Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean, Eusko Jaurlaritzak EBk eremu horretarako dituen tresnak nabarmendu ditu: terrorismoaren aurkako estrategia eta agenda, Europol, biktimen babesa, aholkularitza-zentroa, estatistikak, kalte-ordainak, zuzentarauak, eskubideei buruzko plataforma eta koordinatzailea, eta sentsibilizazio- eta memoria-elkarte-sareak

Argitalpen-data: 

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du gaur eguerdian Arabako erakundeetako ordezkariek Gasteizko Enparantza Berrian ekintza terrorista guztien biktimei eskaini dieten minutu bateko isilunean.

“Europan bi muturretako bonbek eta balek eragindako sufrimendua eta izua, eta hori baino gehiago ere, ondo ezagutzen duen leku bat Euskadi da. Gaur, Martxoak 11, erreferentziazko eguna da gure Herrian eta Batasun osoan indarkeria gaitzetsi dezagun eta gazteei erakutsi diezaiegun etorkizuneko bidea demokraziarekin, giza eskubideekiko konpromisoarekin, elkarrizketarekin, errespetuarekin eta lan politikoarekin bakarrik dela posible” adierazi du Nerea Melgosak.

“Terrorismoaren aurkako borroka lehentasun nagusia da hemen eta Europar Batasuna osoan”

Europako Batzordeak eta Europolek emandako datuak aipatu ditu sailburuak: “biktimei laguntzea, atentatu terroristenak barne, Europako Batzordeak mehatxu terroristaren dimentsio guztiak lantzeko egiten duen lanaren zati garrantzitsu bat da”. EBk esparru juridiko sendoa ezarri du biktimak Europa osoan babesteko, EB mailako kalte-ordainen sistemaren, Biktimen eskubideei buruzko zuzentarauaren eta Terrorismoaren aurkako borrokari buruzko zuzentarauaren bidez.

Terrorismoaren Biktimen Omenezko Europako Eguna mugarri bat da urtero, mundu osoan terrorismoaren biktimak oroitzeko. 2004ko martxoaren 11n, Madrilen eztanda egin zuten bonbek 193 pertsona hil eta milaka zauritu zituzten. 2005az geroztik, Europar Batasunak, M-11n, mundu osoko ankerkeria terroristen biktimak gogora ekartzen ditu.

2020ko urtarrilean, Batzordeak sortutako Terrorismoaren Biktimentzako Europako Aholkularitza Zentroak abian jarri zituen bere jarduerak, batez ere estatu kideei babesa emateko, atentatu terrorista baten ondoren biktimei laguntzeko.

Zentroak Terrorismoaren biktimei buruzko EBren eskuliburua ere argitaratu zuen. Von der Leyen Batzordeak Biktimen eskubideei buruzko EBren lehen estrategia onartu zuen (2020-2025).

Estrategia horren helburu nagusia da delituen biktima guztiek, delitua egin den EBko lekua edozein dela ere, beren eskubideak erabat erabili ahal ditzaten bermatzea. Estrategiak biktimak ahaldundu nahi ditu, delituak salatzeko, kalte-ordaina eskatzeko eta, azken buruan, delituaren ondorioetatik suspertzeko.

2020ko irailean, Batzordeak Biktimen Eskubideei buruzko EBko Plataforma inauguratu zuen, eta Biktimen Eskubideetarako Europako Batzordeko lehen koordinatzailea izendatu zuen.

Erradikalizazioaren aurrean Sentsibilizatzeko EBko Sareak, terrorismoaren biktimen memoriari buruzko lantaldearen bidez, biktimen esperientziak aurkezten ditu, biktima horien guztien oroimenean laguntzen du, eta indarkeriazko estremismoaren giza ondorioak nabarmentzen ditu. Biktimen eskubideak eta babesa ere Batzordeak sortutako Terrorismoaren Biktimen Elkarteen Europako Sarearen lanaren elementu nagusiak dira.

Lehenik eta behin, terrorismo-delituak prebenitzeko, EBk propaganda terroristaren aurka egiten du, bai linean, bai lineaz kanpo, terroristek atentatuak planifikatzeko, finantzatzeko eta egiteko bitartekoak eta maniobra-tartea izatea eragotziz, eta erradikalizazioaren aurka ere borrokatuz.

2020ko abenduan, Batzordeak Terrorismoaren aurka Borrokatzeko Agenda berri bat aurkeztu zuen, EB mailan terrorismoaren aurka borrokatzeko ekintzetarako jarraitu beharreko bidea ezartzen duena, mehatxu terroristei hobeto aurrea hartzeko, prebenitzeko, babesteko eta erantzuteko. Agenda barne-segurtasunaren arloak hartutako bidearen emaitzetako bat da, Batzordeak 2020ko uztailean onartutako Batasunaren Segurtasunaren Estrategiaren funtsezko osagaia.

Sailaren oharra EBk eta estatu kideek emandako estatistikekin osatzen da.

 

Informazio gehiago

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea