URAREN EUSKAL AGENTZIAREN 2026., 2027., 2028. ETA 2029. URTEETARAKO DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA.
Helburuak
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenez, lege horren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek aurretik planifikatu behar dituzte emango dituzten dirulaguntzak, plan estrategiko baten bidez. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 2. artikuluarekin bat etorriz, Uraren Euskal Agentzia Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa da; horrek esan nahi du abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 2. artikuluaren barruan sartzen dela eta, beraz, haren dirulaguntza-jarduera aurretiaz planifikatu behar dela.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluaren arabera, gai hauek jaso behar dira plan estrategikoan: zer helburu eta ondorio lortu nahi diren, zer epetan lortu behar diren, zenbateko kostuak aurreikusten diren, zer finantzaketa-iturri dauden eta, dirulaguntzen jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko, planaren helburuekin erlazionatutako ekintzak eta adierazleak zein diren; orobat jaso beharko da planak lau urteko indarraldia izango duela, non eta, jarduketen izaera dela eta, epe luzeagoa behar ez den.
Onartuko den plan estrategikoa Uraren Euskal Agentziaren dirulaguntza-jarduera planifikatzeko tresna da; helburutzat dauka onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzea eta helburu publikoak lortzearen alde lan egitea, laguntzak emanez. Plana programatikoa denez, haren edukiak ez du ez eskubiderik ez betebeharrik sortzen, eta, eraginkorra izateko, dirulaguntza-lerroak jarri behar dira abian, kontuan hartuz, besteak beste, ekitaldian erabilgarri dauden aurrekontu-baliabideak.
Legegintzaldia
XIII. Legegintzaldia