Ekonomia eta Ogasun Saila

Argitalpen-data: 2016/04/18

Kontsumobidek hitzarmena izenpetu du Kutxabank-ekin eta Laboral Kutxarekin, Ondarroako Kamiñalde kaleko lur-jausiak kaltetutako pertsonen hipoteka-zorra berregituratzea errazteko

90 familiari baino gehiagori eta pertsona fisikoei egingo die onura akordio horrek; kaltetutako pertsonetatik hipotekaren bat duten ia guztiei
Kontsumobide lanean ari da akordio hori gainerako banku-erakundeetara hedatzeko

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak hitzarmen bana sinatuko du asteazken honetan Kutxabankekin eta Laboral Kutxarekin, Ondarroako Kamiñalde kaleko lur-jausiak eragindako pertsonen hipoteka-zorra berregituratzea errazteko. Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, eta eragindako familiei laguntzeko asmoz, Kontsumobidek abian jarritako negoziazioek emaitza hori izan dute.

Pasa den martxoan, Ondarroan, behera etorri zen mendi-hegala eta hainbat herritarrek beren etxebizitzak utzi behar izan zituzten, beste leku batean bizitzeko.

Ondorioz, gertakari hark kaltetutako familiak egon daitezkeen egoera ekonomiko zaila arintzeko asmoz, Kontsumobidek, Kutxabankek eta Laboral Kutxak adostu dute eragindako etxebizitzen eta lokalen gaineko hipoteka-zorra berregituratzeko aukera eskaintzea familia horiei, eta berregituratze-plana bideragarria ez denean, neurri osagarriak hartzekoa. 90 familiak baino gehiagok eta pertsona fisikoek dute hipoteka-maileguren bat Kutxabanken eta/edo Laboral Kutxan, eta akordioak horiei egingo die onura.

Hipoteka-zorra berregituratzeko aukera eskainiko zaie familiei baldintza hauetan:

  • Urte 1 kapital-amortizaziorik gabe.
    Familiaren egoera eta etxebizitzen bilakaera gorabehera, urtero berrikusi ahal izango da, gehienez bost urtez.
  • Amortizazio-epea, gehienez, 30 urtera zabalduko da, mailegua eman zenetik hasita; 40 urteko epea ere eskainiko da, familiaren egoera pertsonala gorabehera.
  • Kapital-amortizaziorik gabeko epean, interes-tasa aplikagarria % 0 izango da.

Era berean, akordioak neurri osagarriak zehazten ditu, berregituratze-plana bideragarria ez denerako. Plana ez da bideragarria izango hileko hipoteka-kuota familia-unitatearen diru-sarreren % 50 baino handiagoa bada. Kasu horietan, amortizatzeke dagoen kapitalaren zati bat kitatzea eskatu ahal izango da; Laboral Kutxak edo Kutxabankek onartzeko edo ukatzeko aukera izango dute.

Kontsumobide lanean ari da gainerako banku-erakundeekin, akordioa horietara hedatu eta kaltetutako familia guztiek izan dezaten aukera egoera ekonomikoa arintzeko neurriei heltzeko.