Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Pandemia aztertzeko ezagutza: Gizarte Zientziak eta COVID-19

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Pandemia aztertzeko ezagutza: Gizarte Zientziak eta COVID-19

Pandemia aztertzeko ezagutza: Gizarte Zientziak eta COVID-19

"COVID-19. Le regard des Sciences Sociales" (Seismo: 2020) liburuan, COVID-19ren ondoriozko konfinamenduan sortutako egoera eta heriotzei buruz hausnarketa egiten dute Genevako Unibertsitateko, Suitzako ikerketa-zentroetako eta Zientzia Ikerketen Goi Mailako Zentroko (CSIC) demografia, historia eta soziologiako hogeita zazpi adituk

Fiorenza Gamba, Marco Nardone, Toni Ricciardi eta Sandro Cattaciniren zuzendaritzapean, lana bost multzo handitan dago antolatuta. Sarrerako atala argitalpenaren zuzendariek sinatzen dute, izenburu honekin: "Zer gertatzen da gure sozietateekin?". Gizartean beldurrak duen rola eta COVID-19 izurriteak eragiten dituen arriskuak aztertzen ditu. Arriskua helburu izatetik, probabilitateen kalkulua sofistikatzera, egileek logika kolektiboa agerian uzten dute, II. Mundu Gerratik arriskuen kudeaketa nagusi izan den eta "norbanakoaren patua aseguruen gizartean diluitzen zen" testuinguru batean. Hala ere, egileen iritziz, segurtasunaren ilusioa desagertu egin da, orain epidemikoa eta aspalditik ekologikoa den arriskua sartu delako. Ezin da modu lokalean kudeatu, ez du bereizketarik egiten pertsonengan (ez da lotzen, hasiera batean behintzat, gizarte-arriskuarekin) eta larriagotu egin du hondamendiaren inpaktua.

Bigarren zatiak "gizarteen dinamika" du izenburu, eta hainbat artikulu ditu. Toni Ricciardik, esaterako, egungo osasun-krisia historiaren ikuspegitik ulertzea planteatzen du. Horretarako, hainbat garaitako erreakzio-moduak eta osasun-krisien ondorioak aztertzen ditu. Sébastien Salernok COVID-19rekin lotutako komunikazio-erronkak jorratzen ditu, Suitzako agintari federalen tweetak eta argitaratutako albiste faltsuak. Marlyne Sahakianek COVID-19k kontsumo-patroietan eragindako aldaketak aztertzen ditu, eta epe ertain eta luzera izango dituzten ondorioei buruzko hausnarketa egiten du. Jean-Michel Bonvinen hausnarketak pandemiak dinamika ekonomikoan eta produktiboan duen eraginaz dihardu, espazioarekin eta denborarekin duen erlazioaz eta bere dimentsio sozialaz. Mathilde Bourrierren artikulua krisi-garai honetan "behartutako martxa moduak" aplikatzera mugatu diren erakundeen erronkez ari da.

Hirugarren zatiak "Itxurak" du izena, eta Fiorenza Gambak konfinamendu-aldian sortutako erritualak aztertzen ditu (balkoietako txaloak, online aperitiboak, hiletak, etab.). Bernard Debarbieuxek arazo espazialez eta beren izendapenez jarduten du. Maxime Felderrek hiriko aldaketak deskribatzen ditu, bereziki euste-murrizketei lotutako soziabilitateari dagozkionak. Ruxandra Oana Ciobanuk nazioarteko laguntza-moduak aztertzen ditu migrazioaren testuinguruan, bai eta sare sozialek jatorrizko herrialdeetan duten funtzionamendua ere.

Laugarren zatian, "Ahuleziak" izenpean, Sandro Cattacinek COVID-19k dinamika sozialean dituen ondorioak aztertzen ditu eta estigmarekin duen lotura. Eric Widmer, Vera de Bel, Olga Ganjour, Myriam Girardin eta Marie-Ève Zuffereyk familiaren dinamika aztertzen dute, konfinamenduaren mugen barruan, eta arreta berezia aitatasunean jarrita.

Michel Oris, Diego Ramiro Farinas, Rogelio Pujol, Rodriguez eta Antonio Abellán Garcíaren ekarpen kolektiboak osasun-krisia aztertzen du Suitza eta Espainiaren arteko ikuspegi konparatu batetik, adinekoek duten posizio sozialari buruz hausnartzeko, zahartze demografikoak lehen aldiz "bizitza osoa orokortzea, jaiotzatik zahartzarora arte" lortu duen testuinguru batean. Hau da: zahartzea gizarte-aurrerapenaren adierazle gisa. Hala ere, egileek gai horren inguruan COVID-19k agerian utzi dituen kontraesanak jorratzen dituzte: desberdintasun soziala eta gizabanakoen arteko aniztasuna, agerian uzten duena biztanleria-talde hori inoiz baino heterogeneoagoa dela. Egileen ustez, "Osasun-sistema ez zegoen egoera honetarako pentsatuta, ez egitura demografiko honetarako, ezta desberdintasuna tratatzeko ere. Adineko pertsonen ospitaleko alten eta egonaldien proportzioak etengabe zihoan goraka (egonaldien ia % 60, 2018an). Eta COVID-19ren krisian sistemak laster egin zuen gainezka. Adinekoen egoitzetan gertatutakoak daukaten kontraesana uzten du agerian, paradoxa krudel bat bezala: lorpen sozialetik bazterketa-eremura, babes-tokitik heriotza-lekura. Hainbeste famatu dugun sistema soziosanitarioa, existitzen bada, agerian geratu da. Gizartearen parte-hartzean eta belaunaldien arteko harremanetan oinarritutako zahartze aktiboaren diskurtsoa, norbanakoaren osasun eta ongizatearen iturri gisa, suntsituta gelditu da urruntze sozialaren filosofiarengatik. Aurrerapen soziala deitu dugunak, bizi-itxaropena handitzeko aukera eman zigunak, arrisku bat zeukan: hauskortasuna.”

Daniel Stoecklinen artikuluak haurrak ditu ardatz. Haien eskubideen errespetua aztertu eta haiek babesteko egin diren ekimenetan duten parte hartzeari buruzko gomendioak ematen ditu. Emilie Rosensteinek konfinamenduaren esperientzia desgaitasunaren soziologiaren ikuspegitik irakurtzea eskaintzen du. Marco Nardonek COVID-19k espetxe barruan eta inguruan planteatzen dituen arazoak aztertzen ditu, eta eztabaida planteatzen du hainbat gairen inguruan: politika penalak, espetxe-administrazioek hartutako neurriak eta presoen erreakzioak. Loïc Pignolok legez kanpoko jarduera ekonomikoetan aritzen direnek dituzten zailtasunetan jartzen du arreta.

Bosgarren atalaren izenburua "Osasunaren kudeaketa" da, eta Claudine Burton Jeangrosen proposamen bat jasotzen du. Osasun-krisiaren kudeaketa globalari buruzko gogoeta egiten du, bertan parte hartzen duten aktorek dituzten botere-harremanetan oinarrituta, bai mundu-mailan, bai herri-mailan. Nicola Cianferonik negozioen itxiera aztertzen du, langileen osasunerako funtsezko alderdia den aldetik. Philippe Wannerrek konfinamenduan pandemiari aurre egiteko epidemiologiaren lan eta ekarpenak jorratzen ditu, eta baita zientzia medikoen eta gizarte zientzien metodoak ere. Thomas Abelek biztanleriaren osasun-hezkuntza aztertzen du, baita jokabide egoki edo desegokiaren bidez birusaren hedapenean duen erantzukizuna ere. Azkenik, Toni Ricciardik pertsonen nazioarteko zirkulazioaren eta gaixotasuna zabaltzearen arteko hausnarketa egiten du.

Azken atalean, Gizarte Zientziek orain arte COVID-19ren pandemian jokatu duten paperari buruzko hausnarketa batzuk azaltzen dira, Medikuntzari edo Biologiari lotuta.

Lan hau argitaratzeko laguntza eman dute Swiss National Science Foundation (SNF) eta Genevako Unibertsitateak (Soziologia Saila, Soziologia Ikerketen Institutua, Gizarte Zientzien Fakultatea, Argitalpen Irekirako Laguntza Funtsa eta Funts Orokorra).

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu: "COVID-19. Le regard des Sciences Sociales" (Seismo: 2020).