ARLOAK / EGINKIZUNAK
11. artikulua.– Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak egitekoak burutzen eta eskumenak baliatzen lagunduko dio Segurtasuneko sailburuordeari.
Poliziaren antolaketari dagokionez, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza eskudantzia hauek izango ditu:
- Segurtasunaren arloko jarduera-plan orokorren, informazio-sistemen eta antolaketa-proiektuen gaineko aholkuak ematea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroa kudeatzea, eta honako hauei buruzko protokoloak ezartzea: haren ekipamendua, datuen egitura, irispide-mailak, datuen konfidentzialtasunari buruzko segurtasun-neurriak, datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzea, datu-transferentzia, eta hirugarrenei legez lagatzeko baldintzak. Informazio Polizialeko Sistemaren datuak babesteko ordezkaria Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan integratuko da.
- Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean, proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan jasota dauden datu-baseen eta polizia-kudeaketarako aplikazioen estandar informatikoak.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren informazio-sistemekin eta datu-tratamenduko fitxategi eta jarduerekin lotutako proiektuen definizioa, garapena eta jarraipena koordinatzea.
- Polizia-artxiboen eta -erregistroen ezaugarriak, segurtasun-betekizunak eta antolamendu-protokoloak zehaztea, eta hori dena behar bezala aplikatuko dela zaintzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordearen eta haren barruko lantaldeen dokumentazio eta erabakiak artxibatzea eta haien jarraipena egitea, polizia arloko bibliografia-funtsak kudeatzea, eta itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko laguntza-zerbitzu zentralizatuak koordinatzea.
- Ertzaintzako zuzendaritza-organoei aholkuak ematea, alde batetik, polizia-zerbitzu publikoari buruzko araubide juridikoaren gainean eta, bestetik, biltzeko eta manifestatzeko eskubidearen inguruan.
Segurtasun publikoaren arloan, Segurtasuna Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio:
- Elkarlana sustatzea Segurtasun Sailburuordetzako organoen eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistemako beste administrazio batzuen artean, bai eta beste lurralde batzuetako administrazioekin ere.
- Euskadiko segurtasun publikoaren sistema definitzeko lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak bultzatzea.
- Herritarren segurtasunaren eta segurtasun pribatuaren arloan aurreikusitako zehapen-araubideen inguruko espedienteak hasi eta izapidetzea, eta biltzeko eta manifestatzeko eskubidea aldatzen edo murrizten duten ebazpen-proposamenak egitea.
- Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritarren ekimenen bulegoa kudeatzea.
- Segurtasuneko sailburuordeari laguntzea uztailaren 21eko 168/1998 Dekretua betetzen (168/1998 Dekretua, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena).
- Segurtasun publikoaren arloan, beste erakunde eta antolakunde publiko zein pribatuekiko harremanak sustatzea, koordinatzea eta bideratzea, hargatik eragotzi gabe saileko beste organo batzuen eskumenak.
- Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 38.b) artikuluan udaltzaingoak koordinatzeari buruz aurreikusitako egitekoak betetzea, lege horren 37. artikuluari dagokionez, bai eta udaltzaingoen estatistika-datuen bilketa homogeneizatzea eta koordinatzea eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari haiek dituzten prestakuntza-beharrak proposatzea ere.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kideen akreditazio profesionaleko agiriak egitea, eta EAEko udaltzaingoen erregistroa kudeatzea.
- Baimena-eskaerak izapidetzea udaltzaingoaren kidegoak sortzeko –baimen hori legez beharrezkoa denean– eta, polizia-zerbitzuak emateko helburuarekin, udaltzaingoen eta udalerri-elkarteen arteko lankidetza-hitzarmenak egiteko ere.
- Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan aritzea, EAEko udaltzainak hautatzeko oinarrizko irizpideak zehazten eta haientzat hainbat ikastaro antolatzen: sartzeko ikastaroak, etengabeko prestakuntzako ikastaroak, espezialitate-ikastaroak eta gora egiteko ikastaroak.
Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio Segurtasun Sailaren estatistika-jarduera koordinatzea, eta horretarako sailaren berariazko estatistika-organoa atxikitzen zaio. Horrela bada, sailaren ordezkari izango da estatistikaren arloko kide anitzeko organo eskudunetan. Saileko zuzendaritza guztiek organo horri igorri beharko diote estatistika prestatzeko beharrezkoa duen informazioa.