Rexcatering: gure elikagaien zentzuzko kontsumoaren alde

Erakundea:
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
Organoa:
Gobernu Irekiaren Zuzendaritza
Egoera:
Proiektua aribidean

Helburuak

rexcatering

Berritzailea da, honako arrazoiengatik

Soberakinen berreskurapenerako eta elikagaien kontsumo eraginkorrerako sistema higieniko-sanitario segurua eskaintzen du, eskola-komunitatea barne hartzen duena.

Atxikitzen zaion plana

Rexcatering ingurumen-, hezkuntza- eta gizarte-arloko proiektu bat da, eta teknologia pertsonen eta ingurumenaren eskura jartzen du ikastetxeetako jantokietako elikagai-soberakinak berreskuratzeko, GJHen (12.3) eta Europar Batasunak bultzatutako politika berriekin bat etorriz. Berariaz diseinatutako kudeaketa-tresna informatiko bat baliatzen du prozesu osoa monitorizatzeko, berreskuratutako anoa bakoitzaren kalitatea, trazabilitatea eta erabilgarritasuna ziurtatuz, eta, aldi berean, katearen zatiei informazio baliotsua ematen die, esku hartzen duten alderdi guztientzako (udalak, ikastetxeak, catering enpresak) txosten automatikoak sortuz.

Elikagaien xahuketa, arazo etikoa izateaz gain, arazo ekonomikoa eta ingurumenekoa ere bada. Munduan ekoitzitako elikagai guztien herenak (1.600 milioi tona) zaborretan amaitzen du. Espainia da Europan janari gehien xahutzen duen zazpigarren herrialdea (7,7 milioi tona); horrez gain, zaborretara doan janariaren laurdenarekin munduko gosearekin amaitu ahalko litzateke.

Residuo Cero Fundazioak hausnarketa-prozesu bat egin ondoren (arazo horren inguruko beste ekimen batzuk egin baitzituen, hala nola Hozkailu Solidarioa), araudian sakondu zuen elikagaien xahuketari irtenbide bat bilatzeko gure gizarteko jatetxe handienetan: jantoki kolektiboetan. Inork ez du inoiz lortu jantoki horietan elikagaiak modu seguruan berreskuratzea, prozesuan modu aktiboan parte hartzen duten ikasleak bete-betean inplikatuz.

Eremua

Zerbitzua amaitu ondoren, proiektuaz arduratzen diren jantokiko langileek (aldez aurretik prestakuntza jasotakoak) soberan dauden elikagai guztiak ontzi konpostagarrietan ontziratzen dituzte, betiere tenperatura seguruan badaude (65ºC-tik gora linea beroko elikagaien kasuan, eta 4ºC-tik behera linea hotzeko elikagaien kasuan). Tenperatura horietatik kanpo dauden elikagaiak badaude, zuzenean baztertzen dituzte.

Elikagaiak ontziz aldatu ondoren, ontziak termozigilagailuaren moldeetan sartzen dira eta film konpostagarriz zigilatzen dira. Ondoren, gailu elektronikoa edo tableta pizten da, elikagaia markatu eta etiketa jartzeko makinara bidaltzeko.

Inprimatu ondoren, ontziaren estalkiaren erdian itsasten da, elikagaiaren zati bat agerian utziz. Prozesu hori amaitu ondoren, ontziak hozte azkarreko gailuan sartzen dira eta, behin tenperatura segurua lortuta, hozkailu eramangarriekin zero kostuko salmenta makinetara edo Zero Zabor Hozkailura eramaten dira. Prozesuan ez dago CO2 isuririk duen garraiorik.

Ikasleek funtsezko zeregina dute prozesuan eta proiektuaren parte aktibo bat dira; proiektua parte hartzen duten ikastetxeen hezkuntza-planean txertatzen da. Anoak erabat doan jartzen dira herritarren eskura.

Parte-hartzaileak eta eragileak

Rexcatering EAEko bost udalerritan dago: Hernani, Azpeitia, Etxebarri, Durango eta Lemoa, eta beste hainbeste instalatzeko izapideetan daude: Bilbo, Orio, Portugalete edo Bermeo. Ikastetxe bakoitzean prestatutako anoa guztien % 10 berreskuratzen da, batez beste. Zoritxarrez, elikagaien xahuketa saihetsezina da zenbait sektore kolektibotan, baina janari hori zaborretara botatzea saihestu daiteke. Rexcatering ekimenaren eskalagarritasuna agerikoa da, mundu osoan baitaude jantoki kolektiboak: ikastetxeak, ospitaleak, eguneko zentroak, egoitzak, enpresa handiak...

Xahuketaren ingurumenaren gaineko inpaktua murrizteaz gain (karbono aztarna, aztarna hidrikoa, lurraren okupazioa, etab.), gastu ekonomikoak ere murrizten dira (hondakinen kudeaketa) eta gizartean aurrekaririk gabeko iraultza bat eragiten du: pertsona guztientzako doako janaria.

Janari hori zaborretara botatzen zenean nork kontsumitzen zuen inori axola ez bazitzaion, orain ez da unea horrekin kezkatzen hasteko. Bestalde, azpimarratu behar da prozesuko kontsumigarri guztiak konpostagarriak direla (ontziak, etiketak eta filma) eta ez dela erabiltzen CO2 isuriak dituen garraiorik (ibilbideak oinez egiten dira); horrela, Ekonomia Zirkularraren zirkuitua ixten da.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data:
Ebaluazioaren laburpena:

Parte-hartzaileak: Langile Ikastola, Aratz Ikastetxea, Iraurgi Ikastola, IES Etxebarri BHI, Hernani, Azpeitia eta Etxebarriko udalerrietako agenteak

Lurraldea: Euskadi

Denboraldia: 2019- aurrera

Informazio gehiago: Rexcatering 

Elkarlan Sarien esparruan garatutako transferentzia-produktuak: Bideoa: Ikasleak, Bideoa: Sukaldea, Ikasleentzako Inkesta, Sukalde Langileentzako Inkesta

Kategoriak: Ingurumena, Hezkuntza

Fasea: Diseinua eta plangintza, Martxan jartzea eta garatzea