Euskadik konpromisoa hartu du berotegi-efektuko gasen emisioa %30 jaisteko 2020rako
Argitalpen-data:
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, gaur arratsaldean, Miguel Arias Cañete Europar Batasuneko Energia eta Klima Aldaketa komisarioarekin batu da, Bruselan. Bertan, Arriola sailburuak aurrez aurre ezagutu ditu Europar Batasunak klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko dituen ildo estrategikoen berri, eta Euskadi arlo horretan egiten ari den lanaren berri eman du.
“Euskadin -esan du Arriolak-, oso argi dugu erronka nagusietako bat klima-aldaketaren aurkako borroka dela, eta gure jarduketek Parisko Akordioan ezarritako helburuekin eta, modu zabalagoan, Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorri behar dutela, eta hala da. Hori dela eta, jarduketak koordinatu behar dira, komunikazio-kanalak ezarri eta elkarrekin kima-aldaketaren efektuei aurre egiteko politikak bateratu”.
Euskadiren jardun-ildo nagusietako bat gai honetan da karbono gutxiko ekonomia lortzea eta berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea. Hori horrela, Arriolak hauxe esan du: “Europar Batasunak helburu gisa 2020rako 1990aren aldean emisioak % 20 murriztea jarri badu ere, Euskadin dagoeneko lortu dugu % 24 murriztea, 2005aren aldean, eta 2020rako % 30era heltzea aurreikusten dugu”.
Epe luzeagora, klima-aldaketaren euskal estrategiak (Klima 2050) 2050erako emisioak % 80 murriztea aurreikusten du, eta energia berriztagarrien proportzioa gutxienez % 40 haztea.