Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Hezur-giharretako asaldurak laneko gaixotasun maizkoenak dira

 

OSALANen zuzendari nagusiak, Alberto Alonsok, gaur goizean “Hezur-giharretako asaldurak, balorazio ergonomikoaz harago” jardunaldi teknikoari eman dio hasiera. Ekitaldia, Mutualiak antolatuta, Gasteizko Artium museoan izan da.

Ekitaldian zehar agerian geratu da lan munduko baja gehienak asaldura hauen ondorioz izaten direla. Honen harira, OSALANen zuzendari nagusiak zehaztu du “gure Erkidegoan fokoa jarriz gero, 2015. urtean hezur-giharretako asaldurak 14.345 bajadun lan-istripuen kausa dira, lan-istripu guztien %54,2 eta aipatutakoetaik 9.947 gain esfortzuek eragindakoak dira”.

Era berean, Alonsok esan du gaixotasun profesionalei dagokienez, “2015 urteko estatistika datuen arabera, gaixotasun profesionalak guztira 1.889 izan baziren, hauetatik, 769 hezur-giharretako lesioak izan ziren, ia %41, alegia”.

OSALANen zuzendariak datu estatistikoez gain, hezur-giharretako asaldurek  dakartzaten osasun arazoak azaldu ditu; halako min eta eragozpen arinenetatik hasita, (dislokazioak, bihurrituak, etab.), askoz ere koadro mediko larriagoetarino, laneko baja eskatzera eta zenbaitetan tratamendu medikoa jasotzera behartzen dutenak (hausturak, anputazioak, etab.). Azpimarratu egin du gainera, “kasu kronikoenetan, ondorioa desgaitasunen bat ere izan daiteke, eta baita lan egiteari utzi behar izatea ere”.

Ez da harritzekoa, beraz, 2015-2020 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategian era horretako arazoei erreferentzia egitea, baita arazo muskulueskeletikoek eragindako problematikari aurre egiteko ekintza zehatzak ezartzeari ere.

“Beraz, arazo muskulueskeletikoei aurre egiteak, langileen bizitza eta osasuna hobetzen laguntzeaz gain, enpresaren ikuspuntutik ere badu bere zentzua. Arazo muskulueskeletikoei heltzeko orduan, kontuan hartu behar da arazo horiek eragin ditzaketen posturak, esfortzuak eta mugimenduak ez dituela langileak ia inoiz bere borondatez egiten, baizik eta lanpostuaren diseinuak, egin beharreko atazak eta horien antolamenduak baldintzatuta daudela” gaineratu du Alonsok.

Ikuspuntu horretatik “eta jakin badakigu ez dagoela irtenbide bakarra, eta arazoak larriak edo ezohikoak direnean aholkularitza profesionala beharrezkoa izan daitekeela”, OSALANen zuzendariak enpresek ekintza prebentibo asko eta merkeak egin ditzaketela gogoratu du, esaterako, diseinua egokitzea laneko posturak hobetzeko (lanpostua pertsonari egokitzea); arriskuari buruz kontzienteago egitea beharginak, lan egiteko metodo egokiei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea; zama astunak astunak eskuz ez maneiatzen saiatu daiteke, egin beharreko lanak mekanizatuz edo automatizatuz, edo maneiatu beharreko objektuen pisua gutxituz; aldian-aldian etenaldi txiki batzuk egin daitezke (minutu batekoak edo bikoak), lan errepikakorra ez egiten saiatu daiteke...

Adibidez, zerbitzu sektorearen barruan, osasun eta gizarte sektorea da, osasun arloarekin batera, hezur-giharretako asaldura gehien izaten den sektorea, izan ere, laguntzaren bat edota laguntza osoa behar duten gaixoak mugitzea, sektore honetako lanbidearen arrisku faktore nabarmenena da eta aldi baterako zein betirako gorputz lesioak eragiten ditu, bizkar hezur eta goiko gorputz adarretan.

Hauek aintzat hartuta, OSALANek Ergozaintza proiektua babestu du, gaixoak mugitzerakoan hezur-giharretako asalduren arriskua kudeatzeko proiektua, zehazki, EAEko hirugarren adineko egoitzetako egoera ebaluatuz.

Proiektuaren lehen aldia amaituta, OSALANek hiru Foru Aldundietako gizarte zerbitzuekin batera, 2016ko urrian, egindako lanarekin aurrera egitea adostu zuten, ERGOZAINTZA II delakoari ekinez, epe motz, ertain eta luzerako estrategia plan bat ezartzeko, EAEn arlo honetako lan baldintzak hobetzeko eta hezur-giharretako asaldurak gutxitzeko.

2017ko otsailaren 22an Osalan-ek egindako prentsa-oharra (pdf, 328 KB)