Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Baterako lanean eta etorkizunari begira egindako inbertsioan oinarritutako lankidetza-eredu baten alde agertu da Lehendakaria

Argitalpen-data: 

Lehendakariak Paturpat patatak prozesatzeko instalazioa inauguratu du. Iñigo Urkulluk adierazi du konfiantza eragiten duten eta hazkuntza iraunkorra sustatzen duten inbertsio horiek bultzatzeko konpromisoarekin jarraituko dutela erakundeek

Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua aldamenean zuela, patatak prozesatzeko Paturpat kooperatibaren instalazio berriak inauguratu ditu gaur goizean.  

Eskainitako hitzaldian, Lehendakariak erakunde publikoen eta enpresen arteko “elkarlan leialeko eredua” azpimarratu du inbertsioa bultzatuko duen konfiantza-giro bat sortzeko. Horrela, baterako lanaren eta etorkizunari begira egindako inbertsioaren garrantzia azpimarratu du.

Lehendakariak azaldu duenez, produkzio-ekonomia erreala babesteko eredu bat da eta, kasu honetan, jarduerako lehen sektorea babesteko bereziki. Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi du konfiantza eragiten duten eta hazkuntza iraunkorra sustatzen duten inbertsio horiek bultzatzeko konpromisoarekin jarraituko dutela erakundeek. “Ekonomia-jarduera eta enplegu-aukerak sortzea lankidetza-eredu hau indartzeko dugun gaitasunak baldintzatzen dituela" esan du.

Lehendakariaren arabera, baterako lana "borondateak batuz eta produkzioan kooperatuz" sortzen da, produktuaren kalitatearekiko konpromisoraino heltzen da eta ikerketan inbertitzen du hautabide berritzaile gehiago eskaintzeko.

Amaitzeko, “lankidetza-eredu hau proiektu berriak abian jartzeko eta esparru eta sektore guztietan gure ekosistemaren lehiakortasunean aurrera egiten jarraitzeko gakoa dela” esan du Lehendakariak.

Paturpat

Paturpat sortu zen, bertako langileek produktu berriak ikertzeko eta garatzeko lan handia egin eta nekazaritzako elikagaien sektorean erreferentziako zentro teknologikoen babesa jaso ondoren. Enpresak 5. gama deitutakoaren barruan sailkatutako kontsumitzeko prest dauden produktuak merkaturatzen ditu. Era horretan, DEPATATA, PATURPAT bere marka komertzialaren bitartez, hainbat modutara moztutako patata eskaintzen du, zuritua, hutsean bilgarriratua eta lurrunetan kozinatua, kontserbagarririk eta alergenorik gabe, patatarekin egindako plateretan erabiltzeko prest.

Patata prozesatzeko instalazio berritzaile hau —24 langile ditu— martxan dago bertan egindako 3,5 milioi euroko inbertsio bati esker.