Euskadiko gizarte-ekonomia, erreferente Europan

Argitalpen-data: 

Euskadiko gizarte-ekonomia gaur Göteborgen egin den Nazioarteko Konferentziaren protagonista erreferentziala izan da. Konferentzia bihar Suediako hirian Eskubide Sozialen Europako Zutabea berretsiko duen Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Europar Batasuneko Gailur Sozialean kokatzen da. Europako Zutabearen helburu nagusiak dira ekonomia sozialagoak eta bidezkoagoak, soldata eta bizi-maila hobeekin, langileentzako babes berriak eta lan-eskubideen aplikazio zorrotzagoa bermatzea.

Gaurko Nazioarteko Konferentziak gizarte-ekonomiak Europako Zutabearen helburuak lortzeko bete behar duen eginkizuna izan du ardatz, eta atera diren ondorioak bihar aurkeztuko dizkiete Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuei. Horien artean dago Europako Batzordeak datorren urterako bere lan-agendan 2018-2020 Europako Ekintza Plana sartzeko eskaera. Plan horrek gizarte-ekonomiaren enpresak sustatuko ditu, haien nazioartekotzea sustatuko du eta Europar Batasunean hazkunde ekonomikoari, gizarte-kohesioari eta garapen iraunkorraren helburuei egiten dien benetako ekarpena ikusaraziko du.

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Euskadiko gizarte-ekonomiak duen indarraren giltzarriak aurkeztu ditu Göteborgeko Konferentzian. Izan ere, ia 2.300 enpresa dira, tartean kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu-zentro bereziak eta laneratzeko enpresak, 88.000 pertsonari baino gehiagori enplegua ematen dietenak. Eusko Jaurlaritza 2018an indarrean jartzeko lantzen ari den Kooperatiben Lege berriaren garrantzia nabarmendu ondoren, bere sailak Euskadiko gizarte-ekonomia osatzen duten familiak bultzatzera eta finkatzera bideratzen duen laguntza-pakete garrantzitsua aditzera eman du sailburuak.

Informazio gehiago