Ogasuna eta Finantzak Saileko 2024-2027 urteerako diru-laguntzen plan estrategikoa

Helburuak

Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluak («Dirulaguntzen arloko plangintza eta ebaluazioa») xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren dirulaguntzen jarduna aldez aurretik planifikatu behar da, plan estrategiko bat eginez. Planak lau urteko indarraldia izango du, eta sail bakoitzeko titularrak onartu behar du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 9. artikuluaren arabera Ekonomia eta Ogasun Sailari zegozkion egitekoak eta jardun-arloak oinarri hartuta egin zen plana, eta aldatu egin da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren antolaketa berrira egokitzeko, eta Ogasun eta Finantza Sailari egozten dizkion eginkizun eta jardun-arloetara egokitzeko.

Planak barne hartzen ditu Finantza Politikako Zuzendaritzak eta Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak ematea aurreikusitako dirulaguntzak,  organo horiek baitira sail honetan 2024-2027 aldian dirulaguntzak emateko ahala izango duten bakarrak.

Sail honen politika antolatzeko tresna da, helburu baitu onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzea edo xede publikoak lortzeko bultzada ematea, dirulaguntzak emanez.

Izaera programatikoa du, eta, beraz, edukiak ez du ez eskubiderik ez betebeharrik sortzen. Izan ere, plana eraginkorra izan dadin, hainbat dirulaguntza-lerro gauzatu beharko dira, besteak beste, ekitaldiko aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta.

Plan hau prestatzeko, jomuga diren interes publikoak aztertu dira, eta 2024-2027 aldirako izango diren baliabideekin alderatu. Hala, geure jardute-eremuan efikazia eta efizientzia indartuko ditugu, eta gardentasuna sendotu.

Legegintzaldia

XIII. Legegintzaldia