LPS - Sarrera
LPSak EAE osorako antolamendu sektorialeko planak dira. Plan horiek idaztea Eusko Jaurlaritzako edo, hala badagokio, foru-aldundietako sail, zuzendaritza edo erakunde eskudunen mende dago, eta gai jakin baterako antolamendu-tresna zehatzagoak dira, HAPOek ere errespetatu beharrekoak. LPSek honako gai hauek antolatzen dituzte, besteak beste: Nekazaritza eta basogintza, Ibaien eta Erreken Ertzak, Errepideak, Energia Eolikoa, Trenbide Sarea, Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoa, Hezeguneak, Itsasertza Babestu eta Antolatzea, Hiri Hondakinen Azpiegiturak edo Bizikleta Bideak.
Klima-aldaketaren ondorio kaltegarriei buruzko kontzientzia gero eta handiagoa da, eta, horren ondorioz, energia- eta ingurumen-esparruko dokumentu estrategikoen eta plangintza-dokumentuen segida onartu da. Dokumentu horien helburu ia komuna da jatorri berriztagarriko iturriek protagonismo handiagoa hartzea energia-iturri gisa.
Oro har, energia berriztagarriek ingurumenean izango duten eragina oso ona izango dela esan daiteke, energia-ekoizpenaren deskarbonizazioa dela-eta; horrela, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko dira. Gainera, baliabide berriztagarriak eskuratzeak ez ditu baliabide ez-berriztagarrien hornikuntzaren berezko inpaktuak sortzen; izan ere, zuzenean lortzen da, erauzketa inbaditzailerik, hornikuntzarik edo baliabideen garraiorik gabe, adibidez petrolioaren deribatuekin gertatzen den moduan. Era berean, egoera horrek laguntza emango du EAEko energia-sektorearen independentzia handiagoa lortu dadin, lurraldearen erresilientzia handitu dadin klima-aldaketaren aurrean, eta ekonomia zirkularra bultzatu dadin.
Energia berriztagarrien garapena ere onuragarria izango da eragile gehienentzat; izan ere, negozio-aukerak eta enplegu berdea sortuko dira, landa-eremuetan biztanleria finkatuko da eta administrazioek arlo horretan dituzten garapen jasangarriko helburuak beteko dira.
Hala ere, energia mota horren abantaila energetiko, sozial, ekonomiko, teknologiko eta ingurumenekoak eztabaidaezinak diren arren, mota honetako instalazioen bitartez lurzorua okupatzeak nahiko eragin handia izan dezake Euskal Autonomia Erkidegoan, zalantzarik gabe. EAEko lurraldearen gaineko eragina, energia berriztagarrien garapenak eragindakoa, desberdina izango da erabilitako teknologiaren arabera.
Ondorioz, teknologia horiek klima-aldaketarekin, paisaiarekin, kultura-ondarearekin, ingurune sozioekonomikoarekin, segurtasunarekin eta osasunarekin eta ingurumen-balioekin bateragarriak direla bermatzeko, beharrezkoa da eremu horiekin zerikusia duten plangintza-, kudeaketa- eta legegintza-tresna guztiak sakon aztertzea, ondorioztatu ahal izateko energia berriztagarrien ezarpenak, haiekin bateragarria izateaz gain, haien gidalerro, helburu eta jarduketa-ildo asko indartuko dituela.
Beraz, instalazio horien kokalekuak aurreikustea eta hautatzea funtsezko erabakia da, eta egin nahi den lurralde-planak horri erantzun nahi dio, jatorri berriztagarriko energia-aprobetxamendurako kokaleku egokienak identifikatu, hautatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan integratuz, hori guztia ingurumen-faktorea kontuan hartuta, garrantzitsuenetarikoa den aldetik.
Araudiaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak beharrizan horren berri ematen du, eta Eusko Jaurlaritzari agintzen dio Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko.
Ildo horretan, 2019ko otsailean, Eusko Legebiltzarrak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Plan horretan, energia eolikoarekin batera, beste energia berriztagarri batzuen ezarpena ere planifikatuko da lehentasunezko helburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa areagotzeko asmoz.
Era berean, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituenak, aipatutako Plana egin beharra ezartzen du.
Agindu horietatik abiatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egingo du, energia berriztagarrien mapa definituko duen plangintza-tresna bat eduki ahal izateko. Horretarako, eskuragarri dauden teknologiek ahalbidetzen dituzten modalitate guztiak hartuko dira kontuan.
Azken aldaketako data: