Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Ordaindutako baimenak

Legez onartutako baimen ordainduen artean daude adingabearen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimena, haurdunaldiko arriskuagatiko baimena eta bularreko haurra zaintzeko baimena.

DESKRIBAPENA

Lehen amatasun- eta aitatasun-baimenak bereizten zituen baimen hori martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatu zen Langileen Estatutuan. Erreforma honen bidez, erantzunkidetasunaren printzipioa bete nahi da, gurasoen adingabeen jaiotzagatiko baimenen iraupena parekatuz, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko.

Hala, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, guraso bakoitzak lan-kontratuaren 16 asteko etenaldi bera izango du, horietako bakoitzarentzako nahitaezko sei baimen-aste barne (lanaldi osoan hartuko dira), eta ezin izango dira asteak alde batetik bestera laga.

LAN KONTRATUAREN ASKENTZEA

  • Jaiotza, adopzio, adopzio aurreko zaintza edo harreragatiko kontratu-etenaldiak amaitu ondoren kaleratzea baliogabetzat jotzeko epea 12 hilabetekoa da.
  • Babes hori luzatu egiten da langilea adingabea zaintzeko eszedentzia- edo murrizketa-egoeran badago.
  • Probaldiak irauten duen bitartean, kontratua enpresak eskatuta suntsiaraztea deuseza izango da haurdun dauden langileen kasuan, eta haurdunaldia hasten denetik erditu arte, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin zerikusirik ez duten arrazoiak egiaztatzen ez badira.

PRESTAZIO EKONOMIKOA

Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazio ekonomikoa, subsidio bat izango da, oinarri arautzaile baten %100, hots, kontingentzia arrunten ondorioz eragiten den aldi baterako ezgaitasunagatik dagoenarena.

Prestazio honen kudeaketa gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari (INSS) dagokio. Informazio gehiago hemen eskuragarri.

DESKRIBAPENA

Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan jasotako baimen ordaindua da. Horren bidez, gurasoek, modu naturalean edo adopzio, zaintza edo harrera bidez, beren lanpostutik ordubetez irteteko eskubidea dute, bularreko haurra zaintzeko.

Jaiotza, adopzio, adopzio helburuko zaintza edo harrera anizkoitzen kasuan, baimenaren iraupena proportzionalki luzatuko da.

FUNTZIONAMENDUA

Honela bana daiteke:

  • Egunean ordubetez lanera ez joateko baimena, eta ordu hori bi zatitan bana daiteke.
  • Lanaldia ordu erdi murriztea lanaldiaren hasieran edo amaieran.
  • Edoskitze-baimen metatua, hau da, baimen horren orduak metatzea lanaldi osoak lortzeko. Negoziazio kolektiboan aurreikusitako moduan edo enpresaburuekin adostutako moduan egingo da (15 eguneko iraupena, gutxi gorabehera).

Lehenengo bi kasuetan, baimenaren iraupena haurrak 9 hilabete bete artekoa izango da. Bi gurasoak lanean ari badira eta bularra emateko baimena eskatzen badute, 9 hilabetetik 12 hilabetera luzatzea eskatu ahal izango da. Hala ere, bederatzi hilabetetik hamabi hilabetera bitarteko aldian ez da ordainduko, soldataren zati proportzionala deskontatuko baita. Sistema horrek lanaldi-murrizketaren antz handiagoa du.

Egoera hori orekatzeko, "Bularreko haurra zaintzeko erantzunkidetasunagatiko" prestazioa sortzen da. Aldi baterako ezintasunagatiko prestaziorako ezarritako oinarri arautzailearen% 100aren baliokidea den prestazioa da, eta lanaldiaren murrizketaren proportzioan arautuko da. Informazio gehiago hemen.

ONURADUNAK

Langile guztiek izango dute baimen hori hartzeko eskubidea, eskubide indibiduala baita. Horregatik, ezinezkoa da eskubide hori alde batetik bestera transferitzea.

Hala ere, enpresa bereko bi langilek eskubide hori baliatu nahi badute, enpresaburuek aldi berean baliatzeko aukera mugatu ahal izango dute, funtzionamenduari buruzko arrazoi justifikatuak tarteko, eta idatziz justifikatu beharko dute.

ESKAERA EREDUA

Eskabide-eredu bat deskargatzeko, egin klik hemen

 

DESKRIBAPENA

Langileen Estatutuak beste arrazoi batzuk jasotzen ditu langileak lanera ez joateko, aldez aurretik jakinarazita eta justifikatuta, eta ordainsaria jasotzeko eskubidearekin. Hauek dira

  • Hamabost egun natural, langilea ezkontzen bada.
  • Bi egun, odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideen heriotzagatik, istripuagatik edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoagatik. Langileak bidaia bat egin behar badu zaintza horretarako, epea lau egunera luzatuko da.
  • Egun bat ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik (etxez aldatzeagatik)
  • Eginkizun sindikalak edo langileen ordezkaritza-eginkizunak betetzeko.
  • Jaio aurreko azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak egiteko behar den denbora, eta, adopzioa, adopzio aurreko zaintza edo harrera bada, nahitaezko informazio- eta prestakuntza-saioetara joateko eta egokitasun-adierazpenaren aurreko nahitaezko txosten psikologiko eta sozialak egiteko behar den denbora.
  • Nahitaezko betebehar publiko eta pertsonal bat betetzeko, botoa ematea barne, behar den denbora.

KONTUAN IZATEKO

Kasu horiek aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboek zabaldu ditzakete.