Argitalpen-data: 2016/04/14

Euskarazko 600 liburu baino gehiago braille eta audio sistemara egokitu dira Itsuendako

Liburuak egokitzea helburu duen proiektu honek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru laguntza garrantzitsua jasotzen du

ONCE Euskadiko fondo bibliografikoetan itsuendako egokitutako euskarazko 600 liburu baino gehiago aurkitu daitezke. Egokitzapen lan hauek ONCEko teknikariek egin dituzte, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru laguntzarekin. Bien arteko lankidetza hau 2006an hasi zen eta 11 urte hauetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 480.800 euro bideratu ditu egokitzapen proiektu honetara.

Datu hauek Juan Carlos Anduezak, ONCEko lurralde Ordezkariak, Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Ana Davilak, ONCE Euskadiko Zerbitzu Buruak, eskaini dituzte.

Liburu hauek braille eta audio formatura (Daisy sistemara) egokitzen dira. ONCEk eta Eusko Jaurlaritzak euskarazko liburuak grabatzeko eta digitalizatzeko konpromisoa urtez urte mantentzen dute. Hori bai, egokitu behar diren liburuen kopurua urtero aldatzen da. Aurten, 55 lan egokituko dira.

Gainera, ONCEk, bere afiliatuen artean aipatu formatuetako liburuak uzteko mailegu zerbitzua ere bultzatzen du.

Aurten, lan hau aurrera eramateko, 44.000 euroko fondo bat eratu da. Kopuru honen %35a ONCEk jarri du (15.400€) eta gainontzeko %65a (28.600€) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Bi erakundeen arteko lankidetza honek aurrerapausoa suposatzen du gizarte bateratzaile baten alde egiterakoan, izan ere, pertsona ezgaituak gizarteratzeko ezinbestekoak baitira kultura, aisialdia, hezkuntza eta lana eskuragarri edukitzea. Lankidetza honi esker, euskaraz dakiten eta ikusmen ezgaitasuna duten pertsonek euskaraz argitaratutako literaturaz –euskal literatura eta literatura unibertsala- goza dezakete, euren hizkuntza eskubideak ere bermatuz.

Juan Carlos Anduezak, ONCEko lurralde Ordezkariak, esan du: “gaur aurkezten duguna ez da gastu bat, inbertsio bat baizik. Inbertsio bat da ikusmen ezgaitasuna duten pertsonek euskarazko liburu egokituak eskuragarriago izan ditzaten. Egia esan, demanda handia daukagu”.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “Aukera berdintasuna da, zalantzarik gabe, gizarte demokratiko baten oinarria. Aukera berdintasuna gizarte esparru guztietan; eta gauza bera, aukera berdintasuna, hizkuntza kontuetan ere, aukera berdintasuna hizkuntza aukeratzerakoan ere. Beste pauso bat gehiago ematen dugu ONCE eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzarekin ikusmen urritasuna duten herritarrei beren irakurketetan euskara aukeratzeko “aukera” zabaltzen jarraitzen dugulako, duela 11 urte hasiera eman genion bidean aurrera”.