34. Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategia. Klima 2050

Helburuak

Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Panelaren txostenen arabera, klima-aldaketa da gizakiak etorkizunean duen mehatxurik handienetako bat, eta hala aitortzen du NBEko estatu-idazkari den Ban Ki-moon-ek. Berotegi-efektuko gasen isurketa ez murriztea hondamena izan daiteke naturarentzat, ekonomiarentzat eta pertsonentzat.

20 urtez klima-aldaketari buruz nazioartean eztabaidatu ondoren, eta azken urteotan klimari buruzko goi-bileretan egondako aurrerapenen ondoren, erabakigarria da Parisko COP 21 delakoa. Nazioarteko akordio bat lortu nahi da bertan, planetaren batez besteko tenperatura 2 ºC baino gutxiago igo dadin, industriaurreko aroaren aldean.

Bestalde, isurketak murrizteaz gain, klima-aldaketaren ondorioetarako prestatu behar dugu geure burua. Berotze hori zenbatekoa den eta hori murrizteko ahaleginen eragina gorabehera, klima aldatzearen ondorioak areagotuz joango dira datozen hamarkadetan, iraganeko eragin atzeratuengatik eta gaur egun isuritako berotegi-efektuko gasengatik. Ezer ez egitea baino merkeagoa da horretara egokitzeko neurriak garaiz programatzea.

EAEk klima-aldaketari egiten dion ekarpena txikia da (EBko isurketa guztien % 0,5), baina isurketak murriztearen arloan nazioartean nagusi den printzipioa erantzukizun partekatua da. EAEko gizarteak, beraz, ezin dio bizkarra eman klima-aldaketaren kontrako borrokari, aurre egin dio bere erantzukizunari, eta konpromiso sakon eta zorrotz baten bidez onartu du Klima Aldaketaren Aurkako EAEko Estrategia, KLIMA 2050.

Klima Aldaketaren Aurkako EAEko Estrategia – KLIMA 2015 delakoak erantzuten die EAEko 2020rako Ingurumeneko Esparru Programaren 1., 2. eta 5. helburu estrategikoei, eta 2014an hasitako prozesu luze baten emaitza da fokalizazio estrategikoaren dokumentu bat, klima-aldaketaren arloko aditu askoren artean egina, besteak beste, teknologia-zentroetako eta EHUko ikertzaileak.

2015ean definitu zen estrategia, lankidetzan aritu baitziren Eusko Jaurlaritzako sailak, udalak eta aldundiak, bai eta gizarte zibila ere, parte-hartzeko publikorako hainbat fororen bidez. Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2015eko ekainean.

 

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

2050erako estrategiaren ikuspegia “EAEn bada lehiakorra eta karbono gutxikoa den ekonomia bat, klimaren gaineko ondorioetara egokitua; izan ere, jakintzan oinarritutako klima-politika batek posible egin du teknologiaren berrikuntzak eta garapenak ematen dituen aukerak aprobetxatzea. EAEko gizarteko eragile guztien erantzukizunari esker lortu da hori, Administrazio Publiko eredugarri baten bultzadaz.”

2050erako ikuspegi hori lortzeko, Estrategiak honako bost premisa hauek identifikatzen ditu,  klima-aldaketari buruzko politikan ezinbestekoak:

  1. Plangintza publikoan integra dadila klima-aldaketa murriztea eta hartara egokitzea.
  2. Administrazioaren jardun eredugarria eta koordinatua bultzatzea, karbono-isurketa gutxikoa eta egokitua den gizarte bat lortzeko.
  3. Teknologiaren berrikuntza eta garapena sustatzea, sektore guztietan berotegi-efektuko gasak murrizteko, eta klima-aldaketak gure lurraldeari hainbeste ez erasateko.
  4. EAEko gizarteko eragile guztiek murrizte eta egokitze horretan parte har dezaten bultzatzea.
  5. Klima-aldaketari buruzko tokian tokiko jakintza egokitzea erabakiak hartzeko orduan.

Nazioarteko konpromisoen ildoan, eta hipotesi sozioekonomiko eta energetiko desberdinak aztertu ondoren, honako hauek dira estrategiaren helburuak:

1. Helburua: EAEko BEG-usurketak murriztea,  2030erako gutxienez %40 eta 2050erako gitxienez %80, 2005en aldean eta emergia berriztagarrien kontsumoa amaierako kontsumoaren %40 izatea 2050ean.

2. Helburua: EAEko lurraldea erresilientea izatea klima-aldaketaren aurrean.

Murrizteari buruzko, egokitzeari buruzko eta berriztagarriei buruzko helburu horiek lortzeko, 9 xede eta 24 jardun-lerro definitu dira, 70 ekintzatan zehaztuak. Honako hauek dira 9 xedeak:

KLIMA-ALDAKETAREN ARLOKO XEDEAK

1. xedea. Karbono gutxiko modelo energetiko baten alde egitea

2. xedea. Isurketarik gabeko garraio baterantz jotzea

3. xedea. Lurraldea eraginkorragoa eta erresilienteago egitea

4. xedea. Ingurune naturala erresilienteago egitea

5. xedea. Lehen sektorea erresilienteago egitea, eta haren isurketak murriztea

6. xedea. Hiri-hondakin gutxiago sortzea, eta tratatu gabeko zero isurketa lortzea.

7. xedea. Arriskuei aurrea hartzea.

8. xedea. Jakintza berritzea, hobetzea eta transferitzea.

9. xedea. EAEko administrazio publikoa arduratsua, eredugarria eta erreferentea izatea klima-aldaketaren arloan.

Denborazko konpromisoa

BEGak 2050erako murrizteko EAEko bide-orria

Jardun-lerroak garatu ahala, gaur egungo gizartearen egitura aldatu eta indartu egin da EAEk klima-aldaketaren aurrean duen posizioa: erresilienteagoa izango da klima-aldaketaren aurrean, eta BEG gutxiago isuriko ditu.

Ildo horretan, eta Europak isurketak murrizteko egindako apustuari jarraiki, Klima Aldaketaren Aurkako 2050erako EAEko Estrategiaren xedeek eta jardun-lerroek bilatzen dute energia kontsumitzen duten sektoreak elektrifikatuz joatea eta energia berriztagarrien alde egitea, bai eta aurrezki eta eraginkortasun energetikoaren alde ere. Prozesuak, produktuak eta ohiturak aldatuz gero ekonomia jasangarriagoa eta lehiakorragoa izango da, eta BEG isurketak gutxienez % 80 murriztuko dira 2050erako, 2005ean aldean.

Adierazitako jardun-lerroak ezarri eta xedeak lortuz gero,  energiaren sektoreko isurketak 2050erako % 80 eta industriaren sektorekoak % 70 murriztuko dira, baldin eta sendotzen badira energia berriztagarriak, energia eraginkorrago egiteko teknologiak eta egun garatzen ari diren teknologiak.

Bestalde, EAEko mugikortasuna asko aldatuko da. Lehenik, petrolioaren deribatuak ordezko erregaietara aldatuz joan, intermodalitatea bultzatu, BEG gutxiago isurtzen duten moduak sustatu, eta oinezkoari indarra emango zaio hiriguneetan. Ondoren, azken hamarkadetan, lurralde- eta hiri-plangintza berriari esker mugikortasun-beharrak murriztu ahala, trenbidea eta ibilgailu elektrikoaren modukoak indartuko dira, BEG gutxiago isurtzen duten elektrizitate-iturriei loturik. Aldaketa horri esker, garraioko murrizketak % 80tik gorakoak izango dira 2050ean.

Beste sektore batzuen aldean etxebizitzek eta zerbitzuek BEG gutxiago isuri arren, gehiago murriztu daiteke aurrezki eta eraginkortasun energetikoari esker. Europak markatutako ildotik, energia gutxiago behar duten eraikinen alde egin, eta energia berriztagarriak erabiliko dira. Era horretan, BEG isurketak % 90etik gora murriztea lortuko da 2050ean. Azkenik, hiri-hondakin gutxiago sortuz eta haien kudeaketa optimizatuz, aurrez tratatu gabeko zero isurketa lortuko da, eta sektorearen isurketak % 80 inguru murriztuko dira 2050ean.

2020rako Lana. Aldaketara bidean.

Klima-aldaketa den bezalakoa delako, bai murrizteari dagokionez bai –batez ere– egokitzeari dagokionez, urrutiko horizonteei begira landu behar dira epe labur eta ertaineko ekintzak.

Ildo horretan, EAErentzat ezarritako helburuak eta xedeak epe luzera (2050era) bideratuta daude. Horizonte horretara heltzeko, denbora-tarte laburragoko jarduerak zehaztu behar dira, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenekin eguneratu ahal direnak. Hala, 2050erainoko bide-orria denbora-tarte laburragotan zehaztuko da (hamarkadatan), jardun-lerro bakoitzeko ekintzak espezifikatuz.

Ildo horretan, Estrategia garatzeko lehen aldia, 2020ra artekoa, bat dator Europan ezarritako lehen horizontearekin. 70 ekintza definitu dira 2020ra arte, eta prozesu hauetatik datoz:

  • klima-aldaketaren arloan aitzindari diren beste herrialdeen eta eskualdeen estrategiekin eta planekin kontrastatzea.
  • Eusko Jaurlaritzako sailen arteko lan koordinatua; eta
  • udal, foru-aldundi eta eragile sozioekonomikoekiko prozesu parte-hartzailea.

Era horretan, 2020ra arteko ekintzak dira 2050eko helburuetarako lehen urratsak. Jarraipen-kapituluak dioen moduan, lehenengo ekintza-multzo hori 10 urtez behin berrikusi eta eguneratuko da, 2050erako Estrategia garatzeko hurrengo aldietan.

Estrategiaren dokumentuko 4. kapituluan datoz xede bakoitzaren jardun-lerroentzat definitutako 70 Ekintzak.

 

Segimendu eta ebaluaziorako organoak

Klima Aldaketaren Aurkako 2050erako EAEko Estrategia aterkia eta erreferentzia izango da klima-aldaketarekin lotuta dauden Gobernuaren gainerako politika eta plan sektorialentzat.

Hala, klima-aldaketaren arloko politikak sortzearen nahiz ezartzearen ardatzetako bat haiek koordinatzea da. Klima-aldaketaren izaera horizontala denez, estrategiak eta ekintzak koordinatuko badira, eragile ugarik hartu behar dute parte, modu eraginkorrean lankidetzan. Horregatik, honako egitura hau egongo da:

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak koordinatu eta bultzatuko du Klima Aldaketaren Aurkako 2050erako EAEko Estrategia, eta horretan lagunduko diote  Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak (Industria Sailburuordetza) eta Ogasun eta Finantza Sailak (Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetza).

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak (Ingurumen Sailburuordetza) eutsiko dio Estrategia honi. Horretarako, berarekin lankidetzan aritu beharko dute zerikusia duten alderdi guztiek. Klimaren arloko politikaren ebaluazioa eta jarraipena egiten lagunduko diote Ihobe sozietate publikoak eta URA-Uraren Euskal Agentziak. Zuzendaritza honek Sail koordinatzaileei lagunduko die Estrategia honetako klima-politikaren analisia, diagnostikoa, plangintza eta ebaluazioa egiten.

Erakunde arteko koordinazio-tresna bat ere bultzatuko da EAEko Administrazioen artean, Estrategia honetako ekintzak abiarazteko eta haien jarraipena egiteko.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Klimaren arloko bilakaera eta Estrategiaren aurrerapena ezagutzeko, haren ekintzen eta ondorioen aldizkako jarraipen bat egiteko tresna bat behar da. EAEk baditu aurrerapenak neurtzeko zenbait tresna –adibidez, Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioak, ingurumen-estatistika, tokian tokiko lanen jarraipena, etab.–, eta tresna horiek baliagarriak eta mantendu beharrekoak dira, gure abiapuntua ezagutzeko eta hobetzeko.

Estrategiaren helburuak eta denborarekin lortutako emaitzak konparatuz, haren kontrola eta ebaluazioa egin, desbideratzeak detektatu, eta neurri zuzentzaileak planteatuko dira.

Honako hauek izango dira Jarraipen Planaren elementuak, sinpletasuna eta eraginkortasuna aintzat hartuz:

  • Ekintzen betetze-mailen fitxak: Ekintza bakoitzaren fitxan agertuko dira, besteak beste, arduraduna, jarduerak, eta hura gauzatzeko eta jarraipena egiteko aurrekontua, zerikusia duten sailen kudeaketa-planetan.
  • Jarraipen-adierazleak: ekintzen fitxetan eta aginte-taulan datoz, kalitatezko eta ganorazko informazioan egongo dira oinarrituta, EAEko klimaren egoera islatuz, eta egindako ekintzen neurria eta eragina erakutsiz.
  • Jarraipen Txostenak: Bi urtez behin egingo dira 2017tik aurrera, eta bertan jasoko da aurreikusitako ekintzen aurrerapen-maila Estrategiaren aldi bakoitzean (2020ra arte eta hurrengo aldietan: 2020-30, 2030-40 eta 2040-50), klimaren arloan gertatutako aldaketak, eta helburuen jarraipen-adierazleek izandako bilakaera. Ekintza bakoitzaren fitxa zehatzean agertuko da hura gauzatzeko eta jarraipena egiteko aurrekontua, zerikusia duten sailen kudeaketa-planetan.
  • Tarteko Ebaluazio Txostenak: 10 urtez behin egingo dira 2020tik aurrera eta, jarraipen-txostenetako informazioa jasotzeaz gain, ekintzak gauzatzeko orduan eta Aginte Taulako adierazleetan gertatutako desbideratzeak ebaluatu, eta neurri zuzentzaileak proposatuko dira 2020-2030 eta ondorengo bide-orrietarako. Kanpoko organismo independente baten lana izango da, eta kontuan izango ditu gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza. Arlo horretan erreferentea den kanpoko organismo batek lagunduta egingo da ebaluazio-prozesu hori guztia.

Horretaz gainera, eta beharraren arabera, aurre-txostenak osatzeko txosten eta azterketa sektorial espezifikoak egingo dira. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak koordinatuko ditu txosten horiek guztiak.

Klima Aldaketaren Aurkako 2050erako EAEko Estrategiaren jarraipen- eta ebaluazio-prozesuetan etengabe egongo dira herritarrek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzeko tresnak. Prozesu horiek dinamizatze aldera, klima-aldaketaren arloko aurrerapenak aurkezteko eta kontrastatzeko jardunaldiak egin (Gizarte Foroa), eta parte-hartzea bultzatzeko erabiliko dira Klima-Tec foroa, Udalsarea 21, klima-aldaketari buruzko barometro soziala eta Eusko Jaurlaritzaren web-ataria: www.klima2050.eus.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data:
Ebaluazio data:
Ebaluazio data:

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data:

Azken aldaketako data: