Argitalpen-data: 2014/10/08
Euskal Biobankua, kalitatezko ikerketa biomedikorako funtsezko tresna
Osasun Saila
Gaur goizean Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordea, Euskal Biobankua, aurkeztu da. Euskal sistema sanitarioaren ekimen handinahi honek 10 urte bete ditu eta mugako zientziak praktika klinikorako translazioa egiteko funtsezko aktiboa da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketako eta Berrikuntzako zuzendariak egin duen agerraldian nabarmendu duen bezala.
Maria Agirrek esan du Euskal Biobankua banku publikoa dela, irabazi-asmorik gabekoa eta modu zorrotzean arautzen dela. Banku hau emaileen eskuzabaltasunarekin elikatzen da eta aitzindariak diren programak ditu, esaterako, garunak emateko programa. Biobanku hau biobiltegi bat da (lagin biologikoak gordetzeko lekua) eta bertan lagin biologikoen 400 bildumatik gora daude. Biobiltegi honetan Osakidetzako 260 profesionalek jarduten dute eta biobanku honek 2013. urtean, esaterako, tokiko, estatuko eta nazioarteko 74 proiektutarako lagin biologikoak eman zituen.
Biobankuko Zuzendari Zientifiko Roberto Bilbao egon da Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariarekin batera, eta azken honek esan du «Biobankuan kontserbatzen diren lagin-eskaeren % 70etik gora Euskaditik kanpokoak dira, eta eskaera horietatik % 17 atzerriko eskaerak dira. Biobanku efizientea da eta eredugarria, bai funtzionamenduarengatik bai I+Garen alorreko jarduerengatik; azken faktore hori, gainera, Euskal Biobankuaren faktore bereizlea da.»
Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak Biopool bezalako adibideak jarri ditu, Biopooleko jarduerak komunikabideetan oihartzun handia izan baitu; baina, errepikatu du biobankuen funtzionamendua eta horien existentzia, beraz euskal biobanku honena ere «ikerketa biomedikoan eta profesional sanitarioen jardunean konfiantza duten herritarren eskuzabaltasunean oinarritzen da (pazienteak eta emaile potentzialak).» Horrela, eta sistema honi esker, herritarrak profesional batek behar bezala informatzen dituenean, jakinaren gainean eta beraien borondatez ematen dute gorputzeko zati bat (lagin biologikoa) prozesu asistentzial batean, esaterako, odola aterata edo tumore bat erauzita. «Horrela» esan du, «pertsonek eta gizarteak ikerketa biomedikoari ekarpena egin diezaiokete modu erraz batean.».
Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak Biobankuarekin harro dagoela adierazi du, zeren nabarmendu du «Biobankuen Erregistro Nazionalean akreditatzen eta izena ematen lehenengoa izan zen, eta lortu dituen emaitzei dagokienez, erakunde honek, efizientziaren aldetik, baldintza eta helburu berdineko beste batzuk gainditzen ditu».
«Euskal Biobankuaren misioak» azpimarratu du «Osasun Sailak bere politikan ezarri dituen hainbat helbururen oinarrizko nukleoa laburbiltzen du: ikerketa eta berrikuntza, eta herritarren parte-hartzea.» Biobankua ospitale-esparruko edo esparru sanitarioko plataforma bat da, eta zientzia, teknologia eta enpresako alorrekin lankidetzan aritzen da, ezagutza sortzen eta prebentzio, diagnostiko eta tratamenduko tresnak garatzen laguntzeko. «Horrela, –azaldu du– lagin biologikoak behar diren translazio-ikerketako proiektuen erreferentzia izan nahi du. Eta, gainera, herritarren lankidetza efikaz bat lortu nahi du, eta ikerketa biomedikoaren bidez, emaileen eta hartzaileen arteko lotura itxi nahi du.