Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

euskadi.eus

Hemen zaude:
  1. Lehendakaritzako hasiera
  2.  
  3. Bakea eta Bizikidetza Idazkaritza Orokorra

Azken eguneratzea: 2012/07/14

Euskadin hartutako giza eskubideen defendatzaileek Kolonbiara itzuli ondoren duten egoeraren jarraipena egin du euskal ordezkaritza batek

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen zuzendari Ines Ibañez de Maeztu buru zuen euskal ordezkaritza bat Kolonbian izan da, Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako babesteko garatu duen programa ebaluatzeko.

Egun hauetan, ordezkaritza Sucre eta Cauca Departamenduetan eta Bogotan izan da, eta lurralde horietan giza eskubideen defentsan diharduten gizarte-erakundeekin eta komunitateekin bildu da. Halaber, giza eskubideak babestera zuzendutako politiken ardura duten tokiko, departamenduko eta nazioko agintariekin hitz egin du ordezkaritzak.

2011. urtean, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Giza Eskubideen Zuzendaritzak giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako babesteko programaren lehen edizioa jarri zuen abian, giza eskubideak defendatzen jardun izanagatik bizia edo osotasun fisikoa mehatxupean duten pertsonak aldi baterako hartzeko helburuarekin. Era horretan, pertsona horiek jasandako tentsioa arindu, eta nazioarteko elkartasun-sareen sorkuntza sustatu nahi da Kolonbiako giza eskubideen defendatzaileen egoera ikusaraztearen eta salatzearen bidez eta intzidentzia politikoaren bidez. 

2011ko irailetik 2012ko martxora bitarte, giza eskubideen hiru defendatzaile izan ziren Euskadin. Ondoren, Kolonbiara itzuli ziren. Zehazki, ikasleen buruzagi bat, kazetari indigena bat eta agintari indigena tradizional bat izan ziren gure artean.

Ordezkaritzak lekuan bertan egiaztatu ahal izan du defendatzaileak babesteko programaren eraginkortasuna, eta jaso dituen iritziak oso positiboak izan dira. Kolonbian giza eskubideen alde diharduten gizarte-erakundeek zein ordezkaritzarekin hitz egin duten Kolonbiako erakunde publikoek adierazi dute programa oso onuragarria dela defendatzaileentzat eta horien erakundeentzat, eta ondorengo edizioetan parte hartzeko asmoa agertu dute.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak, halaber, bisitatutako departamenduetan gaur egun giza eskubideei dagokienez bizi den egoera konplexua –Kolonbiako gatazka armatuari zuzenean lotua– ikusi ahal izan du zuzenean. Ildo horretan, egoera horretan dauden pertsonentzako ondorio kaltegarriak saihesteko aktiboki dihardutela adierazi diote ordezkaritzari erakundeek zein Administrazioak berak. 

Euskadi, auzolana