dituztela haiek.
  • Desadostasun nabarmenak identifikatzea; kalitatezko arreta soziala jaso ahal izateko etxeetan eta komunitateetan.
  • Orain artekoa ez bezalako presioa, NHSren lan-indarraren gain.

    Egileen iritziz (Chris Thomas, Efua Poku-Amanfo eta Parth Patel), egoera hori 'bi mailatako arreta-sistemaren' haztegi bihurtzen da, non, arretarako irismena eta haren kalitatea murriztuz doan heinean, “bazterkeria boluntarioa” gertatzen den,  arretarako eta osasun publikorako eskubidea osatzeko (aseguru pribatuak, osasun-turismoa, zuzeneko ordainketak, etab.) ordaintzeko baliabideak dauzkaten  biztanleriako sektoreen artean.

    Daukagun informazioaren arabera, G7ko herrialdeen artean Erresuma Batua da ordaindutako arreta medikoaren gastua azkarren igo den lekua. Horri dagokionez, dagoen arriskuaz ohartarazten du dokumentuak, ez berehalako pribatizazioa gertatzeko, baizik eta Ingalaterrako hezkuntza-sistemaren antzeko zerbait sortzeko (heziketarik onena, askotan, ordain-ahalmenaren araberakoa da); azken finean, beraz, osasunaren emaitza okerragoak ekarriko lituzke, eta desberdintasun sozialak nabarmen areagotzea ere bai. Hau da, NHS desagerraraztera eramango luke, osasun onaren eta arreta mediko hobearen onurak unibertsalizaten dituen eta hornidura horren gastuak biztanleriaren artean ekitatez banatzen dituen sistema moduan jarduteko.

    Erresuma Batuan IPPR/YouGov-ek horretaz egin berri duen inkesta batek adierazten du babes publikoa duela, ia gehiengoaren aldetik, izaera unibertsal, doako, integral eta zerga bidez finantzatzen den NHS batek; beraz, mezu argia bidaltzen die liderrei: NHSren hoberena unibertsalizatzeko apustu sendoa egin dezatela.

    Txosten horretako gomendioen ardatzak:

  • Sistemaren arreta-ahalmenarekin zerikusia duten alderdiak; horretarako, arreta-arloan gertatzen diren eskaera-zikloen analisia egitea aholkatzen dute, eta gobernuak arreta sanitario eta sozialaren iraunkortasunaren legezko definizio bat eman dezala, erakunde independente batek aztertuta. Halaber, txostenak ez du alde batera uzten profesionalak biltzeak eta kontratatzeak dakarren arriskua. Horregatik, lan-indarrari eusteko politika irmo baten aldeko apustua egiten du, arreta sozial eta sanitarioaren sektorean (neurri hauekin: soldata hobeak, malgutasun handiagoa lanean, lan-baldintza hobeak, langileen osasun mentalaren arretarako planak, etab.).
  • Arreta-sistemaren aldaketa kulturala sustatzearekin zerikusia duten kontuak, hiru ardatz dituztela euskarri: prebentzioa (tabako-kontsumoa edo biztanleriaren obesitatea murriztera bideratuta), berrikuntza eta integrazioa (apustu sendoa eginda toki-mailako lidergoa garatzeko). Txosten horrek gomendatzen du prebentzio-politikak bihurtzea arreta sanitarioaren nahiz sozialaren ardatz, eta osasunerako gobernuarteko estrategiaren ardatz ere bai.
  • Finantzazio-arazoak, epe motzera erasango baitiete, NHSri ez ezik, arreta sozialari ere (benetakoa da NHStik transferitu ondoren); datozen hiru urtetan finantzazioa areagotzea aholkatzen da (epe motzera ekintzak planifikatzeko tarte batzuk uztea bermatu dadila), eta arreta sozialeko profesionalen lan-baldintzak aztertzea (soldatak, etab.).
  • Etxez etxeko arreta-ahalmena zabaltzea Ingalaterran, biztanleria onuradunaren autonomia bermatzeko moduan, ospitaleko arreta-eskaera saihesteko edota ospitaleko altak emateko.

Azkenik, txostenaren ondoriorik garrantzitsuenaz ohartarazten dute egileek, alegia, osasun eta arreta sozialeko zerbitzuen eskuragarritasuna eta emaitzak eskasten aritzeko joera kezkagarria, COVID-19aren aurreko hamarkadan ikus zitekeena, eta pandemiarekin azkarrago joan dena. Gertaera hori dela eta, joera bat ari da areagotzen, arreta medikorako eskubide publikoa ?eta zergekin finantzatua? produktu pribatuekin osatzekoa, alegia. Horregatik, NHSren esparruan arreta sanitario eta soziala biziberrituko duen ekintza politiko erabakigarria proposatzen dute, arreta unibertsaleko, doako eta maila bakarreko sistema defendatzeko.

Politika Publikoen Ikerketarako Institutua (Institute for Public Policy Research, IPPR) orientazio aurrerakoiko ideien laboratorioa da, Erresuma Batuan. Irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea den aldetik, bere lana bideratzen du ikerketa egitera eta sustatzera eta gizartea heztera, besteak beste, gai hauetan: zientzia ekonomiko, sozial eta politikoak, zientzia eta teknologia, boluntariotzaren eta enpresa sozialaren sektorea, zerbitzu publikoak, eta industria eta merkataritza.

 Informazio gehiago nahi baduzu, begiratu 'Osasunaren eta Zainketaren egoera' dokumentua  (The State of Health and Care 2022, IPPR, 2022).