Argitalpen-data: 2013/12/10
Estatistikako 2014-2017 Euskal Planaren Lege Proiektuari buruzko prentsa oharra
Jaurlaritzaren Kontseiluak, Ogasun eta Finantza sailburuak proposatuta, Estatistikako 2014-2017 Euskal Planaren Lege Proiektua onartu du gaur eta laster bidaliko du Legebiltzarrera. Estatistika Plana da Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera estatistikoa antolatzeko tresna. Indarrean izango den bitartean zer estatistika eta antzeko zeregin landuko diren xedatzen du. Oinarrizko eta funtsezko helburua jarduera estatistikoa planifikatzea eta sistematizatzea da, hori Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibo izanik; hortaz, zeregin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundeak gauzatuko ditu indarraldian zehar.
Eusko Jaurlaritzako sailekin, foru-aldundiekin eta udalekin batera prestatu du Eustatek Planaren Lege Proiektua, eta prozesuan, halaber, hainbat gizarte-eragilek ere –enpresa-elkarte, sindikatu, merkataritza-ganbera, kontsumitzaile-elkarte nahiz unibertsitate– hartu dute parte, Euskal Estatistika Kontseiluaren babesean sortutako lan-taldeen bitartez. Parte hartu duten gizarte-eragileek 2014-2017 aldirako beharko den informazio estatistikoaren inguruan erdietsitako adostasunaren ondorioa da Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektu hau.
Estatistikako 2014-2017 Euskal Planaren Lege Proiektua honako hauek osatzen dute: testu artikulatu bat, zioen azalpen bat duena; lau artikulu eta amaierako hiru xedapen, eta Estatistikako 2014-2017 Euskal Planaren Proiektuan bildutako eragiketa estatistikoen zerrenda xehatua (eragiketa bakoitzaren kodea, izena, helburu generikoak, hura egiteaz arduratu den erakundea, parte hartu duten beste erakunde batzuk, eragiketaren gai-arloa, eragiketaren egoera, emaitzak argitaratzeko maiztasuna eta eragiketa mota) biltzen duen eranskin bat.
Haren artikuluek aipatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduerak aintzat hartu beharko dituela Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodeko printzipioak. Kode hori kalitatezko hamabost printzipiotan oinarritzen da, erakunde-ingurunea, estatistikak lantzeko prozesua eta estatistika-ekoizpena jorratzen dituztenak.
Lege-proiektuak laurtekoan egin beharreko 234 eragiketa estatistiko biltzen ditu; aurreko planak baino zortzi gehiago. Eustatek egingo ditu 127 eragiketa, besteak Jaurlaritzako sailen artean banatuko dira, honela: Ingurumen eta Lurralde Politika: 28 eragiketa; Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna: 26 eragiketa; Enplegua eta Gizarte Politikak: 17 eragiketa; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura: 13 eragiketa; Osasuna: 11 eragiketa; Herri Administrazio eta Justizia: 6 eragiketa; Ogasuna eta Finantzak: 4 eragiketa, eta Segurtasuna: 2 eragiketa. Horiez gain, parte-hartzaile gisa agertzen dira Lehendakaritza, foru-aldundiak eta udalak.
Estatistikako 2014-2017 Euskal Planaren Legearen kostua 72,3 milioi eurokoa da, indarrean izango den lau urteentzat; aurreko planak baino % 26,1 gutxiago, termino homogeneoetan.
Erakunde bakoitzeko gastuak aztertuz gero, laurtekoa aintzat hartuta, Eustatek egingo du ahaleginaren % 70,8, eta bere gastu-aurrekontua 51,2 milioi eurokoa izango da. Eustaten ondoren, baina urrun, daude Enplegu eta Gizarte Politika Saileko gastua, 5,9 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Ingurumen eta Lurralde Politika sailarena, 5,6 euroko aurrekontuarekin; hiruen kostuak batuta, Planaren guztizko kostuaren % 86,8 biltzen du.
Estatistikako 2014-2017 Euskal Planean bildutako eragiketa estatistikoak 22 gai-arlotan banatzen dira. Kostu handienekoa «Demografia eta gizarte-ohiturak» izenekoa da eta, guztira, 31 eragiketa biltzen ditu (Estatistikako 2014-2017 Euskal Planaren Proiektuaren guztizko kostuaren % 14,40); horren atzetik «Estatistika azpiegitura» dator, guztira 17 eragiketa biltzen dituena, guztizko kostuaren % 12,16, alegia; hirugarren lekuan «Kontu ekonomikoak» dago, 25 eragiketarekin eta guztizko kostuaren gaineko % 11,27arekin.
Lege Proiektuak urtean behingo argitaratze-maiztasuna duten 95 eragiketa biltzen ditu; 26 hilean behingo edo hiru hilean behingo maiztasunarekin; 26 jarraitu, 25 bost urtean behingoak eta 24 bi urtean behingoak.
Informazioa argitaratzeko modu zabalduenak Internetako zerbitzaria (217 eragiketa) eta datu-bankua (114 eragiketa) dira. Zentsu bidezko 64 eragiketa, laginketa bidezko 51 inkesta eta 46 sintesi-eragiketa zenbatu dira guztira.
Nabarmentzekoa da 54 eragiketa estatistiko bide telematikoetatik jasotzen direla, 57 administrazio-dokumentuen transkripzio bidez, 50 elkarrizketa pertsonalen bidez eta 43 norberak beteta.