Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2017/03/20

"Redcycle" Ternua markak eta OPEGUIk burututako arrantza-sare birziklatuen proiektua aurkeztu da

Gaur, Donostiako Aquariumean, Redcycle proiektua aurkeztu da, Ternua markak eta OPEGUI elkarteak, Gipuzkoako baxurako arrantza ekoizleak, burututako ekimena eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso duena. 2015ean sortu zen proiektu hori. Hari esker, Bermeoko, Getariako eta Hondarribiko euskal kofradiek erabiltzen ez ziren arrantza-sareak bildu dituzte eta sare horiek hari bilakatu dira, janzki tekniko iraunkorrak ekoizteko. Hain zuzen, 2016an, abandonatutako 12 tona sare jaso ziren, eta, sare horiek erabiliz, Ternuak 2018ko udazkenneguko bildumarako dendetan egongo diren bi galtza-mota sortu ditu. Redcycle proiektuaren helburua da gizarteari ulertaraztea birziklatzeak eta planeta zaintzeak duen garrantzi handia.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du. Prentsaurrekoan, Leandro Azkuek, Arrantza eta Akuikultura Zuzendariak, horrelako ekimenak balioetsi ditu, arrantzasektorearentzat onuragarria izateaz gain gizarte osoari on egiten dioten ekimen publikopribatuak: “Itsasoa arrainez beteta egoten saiatzen gara, gure arrantzaleek arrantzan egin dezaten, baina, gainera, itsaso garbia eta osasuntsua izaten laguntzeko konpromisoa dugu, denon onerako, arrantzaleen eta gizarte osoaren onerako”.

Orobat, proiektuaren kontzientziazio-asmoa azpimarratu du. “Itsasoa eta, oro har, natura ez zikintzeko kontzientziatu behar dugu, gure elikagai-iturririk aberatsena eta askotarikoena baita. Gure natura-baliabideak errespetatu eta zaindu behar ditugu, hurrengo belaunaldiek ere haietaz gozatzeko aukera izan dezaten”.

Nabarmendu behar da gaur egun itsasoan dauden zaborrak eta sare abandonatuak oso arriskutsuak direla itsas ekosistementzat. Kalkulatu denez, 640.000 tona sare daude itsas hondoetan (Europako Ingurumen Agentzia). Sare horiek, itsasoa kutsatzeaz gain, heriotza eragin diezaiekete zenbait animalia-espezieri. Halaber, uste da egun portuetako biltegietan erabiltzen ez diren sare asko daudela, eta inork ez daki inoiz erabiliko diren ala ez.

Oraingoan, Ternua eta Italiako Aquafil enpresa elkarlanean aritu dira. Enpresa hori aitzindaria da birziklatze-prozesu paregabe bati esker, erabiltzen ez diren sareetatik eta nylonezko beste hondakin-material batzuetatik ECONYL® izeneko hari bat sortzeko. Sareak Eslovenia bidaltzen dira. Han, Aquafilek, hondakinak prestatu, txikitu eta garbitu ondoren, ECONYL® haria egiteko instalazioetara bidaltzen ditu. Orduan, hondakinek birziklapenean zeharreko bidaiari ekiten diote: lehengai bihurtzen dira berriro, eta, ondoren, ECONYL® haria egiteko erabiltzen dira. Eta haria ehun-ekoizleei bidaltzen diete. Azkenean, arrantza-sareak eta beste material batzuk (hala nola moketak) birziklatzen dira haria egiteko. Hari hori Bartzelonako IBQ enpresara bidaltzen dute, ehunak egin ditzan, eta, ehunak Arrasatera iristen direnean, Ternua janzkiak diseinatzen eta garatzen hasten da. Emaitza izan da ehun berri bat erabiliz, janzki birziklatuak eta birziklagarriak egiten dira, Lurra errespetatzen dutenak.

Lehenengo honetan, 12 tona sare bildu dira. Horri esker, Ternuak 9 tona poliamida birziklatu eta erabilgarri lortu ditu. Poliamida birjinaren kantitate hori lortzeko, 18 tona petrolio kontsumitu beharko ziratekeen, eta 40 tona CO2 sortu.

Hain zuzen, Nofir erakundeak datu zehatz hauek ematen ditu:

• Karbono-aztarnaren murrizketa 39.413 kg CO2-ren baliokidea izan da (3,6 kg CO2/kg).
• Baliabide berriztaezinen murrizketa 18.612 kg petrolioren (olioa) baliokidea izan da (1,7kgs olio/kg).
• Hondakindegietan, errausketan edo itsasoan amaitzen diren produktuen hondakinen kopurua era txikitu da: 6.680 kg gutxiago (0,8kg/kg).

Aurkezpena amaitzeko, Xabier Zalduak, OPEGUI elkartekoak, mezu bat helarazi dio gizarteari: “Nork bere ekarpena egin behar die hurrengo belaunaldiei. Horretarako, ez dugu itsasoan sarerik utzi behar, eta, bestalde, itsasoko hondakinak jasotzen lagundu behar dugu”.