Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Agindua, zeinaren bidez, ardoaren sektoreari 5,6 milioi euroko aparteko laguntza ematea onartu baita 2024rako, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren (Errioxa JDK) babespean dauden Arabako Errioxako mahastizainei laguntzeko Ukrainako gerraren ondoriozko enpresa-etekinak murriztu direla-eta.
Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ofiziozko laguntzaren kudeaketa da, aparteko estatu-laguntzen Ukrainako esparrua delakoaren babesean.
Amaia Barredo sailburuaren arabera, "Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen egoera une honetan zaila da. Izan ere, oraindik ez dago COVID-19aren pandemiatik guztiz suspertuta, eta, beraz, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren ondoriozko erregaien, energiaren, lehengaien eta bestelako horniduren garestitzeak eragin negatiboa sortu dio”.
2023ko martxoaren 9an, Europako Batzordeak Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparrua onartu zuen, Ukrainaren aurkako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzako neurriei buruzkoa. Ondoren, Europako Batzordeak erabaki zuen 2024ko ekainaren 30era arte atzeratzea Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparruaren deuseztatze mailakatua, eskatutako babes-neurriak ezartzeko eta estatu kideei beharrezko neurriak aplikatzeko denbora emateko.
Gainera, aldaketa horretan, emandako dirulaguntzen laguntza-atalaseak igo egin ziren, laguntzaren zenbateko mugatua oinarri harturik, zenbateko hauekin, zehazki: 2,25 milioi eurora arte izaera orokorreko enpresa bakoitzeko, eta 280.000 eurora arte nekazaritza-produktuen lehen mailako ekoizpenean jarduten duen enpresa bakoitzeko, eta 335.000 eurora arte arrantzaren eta akuikulturaren sektoreetan.
Azkenik, Europako Batzordeak Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparruaren bigarren aldaketa bat onartu du, Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzako neurriei loturik, eta, horren bidez, aldaketa hori 2024ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.