55. Justizia Administrazian Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra 2011-2020

Helburuak

Justizia Administrazioan hizkuntza normalizatzeko plan orokorraren asmoa euskarak justiziaren arloan duen inplantazio ahula gainditzea da, eta herritarren eskubidea bermatzea, Justizia Administrazioaren zerbitzuak beraiek aukeratutako hizkuntzan jaso ditzaten.

Horretarako, bost helburu nagusi finkatzen ditu planak:

1.- Euskarari garrantzi handiagoa eskaintzea eta horri hedapena ematea.

2.- Herritarren eta profesionalen artean euskarazko zerbitzuen erabilera sustatzea, eskaintza ugarituz.

3.- Justizia Administrazioaren zerbitzuan diharduten funtzionarioen artean euskararen erabilera sustatzea.

4.- Epaile, fiskal, eta idazkari judizialek euskararen normalizaziorekiko jarrera positiboa izan dezaten saiatzea.

5.- Abokatuak sentsibilizatzea eta gaitzea.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Aipatutako helburu horietako bakoitzak bere ildo estrategikoak ditu (25 guztira), eta ildo estrategiko bakoitzean ekintza zehatzagoak bereizten dira (63 guztira), planak hartzen duen hamar urteko epean gauzatzekoak.

Plana aurrera ateratzeko eta aurreikusita dauden ekintzak gauzatzen joateko, Sailak Normalkuntza Zerbitzu bat du, bi jarduera eremutan banatutakoa:

a)      Prestakuntza eta dinamizazioa. Esparru honetan hizkuntza gaitasunarekin zerikusia duten ekintzak garatzen dira, bai epaile, fiskal eta idazkari judizialei, bai Justizia Administrazioaren zerbitzuan ari diren funtzionarioei dagokiena.

b)       Baliabide informatikoak eta dokumentalak. Arlo honetako zeregin nagusiak dira bulego judizialetan erabiltzen diren agiri guztiak normalizatzea eta horien erabilera bermatzea. Arlo honetakoa da “Auzia Euskaraz” proiektu berezia, normalkuntza planeko ekintza asko bere baitan hartzen dituena. Proiektu horren asmo nagusia prozedura judizial bat osorik euskaraz bideratzea da, lehen fasetik azken ebazpenera arte, eragile judizial guztien inplikazioa lortuz.

Denborazko konpromisoa

Planak 10 urteko iraupena du, 5 urteko bi plangintzalditan banatuta. Planean jasotako ekintza askori lehen urteetako epea jarri zitzaien, baina, 10 urteko plangintzaldia luzea denez, beste askok 2012-2020 epea dute, denbora tarte horretan urtea zehaztu gabe.

Beste zenbait kasutan, hizkuntza eskakizunen esleipenean, esate baterako, bi plangintzaldiak hartu dira erreferentzia moduan, eta 2010, 2015 edo 2020ko data dute esleipen horiek.

Planeko kudeaketa organoak

Justizia Administrazioko Zuzendaritza

Segimendu eta ebaluaziorako organoak

Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Planean 5 urteko bi plangintza aldi bereizten dira, eta horietako bakoitzaren amaieran Ebaluazio Orokor bat egitea aurreikusten da, bata 2015. urtea amaitutakoan eta 2020an, plana amaitutakoan, bestea. Planaren jarraipena eta dagozkion ebaluazioak egiteko Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren baliabideak erabiliko dira.

Ebaluazio hori egiteko Adierazle Sistema bat dago finkatuta planean bertan. Adierazleek hizkuntza normalizatzeko ekintzak gauzatzen diren esparru guztiak hartzen dituzte (hizkuntza gaitasuna, hizkuntza eskakizunak, irudia, idatzizko erabilera, ahozko erabilera, aplikazio informatikoak…), eta badira Erregistro Zibiletarako eta Bake Epaitegietarako adierazle bereziak ere.

2011. urtea amaitutakoan adierazle guztien oinarrizko ebaluazio bat egin zen, planean ezarritako beste biak egin aurretik konparatzeko oinarri bat izateko.

2013. urtea bukatutakoan, tarteko beste ebaluazio bat egin zen, planean aurreikusi gabekoa, adierazle nagusiak soilik kontuan hartu zituena, ez guztiak.

2015. urtea amaitutakoan egingo da, esan bezala, planaren bost urteko lehen epearen amaieran egin beharreko ebaluazio orokorra.

Planaren indarraldia amaitutakoan, espero izatekoa da euskarak Justizia Administrazioan duen presentzian aurrerapen nabarmena izatea, eta, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz, prozedura judizial oso bat euskaraz ere bideratu ahal izatea.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data:

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data:

Azken aldaketako data: