Eusko Jaurlaritzak kitxua hizkuntza biziberritzeko lankidetza protokolo bat sinatu du Perun

Patxi Baztarrika Hzkuntza Politikarako sailburuordea, Cuzco-ko alkatearekin protokoloa sinatzen

2015.eko maiatzak 29

Protokoloa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, Cuzcoko Udal Gobernuak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Agirre Lehendakaria Center-ek hitzartu dute 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, Cuzkoko Udal Gobernuak (Perú), Euskal Herriko Unibertsitateak eta Agirre Lehendakaria Center-ek kitxua hizkuntza biziberritzeko lankidetza protokoloa hitzartu dute.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak aholkularitza eta laguntza lana egingo du Cuzcoko Udal Gobernuarekin, kitxua hizkuntza biziberritzeko plan baten prestaketan, eta horretarako erreferentziak Euskadiko udalerri askotan azken hamarkadan onartutako udal-planak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako 2013-2017rako Euskararen Agenda Estrategikoa izango dira. Plan horrek helburu estrategikoak eta gauzatu ahal izateko egin beharrekoak jasoko ditu, bai eta zenbat iraungo duen ere.

Kitxuaren biziberritzea Perúko instituzioen lehentasunezko esparrua da. Izan ere, herrialde honetako hizkuntza aniztasuna berreskuratu eta sustatu nahi dute instituzioek. Cuzkoko Udal Gobernuak uste du kultura eta hizkuntza gutxiengoen kultura eta hizkuntza garapena gizarte justiziaren eta kultura balioespenaren adierazgarria dela, bai eta gizarte trinkotasuna sustatzen duen elkartasun kolektiboaren adierazpidea ere. Honegatik uste dute kitxuaren biziberritzeak elkarbizitza hobe bat ekar dezakeela.

Kitxuaren biziberritze lan honetan euskara biziberritzeko prozesua eredugarria da beraientzat. Izan ere, Euskadin bizi izan dugun prozesua erreferentzia bat da Cuzcoko instituzioentzat.

Lankidetza protokolo hau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren bidaia agendaren parte bat da. Izan ere, pasa den asteartean, sailburuordeak Perúko Gobernuko Interkulturalitateko ministrorde Patricia Balbuena Palacios-ekin bilera izan zuen hizkuntza politiken gainean hitz egiteko. Bilera bukatutakoan, Perúko interesari erantzunez, hizkuntza politika kontuetan kooperazio eta kolaboraziorako balioko duen akordio bat gauzatzeko prozesua martxan jartzea erabaki zuten. 

Eusko Jaurlaritzak nazioarteko lankidetzaren esparruan hizkuntza-lankidetzaren kontzeptua garatzea aurreikusten du, munduko hainbat tokitan gutxitze-egoeran dauden tokian tokiko eta berezko hizkuntzak berreskuratu eta biziberritzeko egiten ari diren esperientziei ekarpenak egiteko, eta prozesu horietatik ikasteko.