Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2017ko Osalanen eta Azti-Tecnaliaren arteko lankidetza hitzarmena laneko arriskuak EAEko lehen sektorean murrizteko

Gaur goizean, OSALANen eta AZTIren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu da Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean. Bere xedea da segurtasuna eta osasuna hobetzea lehen sektorean eta bere balio-katean.

 

Bi erakundetako ordezkariak, OSALANeko Zuzendari Nagusi Alberto Alonsok eta AZTI Fundazioko Zuzendari Nagusi Rogelio Pozok sinatu dute EAEko lehen sektorearen ezbehar-kopurua murriztu nahi duen lankidetza-hitzarmen hau. Helburua da bi erakundeen sendotasunak uztartzea lan-ohiturak hobetzeko xedearekin, material, ekipamendu eta teknologien erabilera egokiagoa eta seguruagoa bermatuz eta prebentzio-kultura berri bat ezarriz.

Honela, sektorearen ezbehar-kopuru handia aintzat hartuz (bere intzidentzia-tasa 7,68koa da, hau da, sektorean lan egiten duten 100 pertsona bakoitzetik ia 8k baja dakarren istripuren bat pairatzen dute urtean -657 arin, 12 larri eta heriotza eragin zuten 4 2016n-), bi erakundeen helburua izango da laneko segurtasun eta osasunerako neurriak eta prebentzio- eta babes-neurriak integratzea arrisku-iturriak murriztu eta segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko lan-arloan. OSALAN eta AZTI lan-postuen diseinu, hobetze eta egokitzean murgilduko dira garapen, konponbide eta berrikuntza teknologikoak aplikatuz.

Lan-arlo ezberdinetan ingurune seguruak eta osasuntsuak sortzen eta laneko arriskuen prebentzioari dagokion ezagutza kudeatzen duen eskarmentua jarriko du OSALANek. AZTIk berriz, kide teknologikoa den heinean, bere proiektuetan aplikatzen duen berrikuntza jarriko du mahai gainean. Osalanek, halaber, 48.000 € jarriko ditu hitzarmenak bilatzen dituen helburuekin bat doazen proiektu eta jarduera-ildo zehatzak diruz laguntzeko.

Lankidetza honen erronka nagusienetako bat izango da jarduketa-estrategia berriak sustatzea lehen sektorean, “Nekapreben”, “Itsaspreben” eta “Elikapreben” arlokako prebentzio-planez haraindi joan eta balio-kate guztia barne hartu, inplikaturiko eragile guztien esfortzua batu eta ingurune arriskutsuenak lan-arlo osasuntsu eta seguruagoak bilakatzeko gaitasuna duten horiek zeintzuk diren identifikatu ahal izateko. Honela, lehen sektorea erakargarriagoa izango da gaurko zein etorkizuneko profesionalentzat eta sektorearen beraren etorkizuneko jasangarritasuna sustatuko da.

2017ko martxoaren 17an Osalan-ek egindako prentsa-oharra (pdf, 324 KB)