Ekonomia eta Ogasun Saila

Argitalpen-data: 2014/06/18

Dekretua, 2014. urtean enpresa-finantziaziorako abal publikotan 100 milioi euroko zenbatekoa emateko programari buruzkoa

Euskal enpresak finantzatzeko helburuz, abal publikotan 100 milioi euroko zenbatekoa emateko programa arautzen duen dekretua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen arauak, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi hau hasi zenetik hartutako beste neurri batzuek bezalaxe, euskal enpresa-sektorearen finantzaketarako abal publikoak emateko programa bati heltzeko beharrari erantzuten dio, inbertsioak egiteko, baina baita merkataritza-trafiko arrunterako.

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen finantziazio falta arintzeko laguntzak ezarri ditu, batez ere ekonomia eta enpleguarentzat ezinbestekoak diren enpresa-taldeari begira. Laguntzak jasotzeko lehentasuna izango dute bakarrik edo beste enpresekin lankidetzan proiektu garrantzitsuak (gehienak nazioarteko merkatuan) egiteko aukera zuten enpresek, hain zuzen ere proiektuak garatzeko eta gauzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko hornitzaileei eskari berriak egiten zizkietenek.

Eusko Jaurlaritzak gure autonomia-erkidegoaren oinarrizko euskarria enpresa-sektorea izaten jarraitzea nahi du, eta horren aldeko apustu aktiboa eginez, programa hau onartu du, sektorean, eskualde-mailan, ekonomikoki edo gizarteari begira daukaten garrantziarengatik neurri-mota hau justifikatzen duten enpresa-proiektuei laguntzeko.

Laguntza hauek ETEen edo ETE-taldeen inbertsioak finantzatzeko abal publikoak emanez gauzatuko dira, garrantzi berezia emango zaiolarik industria- eta enplegu-ehundura mantentzeari.

Dekretuak biltzen duen laguntza-erregimenak alderdi hauek hartzen ditu kontuan:

 -  Berme edo abala krisian ez dauden ETEei bakarrik emango zaie.

-   Abalaren zenbatekoa behar bezala ebaluatuko da, ematen den unean; finantza-transakzio espezifikoei lotuta egongo da, gehieneko zenbateko finko bat izango du, eta denbora mugatu baterako emango da.

-   Abalaren zenbatekoa, oro har, inbertsio-proiektuari, eskaerari edo kontratuari lotutako finantza-eragiketaren kapital nominalaren % 30ekoa izango da; gehienez ere zenbateko nominal abalatuaren zenbatekoa emango da, 6 hilabeteko interes-mugarekin.

Azken batean, laguntza-programa hau gure enpresak finantzatzeko gainontzeko laguntza-ildoei batzen zaie eta, zentzu horretan, Gobernu Programaren helburuetako bat betetzera dator: kreditu-lerroak sendotuz, abal publikoen programak definituz eta proiektu estrategikoei lagunduz ekonomia produktiboaren aldeko finantza-tresnak sendotzea, euskal enpresen finantza-ahalmena areagotzeko.

 Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 17a