Argitalpen-data: 2014/11/20

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak arrakastaz gainditu ditu emaile bizien lehen 100 giltzurrun-transplanteak

Osasun Saila

 

Azaroan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean emaile bizien 101. giltzurruntransplantea egin dute, bere modalitate askotarikoetan. Azken bi urteetan, Osakidetzako ospitaleak emaile bizien 90 transplante egin ditu, eta, gainera,arrakastaz parte hartu du ospitale arteko bederatzi kate eta gurutzatzetan, eta, hala, bederatzi transplante egin ditu zeinak bestaldera ez ziren posible izango emailearekiko konpatibilitate-ezagatik. Horretaz gain, emailea eta hartzailea konpatibleak ez diren bi transplante egin dira, aurretik antigorputzak kentzeko desentsibilizatzea eginda.

 

Kontu teknikoei eta emaitzei dagokienez, nabarmentzekoa da aldi horretan eman diren organo guztiak kirurgia laparoskopikoa eginda lortu direla; hala, molestiak eta kontrako eraginak gutxitu zaizkie emaileei.Emaile eta hartzaile guztiak atera dira bizirik.Bigarren aldi honetan, batek izan ezik gainerako txerto guztiek funtzionatu zuten behar bezala, eta tratamendu mota horretako konplikazioak konpondu egin dira azken urteetako aurrerapenek ekarri dituzten metodo diagnostikoekin eta terapeutikoekin, betiere profesional guztien trebeziari eta lan gogotsuari esker. Kepa Esnaola doktore eta Bizkaiko transplanteen koordinatzaileak hau esan du:

"Tarte honetan, lortu dugu, emaile biziei esker eta bigarren urtez jarraian, Gurutzetako Ospitalean izan diren transplanteen %25 mota honetakoak izatea. 2013an, Espainiako Estatuan ez zen inon egin hainbeste giltzurruntransplante, eta, emaile bizien kopuruari dagokionez, bigarrena izan zen (Bartzelonako Hospital Clinicen ondotik)".

 

Jendearen elkartasuna eta elkarlana Osakidetzako zentro guztietan.

 

Zirkulazio- eta lan-istripuetan jende gutxiago hiltzen denez, gutxitu egin da hildakoen donazioa; horregatik, abian jarri da Emaile Biziaren Giltzurrun- Transplantearen Programa. Beraz, emailearen profila ezinbestean aldatu da: orain ez da 30-40 urte arteko gaztea eta traumatismo kraneoentzefalikoz hila, 60 urteko emaile adindua eta istripu kardiobaskularrez hila baizik. Hala, emaile horiek urtetsuagoak direnez, gutxitu egin da transplantatu beharreko jende gazteago horren probabilitatea. Etorkizunean, espero dute errepideetako eta laneko istripuak gehiago gutxitzea; hortaz, beharrezkoa izango da programa horrekin segitzea.

 

Gauzak horrela, emaile biziaren giltzurruneko transplanteak dakartza emaitzarik onenak. Santiago Rabanal Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari gerenteak uste du beharrezkoa dela "emaile bizien eskuzabaltasun eskerga eskertzea. Izan ere, elkartasuna bikoitza da: organoa familiako edo hurko bati emanda, handitu egiten da heriotzagatiko donazioaren itxaronzerrendan dauden pazienteen transplante-aukera ere. Pertsonen arteko elkartasuna motor inportantea da paziente horiek osasuna berreskuratzeko."

 

Emaile biziaren giltzurruneko transplantea diziplina anitzeko prozesua da; Osakidetzako zentro guztietako profesional sanitario eta ez-sanitario askok hartzen dute parte; izan ere, hasierako egokiespena eta ebaluazioa dialisi-unitatea duten zentro guztietan egiten da.

 

Santiago Rabanalek zera nabarmendu du: "Profesional inplikatu guztien ahaleginari eta koordinazioari esker lortu dugu hau guztia: nefrologoak, urologoak, anestesistak, immunologoak, erizaintzako pertsonala, laborategiak, erradiodiagnostiko zerbitzua, etika-batzordea, psikiatrak, epaileak eta abar, eta betiere transplante-koordinatzaileen laguntzarekin".

 

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Komunikazio Bulegoa – 94 600 6428

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea

 

 

2014ko azaroaren 20a