Olatz Garamendi Landa sailburuaren agurra

Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua

Ongi etorri Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren orrira.

Jakingo duzuenez, eginkizun eta jarduketa-arlo hauek dagozkio sail honi: Eusko Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanak, autonomia-garapeneko politika eta koordinazioa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, funtzio publikoa, Autonomia Estatutuaren defentsa juridikoa, Euskal Gobernantza Publikoa aplikatzeko ereduaren diseinua, informazio-sistema eta telekomunikazio korporatiboak eta Eusko Jaurlaritzaren argitalpen-jarduera, eta gobernuaren jarduera legala, juridikoa eta administratiboa kudeatzearen ondorio diren askotariko eginkizunak.

Arlo honetako sailburu gisa dudan erronka nagusietako bat Gernikako Estatutua behin betiko betetzea da, lau hamarkada luze baitaramatzagu euskal erakundeok gure Estatutuak aitortutako eskumenen arabera dagozkigun politika publiko guztiak aurrera eraman ezinik. Gainera, eta ildo horretatik, sail honek irmo defendatzen du gure Legebiltzarraren lege-ekoizpena, gure eskumen-eremua Estatuko Gobernuaren oinarrizko legeriak edo Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak ahuldu ez dezan.

Gainera, XXI. mendean bete-betean sartuta, Administrazio moderno bateranzko etengabeko eraldaketari ekin diogu, arreta presentzial saihestezina eta arreta telematiko onena eta eraginkorrena uztartuko dituena, eta horretarako, jarri beharreko baliabideak jartzen ditugu, bai giza baliabideak, bai baliabide teknikoak. Bide horretan, gainera, ezinbestekoa da gure Administrazioaren hurrengo belaunaldi-ordezkapenari ekitea, funtzio publikoko enplegua egonkortuz, zerbitzu publikorako euren onena urteak ematen daramatenen esperientzia eta jakinduriari eutsiz, langile publikoen belaunaldi berriei aurretiko ezagutza ahalik eta ondoen transmititzen zaiela bermatuz.

Azken batean, pertsonei begira dagoen saila gara, euskal erakundeek, eta bereziki, Jaurlaritza honek gure herritarrei zerbitzu bikaina emateko tresnarik onenak izan ditzagun.

Web orri honetan nahi eta behar duzun informazioa lortuko duzulakoan, har ezazu agur bero bat.

Sailaren informazio gehiago