Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetarako dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen baita
Helburuak
1. Planaren justifikazioa
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluan ezartzen du dirulaguntzen plan estrategiko bat edukitzeko betebeharra dagoela. Plan horretan, sailaren dirulaguntzei dagokienez, horiek emanda lortu nahi diren xedeak eta ondorioak, esleitzeko epeak, aurreikusten diren kostuak eta finantzaketa-iturriak, eta planaren jarraipena egiteko behar diren ekintzak eta adierazleak (helburuei loturikoak) identifikatu beharko dira, aurrekontu-egonkortasuneko xedeak betez betiere.
Planak izaera programatikoa du, eta haren edukiak ez du ez eskubiderik ez betebeharrik sortzen. Lau urteko indarraldia izango du, non eta, barne hartzen dituen jarduketen izaera dela-eta, epe luzeagoa behar ez den.
Sailen jarduera orientatzeko, plan hori izateko betebeharra bete dezaten, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak 1/2015 zenbakiko zirkularra onartu zuen, dirulaguntzen plan estrategikoak egiteari buruzkoa, zenbait neurri biltzen dituena plan horiek egin eta onartzeko.
Zirkular hori betetzeko egin da Plana, hartan ezarritako edukiarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eskatutakoarekin.
2. Aplikazio-eremua
Planak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren dirulaguntzen inguruko jarduera jasotzen du.
Planaren denbora-esparrua 2025., 2026., 2027. eta 2028. aurrekontu-ekitaldiak dira.
3. Planaren edukia
Gobernu Programaren konpromisoei lotutako ardatzetako bakoitzari jarraikiz, planak aurreikusten diren dirulaguntza-jardunak zein programatan txertatzen diren jasotzen du.
Horren ondoren, laburpen gisa identifikatzen ditu dirulaguntza-programa guztiak egikaritzeko aurreikusitako kostuen datu globalak, programa horiek sailak bere egituran dituen antolakunde-unitateekin lotuta.
Azkenik, Planak fitxa bat biltzen du dirulaguntza-programentzat, eta bertan bilduko ditu helburuak, ekintzak eta adierazleak, aurreikusitako denbora-esparruarekin, helburu dituen sektoreak, dirulaguntzak emateko prozedura, beharrezkoak diren aurrekontu-konpromisoak eta finantzaketa publikoaren ehunekoa, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna indartuko duten jarduketak eta horien deskribapena ere.
4. Erronka estrategikoen eta helburuen identifikazioa
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bat dator Euskadi 2024-2028 XIII. Legealdiko Gobernu Programaren konpromisoekin, eta konpromiso horien artean, sailaren jarduketa-eremuari dagozkionekin, hain zuzen, honako hauekin:
4.1. Hazkunde- eta ongizate-eredua
4.1.1. Industria
Helburu horiek lortzeko, konpromiso hauek hartu dira:
- EAEn erroturiko 5.0 industria eta 2028rako Industria Plana.
- Industria-lurzorua berreskuratzea.
- Kalitatezko enplegua sortzeko eta mantentzeko inbertsioa.
- EAEko industriaren trantsizio energetikoa.
- Ekintzailetza babestea.
- Industria- eta enpresa-garapenerako azpiegitura.
- Enpresak nazioartekotzea.
4.1.2. Berrikuntza
Helburu horiek lortzeko, konpromiso hauek hartu dira:
- I+G+B esparruko inbertsioak handitzen jarraitzea.
- Enpresa-berrikuntzari laguntzea, batez ere enpresa txiki eta ertainetan.
- Berrikuntzarako eskaintza teknologikoa indartzea.
- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren eta Erosketa Publiko Berritzailearen nazioartekotzea indartzea.
- Erakundeen arteko lankidetza, berrikuntza-arloko inbertsioak sustatzeko.
4.1.3. Digitalizazioa eta adimen artifiziala
Helburu horiek lortzeko, konpromiso hauek hartu dira:
- EAE digitalagoa izateko lan egitea.
- Digitalizazioaren arloko aurrerapausoak herritarren eta enpresen zerbitzura jartzea.
- Jarduera digital etiko eta eleaniztuna ziurtatzea.
- Eta adimen artifiziala baliatzea, ongizate maila handiagoa lortzeko.
4.2. Eraldaketa energetikoa eta jasangarritasuna
4.2.1. Trantsizio energetikoa
Helburu horiek lortzeko, konpromiso hauek hartu dira:
- Energia-politiken plangintza.
- Trantsizio energetikorako proiektuak lantzea.
- EAEko ikerkuntza energetikorako estrategian sakontzea.
- Bidezko trantsizio energetikoa.
4.2.2. Ingurumena
Helburu horiek lortzeko, konpromiso hauek hartu dira:
- Ingurumenaren defentsarako eta balio ekologikoen sustapenerako ingurumen-politika aurreratu eta berritzailea bultzatzea.
- Biodibertsitatearen defentsa sustatzea.
4.2.3. Ekonomia zirkularra
Helburu horiek lortzeko, konpromiso hauek hartu dira:
- Enplegu berdea eta berrikuntza garatzea ekonomia zirkularraren eremuan.
- Hondakinak murriztea eta horien birziklapena eta balorizazioa areagotzea.
Legegintzaldia
XIII. Legegintzaldia