Ekonomia eta Ogasun Saila

Argitalpen-data: 2013/06/17

2014ko Aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak

1. HELBURUA ETA NORAINOKOA

2014. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoek Aurrekontu Araubidearen Legean ezarritakoari erantzuten diote. Lege horren arabera, jarraibide horien zeregin nagusia da sailek eta gastua kudeatzeko zentroek aurrekontuak zein testuingurutan egiten diren ondo uler dezatela eta orientabide argiak izan ditzatela aurrekontuei eman nahi zaien eduki ekonomikoei dagokienez.

Jarraibideak funtsezko elementua dira estrategia-planak-aurrekontua katean. Aurrekontuak, Jaurlaritzaren jardunen zifra bidezko espresabidea denez, gobernu-ekintzaren helburu handiei erantzun behar die eta Jaurlaritzaren estrategia zabaldu behar du estrategia hori epe ertainerako planen bidez ondoren artikulatzeko, plan horiek urtero aurrekontu-jarraibideen eta aurrekontuen beren bidez gauzatuta.

Estrategiak eta urteroko aurrekontuak uztartzea zeregin izugarri konplexua dela onartzen da leku guztietan, foro profesional zein akademikoetan. Zailtasun hori indar handiagoz adierazten da egungoa bezalako zalantza handiko ingurunetan, funtsezko aurrekontu-aldagaiak aldez aurretik zehaztea zaila baita, hala nola diru-sarrera fiskalen bilakaera, zor subiranoko merkatuen joera, aurrekontu-egonkortasuneko araudia edo Europako politika ekonomikoa eta haren eragina azkenean erabilgarri izango diren baliabideen gain, esaterako.

Horregatik, abiarazitako prozesu baten zatitzat hartu behar dira jarraibide hauek. Dokumentu honetan gauzatzeak ez du esan nahi uko egiten zaionik inguruneko aldaketak sistematikoko berrikusi beharrari eta aldakuntza horiei erantzuteko planteaturiko estrategia eta jardunak berriz orientatzeko beharrari.

2. GOBERNU EKINTZA ZEIN TESTUINGURUTAN GARATZEN DEN

Estrategia orok barne-egoeraren diagnostiko bati eta ingurunearen azterketa bati erantzuten die. Inguruneko aldaketek nahi diren helburuen bideragarritasuna, helburu espezifikoen zehaztapena eta haiek lortzeko bide eta denborak baldintzatzen dituzte.

Jarraibide hauek egiten diren testuinguruan bi faktorek baldintzatzen dute bereziki Jaurlaritzaren estrategia eta hura 2014rako programazioan gauzatzea: (1) testuinguru makroekonomiko atzerakorra, kostu sozial eta finantza-desoreka gero eta handiagoak eta garrantzitsuak eragin dituena eta (2) desoreka horiek finantzatzeko eta politika antiziklikoa egiteko zailtasun bereziak, gaur egungo krisiak sustrai bereziki ekonomikoa izatearen ondorioz.

2.1. Testuinguru makroekonomikoa: bilakaera, egungo egoera eta perspektibak

2.1.1. Bilakaera eta egungo egoera

Susperraldi ahuleko bi urteren ondoren, euskal ekonomiaren BPGak beherakada handia izan zuen 2012. urtean, Eustatek % -1,2an kalkulatu duena.Urtean zehar erakutsitako hiru hilean behingo profilak egoera etengabe okerragotu dela adierazten du, urte-hasierako % -0,4tik azken tartean izandako % -1,7ra. Termino konparatibotan, Espainiarenaren antzeko portaera izan zuen euskal ekonomiak, baina Europaren batez bestekoa baino nabarmen txarragoa (% -1,4 batetik eta 0,3 Europar Batasunean bestetik). Euskadik lau urteko aldian bizi izan duen atzeraldia dugu hau, eta 2009koa bezain sakona izan ez bada ere, bertatik ateratzeak denbora gehiago eskatuko duela iradokitzen du erakutsitako bilakaera-profilak.

Hazkundearen dezelerazioa ez zen euskal ekonomiaren ezaugarri berezia izan, eta, aitzitik, oro har gertatu zen arlo ekonomiko guztietan ere. Munduko ekonomiak bere hazkunde-erritmoa apaldu egin zuen % 3,2raino, aurreko bi urteetan lorturikoarekin alderatuta balio nabarmen txikiagoraino, baina 1981etik 2010erainoko aldian lorturikoaren antzekoa da, dena den. Beste urte batez, garapen-bideko herrialdeak izan ziren munduko ekonomiaren hazkundeari ekarpen handiena egin ziotenak (herrialde horietan sortu zen BPG globalaren hazkundearen % 80 baino gehiago), aurreko urteetako erritmoak errepikatzeko gai izan ez baziren ere. Zehazki, % 7,8ko hazkundea lortu zuen Txinak 2012an, balio nabarmena izanagatik azken hamabi urteetako txikiena ere badena. Bere bezero nagusien ahuleziak, batez ere europarrenak, bere barne-merkatua bultzatzera behartu zuen Txina. Indiak, bere aldetik, ia erdira gutxitu zuen bere aurrerapen-erritmoa, eta Brasilen igoera, aldiz, % 1aren azpitik geratu zen.

Ekonomia garatuen artean, Estatu Batuak eta Japonia nabarmendu ziren, biak ere BPGaren % 2 inguruko igoerekin, aurreko urteko emaitzak hobetuta. Horrela, hazkunde apaleko hirugarren urtea kateatu zuen 2009ko jaitsiera handiaren ondorioz. Herrialde horretan harturiko pizgarriak, batez ere ekonomikoak, daude emaitza on horien oinarrian, eta horien ondorio dira enplegu-sorkuntza nabaria eta langabezia-tasaren jaitsiera. Bestalde, Japoniak atzean utzi zuen 2011ko berrerorikoa eta zifra positiboa lortu zuen 2012an, 2011ko martxoko lurrikararen eta haren ondorengo tsunamiaren ondoren buruturiko berreraikuntza-obrek baldintzatuta, ekonomia bultzatu egin baitzuten urteko lehenengo seihilekoan, eta bigarren erdian, aldiz, zifrak oso apalak izan ziren.

Europa aldeko bilakaera horretatik urrun ibili zen eta prozesu atzerakorra izan zuen berriz ere, intentsitate txikikoa bada ere. Zehazki, Europako Batasunak % -0,3ko tasa izan zuen urte osoan, hainbat herrialde eraginpean hartu zituen zor subiranoko krisiak, jarduera gelditu zuen austeritate-politika batek, agente ekonomikoen espektatiba pesimistek eta Europako erakundeen erantzun mantsoak kalte eraginda. Hazkundea oro har apaldu zen eta Europako herrialde handien arteko bakar batek ere ez zuen aurreko datua hobetzea lortu. Hazkunde handieneko laugarren herrialdea izan zen Alemania (% 0,7), baina 2011n lorturikoaren laurden bat baino gutxiago izan zen hori. Erresuma Batuak ere balio positiboa izan zuen (% 0,3), baina oso mugatua, olinpiar jokoak antolatzeak herrialdeko hiriburuari eragin zion bultzada gorabehera. Frantzia gelditu egin zen, eta Espainiak eta Italiak jaitsiera oso nabarmenak izan zituzten urte horretan.

Dinamismoaren galera orokorra izan zen, eta euskal ekonomia atzeraldian sartu zen berriz ere ia 2012. urtearen hasieratik. Emaitza horrek 2010ean hasitako susperraldi-prozesu ahulari amaiera eman zion eta BPG errealaren maila 2009an izandakoaren azpitik ere jarri du. Izan ere, zabalkundeko azken urterako (2008) 100en berdina den baliorako, atzeraldi handiak 96,1eko maila izan zuen, eta 96,9ra ere igo zen hurrengo bi urteetan, baina 95,8ra jaitsi da 2012an. Horrenbestez, benetako BPGak lau puntu pasatxoko jaitsiera metatuta du azken lau urteetan. Termino nominaletan, BPGaren aldakuntza 2012an % 0,1 baino ez zen izan.

Produkzioaren bilakaera negatiboak aurreko urteetan galduriko enpleguaren zati bat berreskuratzeko posibilitatea urrundu zen, eta, izan ere, okupazioa 2012an izan zuen jaitsiera oso handia izan zen (% -2,5), aurreko bi urteetan izandakoa baino handiagoa ere bai. Horrekin, krisia baino lehenago zegoen enpleguaren guztizkoaren % 8,5 galdu da dagoeneko. Zehazki, azken lau urteetan, 83.000 lanpostu pasatxo desagertu dira, eta horietatik 23.000 2012an desagertu ziren. Enpleguaren murrizketak % 12,1eraino igo zuen langabezia-tasa urteko batez bestean, portzentajezko puntu bat pasatxo 2011ko datuaren gainetik, baina zortzi puntu baino gehiagoko igoera metatzen du krisia hasi zenetik.

Barne-eskariaren eroriko bortitzak eragin zuen euskal BPGaren jaitsiera, kanpo-sektorearen ekarpen positibo garrantzitsuak partzialki konpentsatu zuena, portzentajezko puntu pasatxoan kalkulatzen baita ekarpen hori. Kanpoko saldoaren emaitza on horri mesede egin zion faktorea inportazioen bilakaera izan zen (% -6,4), nabarmen murriztu baitziren barne-eskariaren beraren ahuleziarengatik. Esportazioek ere jaitsiera oso handia izan zuten 2012an (% -5,2), baina inportazioena baino txikiagoa, dena den. Bi aldagaiak profil bereziki negatiboa erakutsi zuen urtearen bigarren erdian.

Barne-eskariaren barruan, kapitalaren eraketa gordina izan zen bere zifrak gehien murriztu zituen elementua (% -5,4), eta bereziki kezkagarria da hori, jaitsiera jarraituko bost urte metatu baititu dagoeneko. Bestalde, enpresa-espektatibak okerragotu izanak produkzio-ekipoak berritzea edo handitzea eragotzi zuen, haientzat errentagarritasun egokia lortzeko ziurtasunik ezaren eraginez. Bestalde, eraikuntzako inbertsioak bizitegi-sektorearen doitze-prozesu batean murgilduta jarraitzen zuen, eta defizita kontrolatu ahal izateko inbertsio publikoak murriztu beharra gehitu zitzaion horri. Horri guztiari, finantzaketa lortzeko sektore pribatuaren zailtasunak gehitu behar zaizkio, finantzaketa-sistema saneatzeko testuinguruan.

Eskaintzaren aldetik, nekazaritza-arlokoak ez diren sektore guztiek beren balio erantsia murriztu zuten 2012an. Beste behin ere, eraikuntzak izan zuen urteko jaitsiera handiena, bost urte jarraitu kateatu baititu jaitsierekin, higiezinen burbuilaren eztandaren ondoren. Euskadiko balio erantsiaren % 7,8 da orain sektore hori, hiru puntu azpitik 2007an zuen indarrarekin alderatuta, jarduera horretan egin den doikuntza garrantzitsuaren erakusgarri. Bestalde, industriak % 2,4 gutxitu zuen bere balio erantsia 2012an, barne-eskari oso ahularen eta urtean zehar apaldu zen kanpoko sektorearen eraginez.

Zerbitzuen sektoreak jasan zituen beste inork baino hobeto 2012ko atzeraldiaren zailtasunak, baina bere balio erantsia ezin izan zuen gehitu (% -0,3). Eroriko nahiko apala bada ere, serie historikoaren lehen jaitsiera da, 2009an sektore horrek geldialdia izan baitzuen, zifra negatiboetan sartu gabe. Atzeraldi honen eta haren arteko aldea sektore publikoaren egitekoan datza; izan ere, 2009an gainerako adar tertziarioen jarduerarik eza konpentsatu zuen, eta 2012an, ordea, bere gastua halabeharrez doitu behar izan zuen. Bestalde, merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioen multzoak jaitsiera apala izan zuen (% -1,1), barne-eskariaren ahuleziaren eraginez. Gainerako zerbitzuek ez zuten erorikorik izan, baina haien balio erantsia modu marjinalean gehitu zen soilik.

Espero zitekeenaren aurka, euskal BPGak izandako eroriko handia kontuan izanda, 2012an ez zen produktibitatearen igoera deigarririk izan, eta, aitzitik, enplegu-galera gertatu zen hazkunde gutxiko edo lanpostuen sorkuntza handia gertatu zen hazkunde handiko uneetan (2011n eta 2007an, hurrenez hurren) lortu ziren zituen mailak atxiki zituen. Horrek adierazten duenez, enpresetan izandako plantillen murrizketa, oso garrantzitsua izanda ere, erlatiboki apala izan zen. Izan ere, Espainiarekin alderatuta ikus daitekeenez, BPGaren antzeko murrizketa izanda (% -1,4), herrialde horretako enplegu-jaitsiera % 4,4 izan zen, % 3,0ko produktibitate-irabaziarekin, Euskadikoaren oso gainetik. Enpleguaren murrizketa apaldu izana, langile bakoitzeko kostuen euspenari zor zaio, zati batean, bigarren urtez ez baitziren igoeraren % 1era iritsi. Emaitza hori langile publikoei soldata murrizteak baldintzatzen du partzialki, baina sektore pribatuan ere oso balio apalak izan ziren kostuen arloan.

Jardueraren ahuleziak berak prezioek portaera apala izatea ahalbidetu zuen, eta horren adierazgarri da BPGaren deflaktoreak 2012an % 1,1 igotzea soilik. Goranzko presiorik ez izate horretan eragina du, halaber, langile publikoei aparteko paga kentzeak, kontsumo publikoaren deflaktorea urteko hirugarren ondoz ondoko jaitsierara eraman baitzuen. Kontsumo pribatuaren deflaktorea % 2,0 gehitu zen 2012an, aurreko urtean baino lau hamarren gutxiago. Bestalde, KPIak % 2,3ko igoera izan zuen, aurreko urtekoa baino nabarmen txikiagoa, zergen eta prezio arautuen igoera garrantzitsuak gorabehera, bereziki urtearen bigarren erdian gertaturikoak.

2.1.2. 2013-2015 aldiko perspektiba makroekonomikoak

Munduko perspektiba ekonomikoek jarduera ekonomikoa suspertuko dela adierazten dute, baina egoera ekonomikoa izaten ari den narriadura progresiboaren erakusgarri izan dira hurbileko etorkizunerako hazkunde-espektatiben beheranzko ondoz ondoko berrikuspenak, hainbat erakunderen eskutik egindakoak.

Nazioarteko Moneta Funtsaren arabera, munduko produktua % 3,3 haziko da 2013an eta % 4, aldiz, 2014an. Gorabideko ekonomiek munduko hazkunde ekonomiakoaren buru izango dira, baina azken urteetako tasa handietara iritsi gabe, kanpo-eskariaren ahulezia kontuan izanda.

Azken hilabeteetan, herrialde aurreratuetako agintariek munduaren susperraldirako epe laburrean zeuden bi mehatxu nagusiak bideratzea lortu dute: eurogunea hausteko mehatxua eta Estatu Batuetan gertaturiko bat-bateko kontrakzio fiskala, "amildegi fiskal" batean erortzeak eragindakoa. Dena den, 2013ko ekonomia aurreratuentzako urteko hazkunde-pronostikoa, % 1,2 apala, ez da 2012an izandakoa baino hobea. Aurreikusten denez, jarduera pixkana-pixkana azeleratuko da 2013ko bigarren seihilekotik aurrera eta % 2,2 lortuko du 2014an, Estatu Batuetako % 3 inguruko hazkundeak bultzatuta.

2013ko eurogunearentzako hazkunde-pronostikoa negatiboa da, eta herrialde periferikoen ahuleziari (zor subiranoaren krisiak gehiago erasan ditu herrialde horiek) zein herrialde zentralen atoniari zor zaio hori. 2013ko bigarren erditik aurrera, jardueraren susperraldia espero da EBEn (% 1,1), munduko eskariaren susperraldiak, moneta-politikaren ildo moldakorrak eta egonkortasun handiagoko finantza-baldintzen normalizazio progresiboak bultzatuta.

Testuinguru horretan, kontrakzio handia izango du Espainiak, % 1,5 inguru, 2014tik aurrera hazkunde-tasa positiboak ezaugarri izango dituen jardueraren susperraldiaren bidetik. 2013an langabezia-tasa % 27ra iristea espero da, eta gero jaisten hastea, baina hurrengo ekitaldietan betiere % 25aren gainetik atxikita.

Dena den, hor jarraitzen dute susperraldi ekonomikoa konpromisoan jartzen duten arriskuek. Batez ere eurogunearen bilakaerarekin lotuta daude arrisku horiek: geldialdi luzea, doikuntzak eragindako nekea, Zipreri egindako erreskatearen inpaktuak eragindako zalantzak eta Italiaren egoera politikoa eta erreforma instituzional eskasa, eta Estatu Batuetako eta Japoniako defizit fiskaleko maila eta zorpetze-maila handiak.

Europako ekonomiaren susperraldiaren atzean dauden zalantza handien testuinguru horrek (betiere kontuan izanda Europaren atzeraldia hasieran aurreikusitakoa baino luzeagoa eta sakonagoa dela) dagozkion ondorioak ditu euskal ekonomiaren hazkundean, zuzenekoak eta zeharkakoak.

Iaz jarduera ekonomikoak izandako beherakadak beste atzeraldi batera eraman du euskal ekonomia, oraingoz 2009an izandakoa baino intentsitate txikiagokoa bada ere. 2013rako aurreikuspenek jardueraren beherakadak iazkoaren intentsitate bera (% -1,2) izango duela adierazten dute, eta hazkunde positiboa 2014tik aurrera, barne-eskaria suspertzen den neurrian.

Kontsumo pribatua izango da suspertzen hasiko den barne-eskariaren lehen osagaia finantza-aberastasun garbia suspertzen eta eskariko inflazio-tentsiorik ez dagoen neurrian. Bestalde, kontsumo publikoak tasa negatiboekin jarraituko du, Administrazio Publikoak egiten ari diren kontsolidazio fiskaleko prozesua luzatu egin delako. Eskaria suspertzen den neurrian, kapitalaren eraketa gordinak beherakada geldituko du, eta 2015etik aurrera indarberritzea espero da.

Jarduera ekonomikoaren hazkunde leun horrek, % 1,5etik beherakoak izatea espero diren BPGaren hazkundeekin, 2015eraino atzeratzen du enplegu-sorkuntza, eta hori horrela, epe ertainera ez da espero krisiak irauten duen bitartean suntsituriko enpleguaren susperraldirik. 2013an 20.000 enplegu baino gehiago suntsitzea espero da eta 2014an beste 6.000 gehiago.

2013-2015 aldiko jokaleku makroekonomikoa

2012 2013 2014 2015

BPG -1,2 -1,2 0,8 1,3

Azken barne-kontsumoa -1,2 -1,2 0,3 0,7

Etxekoen unitateen kontsumoa -1,0 -0,9 0,9 1,1

Administrazio publikoen kontsumoa -2,1 -2,2 -2,0 -0,7

KEG -5,4 -3,7 0,0 1,1

Barne-eskaria -2,2 -1,8 0,2 0,8

Kanpo-eskariaren ekarpena 1,1 0,6 0,6 0,5

BPG deflaktorea 1,1 1,6 1,6 1,9

Enplegua -2,5 -2,3 -0,7 0,7

Langabezia-tasa (batez bestekoa) 12,2 13,7 12,7 11,5

2.2. Aurrekontu-egonkortasuneko esparrua eta haren inplikazioak 2014ko aurrekonturako

2013ko aurrekontuak bat etorri behar du azaldutako egoera ekonomikoarekin; izan ere, aurrekontu-egonkortasuna bermatu behar zaio sektore publikoari, lagungarri izan dadin ekonomiaren hazkunderako edo haren narriadura gutxitzeko, eta Jaurlaritzaren helburuak lortzeko. Arrazionaltasun ekonomikoko eskakizun orokor horrek kontsolidazio fiskaleko prozesua hazkunde-espektatiba ahuletara moldatzeko eskatzen du. 2012ko atzeraldira itzultzeak erakutsi du, eta hala onartu du azkenean Nazioarteko Moneta Funtsak, austeritate porrokatu eta soil-soileko politikak ondorio suntsigarriak izaten ari direla jarduera ekonomikoan, eta kontsolidazio fiskalaren beraren helburuak lortzeko posibilitateak murrizten dituzte.

Arrazionaltasun hori kontuan hartuta, ez daiteke saihestu arrazionaltasun hori gaur egun mugatuta dagoela lege-esparru zehatz, konplexu eta berri baten bidez, hau da, aurrekontu-egonkortasuna eta finantza publikoen iraunkortasuna bermatzera zuzendutako esparru baten bidez. Legedi horrek Europako diru-batasunaren sorreraren esperientzian du jatorria, Egonkortasun eta Hazkunderako Egiunea (EHE) deiturikoaren bidez, baina munta handiko aldaketa jasan du Europan zein Estatuan, EHE berritzeagatik eta gobernu arteko izaera duen zerga-itun berri bat abian jartzeagatik. Horrek guztiak, lehenik eta behin, Konstituzioaren erreforma eragin zuen, eta, geroago, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organiko berria onartzea; erreforma horiek, hain zuzen ere, aldaketa handiak eragiten ari dira administrazio publikoen aurrekontu-politiketan.

Izan ere, EHEren birformulazioan izan diren aurrerapenen eta Zerga Itunaren beraren harira, konstituzio-erreforma bat gertatu zen Estatuan, eta erreforma horrek ezarri du Estatua eta autonomia-erkidegoak ezingo direla erori Europar Batasunak ezarritako mugak gainditzen dituen egiturazko defizit batean; toki-erakundeek, berriz, aurrekontu orekatuak eduki beharko dituzte. Ondoren finantza-egonkortasunari eta -iraunkortasunari buruzko lege organikoak defizit estruktural horren gehienekoa finkatu zuen, baita administrazio publikoen arteko haren banaketa, eta hura kalkulatzeko metodoa eta prozedura ere.

Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren arloko indarreko legedian jasotzen dira EHEk eta Zerga Itunak zehaztutako esparruaren baldintzak, hau da, gorago aipatuak izan diren kontzeptu, prozedura eta metodoak; aldi berean, gogortu egiten dira egiturazko defizitari buruzko betekizunak, zeina zero izango baita, salbu eta epe ertainerako ondorioak dituzten egiturazko erreformetan; kasu horretan, BPGaren % 0,4ra mugatzen da administrazio publikoetarako. Bakarrik salbuespenezko inguruabarrak gertatzen direnean, hala nola hondamendiak, larrialdiak eta atzerapena, onartu ahal izango da egiturazko defizita, betiere hura zuzentzeko konpromisoarekin.

Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren esparru berriaren bigarren alderdi aipagarria, autonomia-erkidegoentzat zuzeneko ondorioak dituena, zor publikoarena da, Europako legediak sartutako aldaketekin bat etorriz. Hemen europar helburuak (% 60) banaketa bertikal argia dauka: % 44 Estatuak, % 13 autonomia-erkidegoek eta % 3 toki-erakundeek, eta gainera erkidego bakoitzaren zorrak ezingo du gainditu bere BPGaren % 13 hori. Gorteetara bidaltzen diren zor arloko helburuek, egonkortasun-arlokoekin batera, kontuan izango dute helburua lortzeari begirako murrizketa, eta, beraz, administrazio bakoitzaren gastu guztizkoak (finantza-gastua eta finantzaz bestekoa) ezingo du gainditu Espainiako ekonomiaren hazkunde erreala. Gainera, ekonomiak hazkunde erreala izanez gero (gutxienez % 2) edo urtean enplegua sortuz gero, zorra/BPG ratioa ehuneko bi puntu murriztuko urtero gutxienez.

Defizitaren eta zorraren arloko betekizunez gain, Europako esparruari jarraituz adierazitako araudiak gastu gehigarriaren erregela gehitzen du, eta haren arabera, gastu konputagarrien hazkundeak ezingo du gainditu Espainiako ekonomiaren epe ertainerako BPGaren erreferentziako hazkunde-tasa. Gastu kontagarria honela definitzen da: finantzaz besteko gastua, interesak, langabeziagatiko prestazioak eta beste administrazio batzuetarako transferentzia salbuetsita. Hau ere zehazten da: zerga-bilketa etenik gabe aldatzen duten arau arloko aldaketak gertatzen direnean, gastu kontagarria diru-bilketa gehigarriaren baliokide den zenbatekoan aldatuko da.

Egonkortasun-helburua finkatzeak eta administrazio bakoitzaren aurrekontua zehazteak eskakizun hirukoitza bete behar du, horrenbestez: defizit-irizpidea betetzearena, zorrarena eta adierazitako gastu gehigarriaren erregelarena. Diru-sarreren aurreikuspenetatik abiatu eta interesengatiko ordainketak kenduta, aurrekontuko gastu primarioa ez da hazi ahal izango erreferentziako tasatik harago, eta, gainera, ziurtatu beharko da egiturazko defizita eta, behar izanez gero, zorra azaldutako irizpideen arabera murriztuko direla.

Azken batean, helburuak betetzeko bidezidorra zorrotza da guztiz, hainbat irizpide sartzen baitira jokoan: zorrari, defizitari eta gastuaren hedapenari buruzko muga zurrunak. Gastu-erregela epe ertainerako BPG potentzialaren mugari lotzen zaio, eta hori gehiegizko zorrarekin gastuaren hazkunde errealera murrizten da, deflaktorearen osagaia deskontatuta. Eta, azkenik, defizitaren ondorio den doiketak potentziala baino bi puntu inguru txikiagoa den hazkundea ere ekar lezake.

Legedi berriaren gakoak ezagutu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak duen arau-esparru berezia ere aipatu behar da. Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren arloko legediak ezartzen du legedi hori Euskadin ere aplikatuko dela, baina horrek ez dio kalterik egingo Ekonomia Itunaren Legean xedatutakoari. Lege horrek zerga- eta finantza-autonomia duen euskal sektore publiko bat egituratzen du, Estatuarekiko alde biko harremanak dituena, aurrekontu-egonkortasunari dagokionez ere bai, eta ezartzen du Batzorde Mistoari dagokiola «lankidetza- eta koordinazio-konpromisoak erabakitzea aurrekontu-egonkortasunaren arloan».

Horrelako aurreikuspenak aplikatzean esperientzia luzea dago aurretik ere, egonkortasun-arloko helburuak akordio bidez zehaztu baitira; azken akordioa, hain zuzen ere, 2012. urtera mugatu zen salbuespenez, atzerapen ekonomikoko aldi berri baten hasiera sumatu zenean.

Oraindik ez dugu akordioa izenpetu Estatuarekin 2014ko ekitaldirako. Dena dela, Estatuak autonomia-erkidegoentzat orain arte eginiko proposamenei jarraiki, ez da aurreikusten defizitak 2013ko mugak gainditzea. Bestalde, diru-sarreren kalkulua, 2014rako aurreikuspenetan oinarrituta eginikoa, ezin daiteke optimista izan.

3. GOBERNU EKINTZAREN ESTRATEGIA ETA HELBURUAK

3.1. Giza garapen iraunkorraren bidea berreskuratzea: gure erreferentzia-esparrua

Giza garapen iraunkorraren kontzeptua filosofia eta esparru egituratzaile gisa erabiltzen da, bertan Jaurlaritzaren estrategia, helburu eta jardunak integratuta. Honako kontzeptu hauek gaineratzen ditu filosofia horrek: (1) Giza garapena, pertsonen aukeren zabalkunde gisa ulertuta termino ekonomikotan, sozialetan (banaketa-ekitatezkoak, berdintasunezkoak, eta abar), kulturaletan (jakintzazkoak, identitatezkoak, eta abar) eta politikotan (bizitza publikoan parte hartzekoak), eta (2) Iraunkortasuna, egungo belaunaldiaren premien gogobetetze gisa onartuta, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna konprometitu gabe beren premia propioak gogobetetzeko.

 

Euskadik aurrerapen handiak egin zituen giza garapen iraunkorreko terminotan orain sartuta gauden etapa oso atzerakor honen aurreko aldian. Orduz geroztik, giza garapen iraunkorraren maila neurtzen duten adierazleak narriatu egin dira. Gaur egun aurre egiten diogun egoera honetan helburu errealista bakarra atzeraldi ekonomikoak eta finantza-eskasiek garapen iraunkorreko adierazleen gain egiten duten presio handia gutxitzea da, gizarte-politikak eta ekonomia biziberritzeko politikak diseinatuta eta zaindu beharreko atalaseak ezarrita. Ikuspuntu horretatik begiratuta, lehentasunezkoak dira pertsonen oinarrizko premiak betetzeko bermea (bereziki, hezkuntzaren, sanitatearen eta gizarte-ongizatearen arloan) eta langabeziaren aurkako borroka (enplegu-politika aktiboen eta lehiakortasunaren hobekuntzaren bidez).

3.2. Pertsonen oinarrizko premiak betetzea uko egin ezinezko printzipio gisa

3.2.1. Kalitatezko sistema sanitario bat

Osasunak, herritarren oinarrizko premiatzat hartuta, pertsonen eta gizartearen bizi-kalitatea eta ongizate-maila mugatzen ditu. Jaurlaritzak, 2014ko aurrekontu-esparruaren barruan, lehentasunezkotzat jotzen du politika eta hura hornitzen duen sistema sanitario publikoa, gure herritarrek oso modu positiboan balioetsiriko sistema, Europan eta Estatu osoan erreferentzia bat dena, Euskadi baita osasunari biztanleko gastu publiko gehien bideratzen dion autonomia-erkidegoa.

Hain zuzen ere, krisi ekonomiko-finantzarioko une hauetan zaindu eta sendotu behar dira Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legean bilduriko printzipioak: unibertsaltasuna, elkartasuna, ekitatea, zerbitzuen kalitatea eta herritarren parte-hartzea.

2013-2020 aldian garatzea aurreikusiriko Osasun Planean gauzatuko den politika sanitarioak diziplina anitzeko bere izaera indartuko du, baita osasunari buruz duen zeharkako ikuspuntu berria ere gainerako politika publikoen zati gisa, eta, ondorioz, erakunde arteko bere izaera ere bai. Horren guztiaren helburua zera da, herritarra agente aktibo bihurtzea, bere osasunarekin kontzientziatuta eta konprometituta dagoena, eta osasunaren kultura indartzea, sustapena eta prebentzioa bereziki nabarmenduta.

2014rako politika sanitarioaren arloko konpromisoa gizarteari erantzutea da, osasunari dagokionez espektatiba handiagoak dituen eta baliabide publikoen kudeaketan efikaziari eta efizientziari dagokienez eskakizun handiagoa duen gizarteari erantzutea. Aldaketa sozio-demografikoek —hala nola, jaiotza-tasa gutxitzeak, adinekoen eta gaixotasun kronikoak dituztenen proportzioaren igoerak, familia-egituraren aldaketek eta teknologia medikoen garapenak eragindako gastuaren igoerak— kudeaketa efizienteko metodoetan berritzeko eskatzen dute Euskadiko osasun-sistema osoaren iraunkortasuna bermatzeko.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiren politika sanitarioa berbideratuko du pertsonak sistema publiko sanitarioaren ardatz nagusi gisa jarrita, eta bere jardunen helburu nagusia herritarrak eta haien osasun-premiak izango dira, efizientzia-maila albait handienak lortzeko helburuarekin.

Ildo horretan, kronikoei arreta emateko estrategiari —paziente horien zainketen zatikatzea saihestean eta zainketa horien jarraitutasuna bermatzean oinarriturikoari— jarraitutasuna emanez, lehen mailako arretaren eta ospitale-arretaren arteko laguntza-integrazioko estrategia abiaraziko da.

Paziente kroniko, edadetu eta inoren laguntza behar duenaren kontrolaren protagonista izan behar du lehen mailako arretak. Paziente akutuaren kasuan, lehen mailako arretak pazientearen laguntza-prozesuaren kudeatzaile izan behar du, pazientea konplexutasun txikieneko mailan eta haren bizilekutik hurbilen mantentzen saiatuta, betiere haren osasun-premien arabera.

Ospitale-arretak bere erreferentziazko zeregina indartu behar du patologia konplexuetarako, paziente talde horrentzako arreta pertsonalizatuta, goi-teknologia diagnostiko eta terapeutikoa erabilita, eta lehen mailako arretako medikuaren aholkulari gisa, batez ere paziente konplexu eta pluripatologikoentzat..

Gainera, 2014an, eta alor sozio-sanitarioaren esparruan, gizarte-arloan eta osasun-arloan eskumenak dituzten erakundeen arteko lankidetza osatuko da, xede eta helburu erkideen definizioaren, bi sektoreetako profesionalen arteko lankidetzari emango zaion bultzadaren, bi sektoreetako sail eta erakundeen arteko akordioak egitearen eta bikoiztasunak saihestuta iraunkortasuna sustatuko duen gobernu-formula integratzaile baten garapenaren bidez.

Ikerketari eta berrikuntza sanitarioari laguntzen jarraituko du aurrekontuak. Esparru horretan burutzen diren jarduerak beste eragile batzuen I+G+Bko jarduerekin lerrokatuko dira, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sarekoak zein enpresa-arlokoak, sailen arteko koordinazio- eta plangintza-testuinguru baten barruan, bereziki Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin eta Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Sailarekin.

Sistemaren hutsune esanguratsuak zuzentzea ere garrantzitsua da informazioaren teknologia berriak modu efizientean gaineratuta, baita pazienteen segurtasun-programak indartzea ere. Azken urteetan aurrerapen handiak egin dira, baina garrantzi handiko arazoa da, ospitale-ingurunean zein lehen mailako arretan. Laguntza-praktikan teknologia, botikak eta pertsonak uztartzen dira. Eta elementu horiek uztartzen direnean, akatsak eta kontrako efektuak izaten dira, osasunaren esparru espezifikoan pazienteentzat ondorio larriak izan ditzaketenak. Horregatik da lehentasun bat pazientearen segurtasuna.

3.2.2. Bikaintasuna lortzera bideraturiko hezkuntza-sistema

Hezkuntza ongizate-estatuaren zutabeetako bat da eta Euskadirako tresna estrategiko bat gaur egun eta etorkizunean. 2014ko aurrekontuan herritarren zerbitzura dagoen XXI. mendeko hezkuntza-politikaren premiak hartuko dira kontuan.

Hezkuntza-politikaren helburua honako hau da: ikasleen aukera-berdintasuna eta garapen integrala bermatzea, irakasle-lanbideari prestigioa ematea, hezkuntza-administrazio berritzailea indartzea, Lanbide Heziketaren eredu berria garatzea, bizitza osoan ikasteko aukera ematea, Euskal Unibertsitate Sisteman kalitatea lortzen laguntzea, Euskadiren produkzio-sistemaren premiei erantzungo dion politika zientifikoa indartzea eta horri eustea, herritarrak prestatzea etorkizuna izango duen Herrialdean elkarrekin bizitzeko, eta, azkenik, pertsonen garapen integrala ahalbidetzea.

Horretarako, ekimenak hartuko dira pixkanaka; alde batetik, legeria eta araudi berria garatzeko, eta, bestetik, giza ahalmena igotzeko euskal ekonomiak eskatzen dituen gaitasunekin, euskal hezkuntza-curriculuma abian jarriz sistemaren faseetan ikasleen trebakuntza handia (pertsonala, profesionala eta giza trebakuntza) lortzeko, askoz ere konplexuagoa eta lehiakorragoa den gizartean moldatzeko ezinbestekoa den trebakuntza, alegia.

Hezkuntzan, ebaluazioaren kultura indartu nahi da hezkuntza-sistema osoan, ikastetxeetako hobekuntza-planen bitartez, ikasleen gaitasunen hobekuntzan aurrera egiteko. Hezkuntza-sistemaren etengabeko hobekuntzan, Jaurlaritzak ebaluazio-kulturari eman dio enfasi handiena. Hezkuntza-agente nagusiekin batera, Euskadiko adierazle-sistema berrikusi eta eguneratuko da, eta Europako 2020 adierazle-sistemara egokituko da. Sistema horretan testuinguruaren, prozesuaren, baliabideen eta emaitzen adierazleak txertatuko dira.

Era berean, arreta goiztiarreko eredua sustatuko da eta Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoa nahiz Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programak (HLPP) –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren titulua lortzeko helburu dutenak– sustatzen jarraituko da.

Hezkuntza-eremuan genero-indarkeria prebenitzeko plan estrategikoarekin elkarlanean jardungo da eta Bake eta Bizikidetza Plana bultzatuko da.

Ikasleen hizkuntzak eta didaktika eguneratzeko prestakuntza sustatuko da. Ikasleei dagokienez, hizkuntza-ikastaroak egiteko programak bultzatuko dira.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eremuan, ekimenak ezarriko dira Ikaskuntzarako eta Ezagutzarako Teknologietara igarotzeko, eta irakaskuntza/ikaskuntzako prozesuan teknologien erabilera, azpiegitura digitalen erabilera arduratsua, ikasleen prestakuntza eta material digitalak —bereziki, euskaraz— sortzea eta indartzea ahalbidetuko da.

2011-2014 aldiko Euskal Unibertsitate Planaren ebaluazioari ekingo zaio, Unibasq Euskal Kalitate Agentziak egingo du lan hori, eta 2014. urtean aurkeztuko den Unibertsitate Plana berritzeari ekingo zaio, Unibertsitate Sistema prestakuntzan bikaintasuna eta ikasleen enplegagarritasuna lortzera bideratzeko, ikerketa eta transferentzia berrikuntzaren elementu bultzatzaile gisa sendotuz. Horrez gain, finantziazio-sistema bat izango da, nahikotasuna bermatuko duena eta helburuen araberako kudeaketaren ikuspegia ez ezik, kontuak ematerakoan gardentasuna ere indartuko duena. Nazioarteko Bikaintasun Campusari dagokionez, jardun-esparru berriaren ardatz espezifikoetako bat izango da.

Beken politika gure gizarte-inguruneko errealitate soziekonomiko aldakorrera egokitzeko ahaleginak egingo dira, Hirugarren Hezkuntza eskuratzeko berdintasuna bermatuz, eta unibertsitate-eremuan bikaintasun akademikoko bekak 2015eko Unibertsitate-estrategiarekin berbideratuko dira.

Zientzia Politikari dagokionez, talentua erakartzeko eta berreskuratzeko politiketan sakonduko da Ikerbasque Programaren bitartez, betiere Euskadiko gizarte- eta ekonomia-garapenarekin loturiko arlo estrategikoetan erakartzeari lehentasuna emanez. Era berean, BERC programa ez ezik, ikerketa-talde finkatuen finantziazioa ere sustatzen jarraituko da, horiek baitira Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistemaren oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren eragile nagusiak.

3.2.3. Hizkuntza-politika: euskara, kohesioko eta bizikidetzako faktorea

Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-politika garatzeko erabili den esparrua izan da hamahiru urtez, eta “Euskara 21” deituriko gogoeta partekatuko aldia igaro ostean, plan orokor hori egungo Euskara Sustatzeko Ekintza Plana da. Plan horretan bertan ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzak planaren ebaluazioa egingo du 2013an adierazle multzo batzuen arabera, eta horren ondorioz, plana osatu egingo da, Euskararen Aholku Batzordearen zuzendaritzapean, euskararen sustapenaren eta gizarte-bizikidetzaren inguruan gizartearen adostasuna etengabe bilatzea oinarri hartuta.

Funtsean, Ekintza Planak hiru helburu estrategiko ditu: euskara ikastea, erabiltzea eta elikatzea. Hizkuntza ikasteari dagokionez, hiru esparru bereizten dira: transmisioa familian, hezkuntza-sistema eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea.

Horregatik, Jaurlaritzak sentsibilizazio-lana bultzatuko du euskararen transmisioa familia-eremuan bermatzeko eta indartzeko, bereziki familia-hizkuntza ere izan dadin gaur egungo haurren eta gazteen belaunaldietarako eta guraso euskaldun berriek ere transmiti dezaten.

Horrez gain, sustatuko du hezkuntza-sistemak (euskaraz gain beste bi hizkuntza —gaztelania eta ingelesa— hitz egingo diren testuinguruan) aurrera jarrai dezan herritar elebidunak prestatzen, erabateko aukera-berdintasuna eta hizkuntza- eta gizarte-bizikidetza handiagoa bermatzeko. Halaber, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legearen 5. artikuluan ezarritakoa betez.

Euskararen gizarte-erabilera indartzeko asmoz, Jaurlaritzak gizarte-ekimenak bultzatuko ditu, euskararen erabilera bereziki gazteentzat bideraturiko komunitate-eremu desberdinetan (aisia, kultura, kirola, eta abar) hedatzea eta normalizatzea ahalbidetuko dutenak, hain zuzen ere.

Hizkuntza-eskubideen eremuan herritarren hizkuntza-eskubideak gordetzeko lana indartuko du; eskubide horiek, eremu publikoetan nahiz pribatuetan, baliatzeko errespetuzko praktikak sustatuz.

Orobat, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeekin hasitako elkarlanari jarraipena emango dio, dagozkien lurralde- eta eskumen-eremuak errespetatuz, euskara lurralde horietan guztietan sustatzearen alde egindako ahaleginak bateratzeko, horien guztien ondare komuna den aldetik.

3.2.4. Kultura: giza garapenaren funtsezko elementua

Kultura funtsezko arloa da pertsonen, gizarteen eta nazioen garapenean. Kulturarekin eta kirolarekin loturiko eremuetan, Eusko Jaurlaritzaren jarduerak hiru alderdi handi biltzen ditu: (1) mugarri erreferentzialek, kulturaren hainbat eremutan bultzatzaileak direnek, merkataritza eta turismoa bultzatzen dute, gizarte-sarea biziberritzen dute eta hiri eta herrialde markaren irudia proiektatzen dute; (2) erakundeen, enpresen eta antolamenduaren sarea, kultura eta kirola izateko nahiz kulturaren eta kirolaren bizitasunerako ezinbestekoa dena, eta (3) pertsonak: sortzaileak, artistak, diseinatzaileak, zinemagileak, idazleak, kirolariak, eta abar. Alderdi hau oso garrantzitsua da Jaurlaritzaren eslogana kontuan hartzen badugu: “pertsona helburu”

Kultura-ondarea babesteaz, kudeatzeaz eta gizarteratzeaz arduratzeak legeak eta araudiak eguneratzea dakar, baita ondare-kontzeptua zabaltzea, dauden baliabideak eta zerbitzuak antolatzea eta erabilerraztasun digitala bultzatzea ere.

Kulturaren eta sormenaren industriek garrantzi handia dute kulturan, baina baita herrialde baten ekonomian ere. Etengabeko berrikuntzaren eta enpresa-garapen berrien gune dira. Euskadik bere lekua hartu behar du gero eta nazioartekoagoa den kulturaren merkatuan emateko eta esportatzeko gai den herrialde gisa. Datozen urteetan, kultura-industriak sendotzeko eta nazioartekotzeko ekintzan aurrera egin behar dugu, euskaraz egindako produkzioari eta horren banaketari arreta berezia eskainiz.

Kirolaren arloan ezinbestekoa izango da lehentasunak ezartzea baliabide urrien egoerari erantzuteko. Euskal gizarte osoan jarduera fisikoa funtsezko proiektua izango da pertsonetan oinarritutako legealdian.

Gazteriaren arloa erabakigarria da aro-aldaketan murgilduta dagoen eta krisi ekonomiko izugarriak astinduta dagoen gizartean, gazteak izanik krisi horren biktima handienak. Arlo horretan, erakunde arteko lana funtsezko elementua da.

EITBk zeregin garrantzitsua du hizkuntza-politikari dagokionez nahiz kulturaren sustapenari dagokionez. Alde batetik, euskaraz egindako kalitatezko produktuen sortzailea eta hedatzailea da, eta, bestetik, ikus-entzunezkoen sektorearen eta euskal kulturaren sustatzailea da.

3.2.5. Gizarte-laguntza behartsuenei

Ongizate ekonomikorako eskubideak eta gizarte-proiektu komuna guztiz partekatzeko eskubideak, bizitza duina biziz, euskal gizartean dauden estandarren arabera, zeregin erabakigarria dute gizartegintzan.

Gizarte-zerbitzuak ongizate-estatuaren laugarren zutabea dira hezkuntzarekin, osasunarekin eta pentsio-sistemarekin batera. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea eta Familiei Laguntzeko Legea dira gizarte-politikaren oinarri diren funtsezko zutabeak.

2014ko aurrekontuetan ere kontuan hartuko dira familientzako eta behartsuenentzako gizarte-laguntzak eta komunitate-garapena ahalbidetzen duten laguntzak. Era berean, gizarte-politiken eta emandako laguntzen kontrola eta jarraipena egitea proposatzen da; horrez gain, arreta berezia eskainiko zaie gizarte-iruzurra kontrolatzera bideraturiko neurriei.

Behartsuenei gizarte-laguntzak ematen jarraituko da eta gizarte-laguntzen eraginkortasuna handiagoa izango da, gizarteratzea ahalbidetuz eta bazterketaren kronifikazioa saihestuz, diru-sarrerak bermatzeko errentari gizarte-kohesioko tresna gisa balioa ematea indartzeko. Herrialde batek gizarte-kohesioaren bitartez soilik lortzen du heldutasuna eta herritarrek aurrera egiten badute soilik egiten du aurrera.

Era berean, politika publikoen finantza-iraunkortasunaren esparruan, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea garatu beharko da.

Gizarte-zerbitzuak sustatzeko eta eskarira egokitzeko bidean, zerbitzu soziosanitarioen eremuan lankidetza-mekanismo berrien garapena sustatuko da.

3.2.6. Etxebizitza eta horren funtzio soziala

Aurrekontu-murrizketak kontuan hartuta, etxebizitza-politikak honako hauek faboratuko ditu: alde batetik, alokairu-erregimena, herritarren lehentasunezko premiak asebetetzeko formula egokienetako bat delakoan baikaude, alokairuko parkeak etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituztenentzat duen funtzio soziala bermatuz.

Bestetik, hiri-birgaitzea eta -berroneratzea sustatuko da; horren bitartez, ahalbidetuko da EAEko etxekoen unitateek bizi-kalitate hobea izatea, etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak, irisgarritasuna eta konforta hobetuz, hazkundea iraunkorragoa izatea ahalbidetzeaz gain.

3.3. Enplegua: garapenaren giza alderdiaren oinarrizko zutabea

Krisi ekonomikoaren ondoriorik dramatikoena lanpostuen galera da, EAEko milaka familia daude egoera horretan. Hortaz, enplegua sortzea Jaurlaritzaren jardun politikoaren oinarrizko eta lehentasunezko ardatza izango da; horretarako bi jardun-ildo handi erabiliko ditu: (1) enplegu-politika aktiboak eta (2) lehiakortasuna hobetzera eta ekonomia suspertzera bideraturiko politikak, eta horien bitartez, enplegua sustatzera bideraturikoak.

3.3.1. Enplegu-politika aktiboak

2014an arreta berezia eskainiko zaie gazteak eta gizartean aukera gutxien duten kolektiboak (desgaituak, 45 urtetik gorakoak, gizarte-bazterketaren arriskuan daudenak eta iraupen luzeko langabeak) lan-merkatuan sartzen laguntzen duten politika publikoei, baita lana eta familia uztartzen laguntzen duten neurrien sustapenari ere. Gazteen enpleguari emango zaion laguntza gazteen enplegagarritasunera eta laneratzera bideratuko da; horretarako, lehen lan-aukera, autoenplegurako laguntza eta bikaintasuneko eta diziplina anitzeko prestakuntza sustatuko dira.

Enplegurako lanbide-heziketa, administrazio batek langabeziaren, kualifikazio txikiaren eta lanpostua galtzeko arriskuaren aurka borrokatzeko ezar dezakeen politika aktibo nagusietako bat da. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua politika hori ezarriko duen agentea da eta enplegu-eskatzaile bakoitzari plan integrala eta pertsonalizatua eskainiko dio eskatzailearen lanbide-profilera egokituriko programen bitartez; horrez gain, enplegu-eskatzaile horiei enplegua bilatzen lagunduko zaie aholkularitza emanez, bideratuz eta hainbat prestakuntza-ekintzarekin lagunduz. Hori guztia, berez, enpresen benetako premiekin eta laneratzea gauzatzeko eragile guztien ekarpenarekin lotuta.

Era berean, Lanbide Heziketako Sistema aldatuko da, enplegagarritasunera eta lehiakortasunera gehiago bideratzeko, lanbide-heziketa malgua oinarri hartuta, txandakako eredu berria sortzeko, eta Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planarekin amaitu ahal izango da.

Ikasleak lan-munduan sartzea zailtasuneko aldia bizitzen ari da gizartearen egoera ekonomikoaren ondorioz. Jaurlaritzak unibertsitateko eta lanbide-heziketako ikasleak enpresetan sartzea ahalbidetuko duten ekintzak ezarriko ditu, lan-merkatuan sartzea ahalbidetuko dien lanbide-esperientzia hartzeko ikasle horiek. Halaber, ikasketak bukatu dituzten lanbide-heziketako ikasleek enpresak sor ditzaten sustatuko da, prestakuntza-zentroen laguntzarekin. Ikasleak trebatuko dira jakintza teknikoez gain berrikuntzako eta hobekuntzako gaitasunak eskaintzeko enpresei.

Enplegua sortzera bideraturiko neurri hauek eta beste batzuk enplegua sustatzeko programan (enplegurako zuzeneko pizgarri multzo bat biltzen du) aurreikusita daude eta lehentasunezkoa da haiek onartzea. Plana honako sei helburu hauek lortzera bideratuta dago: gazteen enplegurako aukerak eskaintzea; behartsuenen gizarteratu eta laneratu daitezen sustatzea; ekintzailetzaren aldeko apustua; enplegua sortzeko inbertsio pribatua eta lan intentsiboak suspertzea; eta erakunde arteko lankidetza eta enpleguaren aldeko indarrak batera daitezen sustatzea.

3.3.2. Lehiakortasuneko egitura-politikak enplegua sortzeko palanka gisa

Industria eta industriarekin loturiko zerbitzuak indartzea

Enplegua sustatzeko programa egoera konplexua epe motzera/ertainera arinduko duten aukerak sortzeko gai den tresnatzat hartzen da. Nolanahi ere, enplegua sortzeko gakoa lehiakortasuneko egitura-politikak dira, epe ertainera eta luzera emaitzak eskaintzen dituztenak eta hainbat elementu biltzen dituztenak, hala nola berrikuntza eta nazioartekotzea. Egitura-politika horiek industria hartzen dute protagonista nagusitzat; Euskadiren faktore bereizgarria izanik herrialdearen susperraldia bultzatuko duen eragile gisa jarduten jarraitu behar duen industria.

Industria izango da 2013an garatuko den Industrializazio Planaren protagonista. Plan hori industriaren pisua sendotzera eta industriarekin loturiko beste jarduera ekonomiko batzuetara (aholkularitza-zerbitzuak, merkataritza- eta finantza-zerbitzu aurreratuak, ekoberrikuntza eta ekonomia berdea, kultura- eta sormen-arloko industriak, hiri-garapen adimenduna (smart citiak), online zerbitzuak, informatika-zerbitzuak, segurtasuna, logistika eta kontsultoretzak) hedatzera bideratuta egongo da.

Euskal industriak espezializatu egin behar du berrikuntzarekin lotuta dagoen berrindustrializazio oso teknologikoarekin. Horretarako, arlo eta sektore estrategikoetan (elektronika, energia, makina-erreminta) teknologia berriak sartzea eta erabiltzea sustatuko da eta jakintzan intentsiboak diren sektoreetan enpresa-ekimen berriak sortzen dituzten aukerak identifikatuko dira. Industria eta industriarekin loturiko zerbitzuak datozen urteetan enplegua sortzeko eragileak izango dira.

Klusterren estrategiak prestakuntzaren, garapen teknologikoaren, nazioartekotzearen eta klusterreko enpresa guztien lankidetzaren arloko premiei erantzuten jarriko du arreta. Horretarako, klusterizazio-politika egokituko da, lehentasunak eta finantziazio-sistema berriak ezarriz eta enpresen konpromisoa handiagoa izanik.

Ekintzailetzaren sustapena

 

Euskadik kultura ekintzailea berreskuratu behar du gizarte aurreratua eta lehiakorra izaten jarraitzeko nazioartean. Gure ekonomiaren aktibo hori sustatu eta garatu behar da, lehiakortasun-abantaila handia delako. Ekintzailetzaren eremu horretan, Euskadik erreferentziazko lurralde ekintzailea izan behar du; horretarako, ekimen espezifikoak garatuko ditu balioa eta enplegua sortuko duten eta Euskadi lurralde inteligentea, dinamikoa eta ekintzailea izatea eragingo duten enpresa-proiektu berrien aitzindari izango diren profesionalak atxikitzeko eta erakartzeko.

Gauzak horrela, ekintzailetza Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteen barruan sustatzea eta oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten enpresa-ekimen berriak bideratzea eta sortzea, lagundu beharreko beste ekimen bat da, baita euskal enpresek barneko ekintzailetzarako duten gaitasuna —enpresa-proiektu berriak sortzera eta garatzera bideratuta dagoena— sustatzea ere.

Ekintzailetzaren eremuan gizarte-ekonomiako enpresak aipatu behar dira bereziki. Kooperatibak eta laneko sozietate anonimoak erakusten ari dira krisi-egoerara egokitzeko gaitasun handia dutela.

Berrikuntza inteligentearen estrategiaren bidean

2008an hasitako Atzeraldi Handiaren ondorioak luzatzen ari dira oraindik eta atzeraldi horrek eskatzen du enplegua eta jarduera arestian azaldu bezala suspertzeko ahalegin berezia egitea; nolanahi ere, Jaurlaritzak badaki lorturiko posizioak defendatzeaz gain, herrialde-proiektua sustatu behar duela, berrikuntzaren eta jakintzaren gizartearen faserantz aldaketa ekonomiko eta sozial handia ekarriko duen proiektua, hain zuzen ere.

Lorturiko errenta-maila handiek pairatu dituzte krisiaren ondorioak, baina EBkoak baino % 30 gorago daude oraindik, neurri handi batean industriaren garrantziarengatik eta eraginkortasunarengatik; bestalde, konbergentzia I+Gko gastuan errealitatea da azken hamarkada honetan Berrikuntzarako Euskal Sistemaren garapenari emandako berebiziko bultzadari esker. Dena den, industria-produktibitatearen adierazleek nahiz sistema osoaren berrikuntza-adierazleek erakusten dute bide luzea dagoela aurretik.

Bigarren eraldaketa handiaren proiektuan aurrera egiteko, aldatzen ari den errealitatera egokitutako industria- eta berrikuntza-politika berri bat behar da. Lurraldean sustraiak dituzten indarretan oinarrituriko gure lehiakortasun-ereduan eraikiko duen politika, baina eredu hori ikuspegi sistemikorantz eta sare-formakorantz bilakaraziko duen politika, planteamendu sektorialetatik edo neurri horizontaletatik haratago doana, pertsonei protagonismo handiagoa emango diena (pertsonak baitira balioan oinarrituriko jakintza eraldatzea ahalbidetzen dutenak) eta nazioarteko sareetan parte hartzea bultzatuko duena daukagun tokiko jakintzaren oinarriaren ezinbesteko osagarria lortzeko.

Horregatik, berrikuntza-politikaren helburu handien ardatzak industria eta horren espezializazioa dira, baita euskal berrikuntza-sistema eta horren elkarrekintzak, talentu ikertzailea eta nazioartekotzea ere. Azken batean, espezializazio inteligentearen estrategia deiturikoak sustatzea da helburua.

Balio-jardueretan oinarrituriko espezializazio inteligentea gauzatzeko, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren alorreko sistema aurreratua behar da, bere agente guztiak hobeto batuko eta elkartuko dituena, eta oraindik ere modu kooperatiboagoan garatuko dena, Jaurlaritzak ezarritako lehentasun multzo garbia kontuan hartuta koordinatuko dena, eskala globalean lehiakorra egingo duten masa kritikoak lortzeko.

Iraganean pentsatu izan da Berrikuntzarako Euskal Sistema aurreratuaren bereizgarria oinarrizko azpiegitura sofistikatuak izatea zela, eta azpiegitura horiek beharrezkoak badira ere (horregatik egin da ahalegin garrantzitsua azpiegitura horiek eraikitzeko), egia da sistemak funtzionatzea eragiten dutenak pertsonak direla, ikertzeko eta berritzeko duten gaitasunarengatik, eta jardueraren, pertsona horien mugikortasunaren eta elkarren arteko elkarrekintzaren bitartez lortzen delako jakintza sortzea, irenstea eta proiektu ekintzaileak bihurtzea.

Horregatik, proposatzen da pertsona-sare bat —Basque Talentia Sarea— sor dadin bultzatzea, pertsona horiek beren artean zuzeneko loturak izanik sistema bultzatuko duen bihotza eraikiko dute eta giza alderditik eta alderdi pertsonaletik ohiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea indartuko dute. Horrez gain, sistemaren giza kapital horren guztiaren hazkundea eta etengabeko prestakuntza sustatu behar dira, ikerketarekin eta berrikuntzarekin loturiko balioen hedapen goiztiarra eginez, ikasleak beren karreraren fase desberdinetan kanporantz mugituz prestakuntza osatzeko eta barrurantz mugituz nazioartean egon daitekeen goi-mailako talentua berreskuratzeko edo erakartzeko.

Berrikuntzaren ikuspuntuan nagusitzen den ikuspegi sistemikoak honako joera hau izan du neurri batean: ahaztu du tokiko (gure kasuan euskal hiria) abantailak garrantzitsuak izan arren, oso osagai bertikal garrantzitsua dagoela, espazio-eskala guztiak lotu behar dituena, baina ez bakarrik Madrileko edo Bruselako administrazioekin, baita beste eskualde, hiri eta nazioarteko jakintza-arlo batzuekin ere harremanetan jarriz.

Europako proiektuetan parte hartzeko ohiko ahaleginarekin jarraitzeaz gain, lagunduko duen eta enpresekin, klusterrekin eta Euskadik atzerrian duen proiekzio politikoarekin sinergiak aurkeztuko dituen Berrikuntza Sistemaren nazioartekotze handia proposatu behar da. Arestian aipaturiko Europako proiektuen garrantzia areagotu egin da emaitza bikainak lortu dituen Horizon 2020 programari esker. Zentro teknologikoen eta bestelako zentroen arteko nazioarteko lankidetza sustatu behar da, zentro horiek enpresa multinazionaletara hurbildu behar dira, eta, era berean, lankidetza-sare horiek enpresekin partekatzea sustatu behar da.

Goian adierazitako filosofia eta jardunak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren hedapenean txertatuko dira berrikuntza inteligentearen estrategiaren bitartez.

Nazioartekotzea bultzatzea

Edozein gizarteren etorkizuna jokaleku global berrian eratzen da. Ezin da munduari bizkarra emanez eratu. Uste sendo horretatik abiatuta, Euskadiren nazioartekotzea lehentasunezko helburua da Eusko Jaurlaritza honen jardunean.

Euskadi osoa ‘nazioartekotzea’ da helburua. Edo beste modu batean esanda, mundurako leihoa irekitzea, nazioartekotzea erakunde-agenden eta gizarte zibilaren beraren funtsezko erreferente gisa era dadin, enpresa-esparruan ez ezik, hezkuntzaren, osasunaren, kulturaren edota ingurumenaren esparruetan ere bai.

Beraz, nazioartekotzea ez da ikusten esklusiboki ekonomikoa den estrategia gisa, herrialde-estrategia gisa ere ikusten da. Xedea Euskadik kanpoan duen presentzia areagotzea da, betiere dimentsio ekonomiko instituzional, politiko eta sozial batetik. Euskadiko Nazioartekotze Esparru Estrategia, 2013ko amaieran aurkeztuko dena, agente sozial, ekonomiko eta instituzional nagusiekin adosturiko plan integral gisa ulertzen da, Euskadiko sektore anitzeko interesak biltzeaz gain, datozen urteotan kanpo-ekintzaren helburu izango diren lurralde-esparruak identifikatuko dituena eta horiei lehentasuna emango diena. Halaber, plan horrek "Euskadi - Basque Country" herrialde-marka sustatuko du, Euskadik kanpoan duen irudia herrialde fidagarri, konplitu, lehiakor eta solidario gisa sendotzeko.

Eremu ekonomikoan, konplexutasun berriak eta globalizazioak dakarren aldaketak eragina dute enpresen lehiakortasunean, eta horrenbestez, balio-katearen maila guztien ezinbesteko nazioartekotzea beharrezkotzat jotzen da gizarte baten ongizateari eusteko. Lehiakortasunerako ezinbestekoa da nazioartekotzea, eta horretarako, Jaurlaritzak enpresak nazioartekotzeko politika bat ere sortuko du, dagokion Planean jasoko dena eta merkatuen segmentazioan, enpresen arteko lankidetzan eta Jaurlaritzak potentzial handiko herrialde eta eskualde kopuru jakin bat ardatz gisa hartzean oinarrituta egongo dena. Multilokalizatzen diren enpresek, kanpo-merkatua konkistatzeaz gain, esportazioak areagotzen dituzte eta etxe nagusiko enplegua hobeki babesten dute. Horregatik, erabakiak hartzeko zentroei lurraldean eusten lagunduko da.

3.3.3. Enplegua bultzatzeko jarduera ekonomikoa mantentzeko/berraktibatzeko politikak

Produkzio-sektorearen finantzaketa

Egungo krisi-testuinguruan, kredituak lortzeko baldintzak oso gogorrak dira, bolumenari nahiz prezioari dagokienez. Alabaina, finantzaketa edozein agente ekonomikoren bizitzarako behar den oxigenoa da. Finantzaketarik ez badago, proiekturik hoberenak eta lehiakorrenak ere bideraezinak dira. Horregatik, Jaurlaritzak premiazkotzat jo du enpresa-sarea babesteko finantza-neurriak garatzea atzeraldiak finkaturik jarraitzen duen eta enpresek finantzaketa-arazo larriak izaten jarraitzen duten egungo garaian, enplegua sortzeko inbertsio-proiektuetarako nahiz zirkulatzaile-premia finantzatzeko arazo larriak, hain zuzen; egoera horrek, bestalde, ETEak hartzen ditu bereziki eraginpean.

Horren eraginez, ezinbestekoa da finantzaketa-ekintzak eta -programak txertatzea (abalak, mikrokredituak, esportazioen finantzaketa, Elkarren Bermerako Sozietateen eginkizuna sendotzea, abiarazteko eta arrisku-kapitaleko enpresa-proiektuetan parte hartzea, instalazio fisikoetarako sarbidea, eta abar) arazo larri hori epe laburrean leuntzeko.

Eusko Jaurlaritzak, tradizionalki, enpresei laguntzeko programak txertatu ditu, zehazki, diru-laguntzak, aurrerakin itzulgarriak eta partaidetza-maileguak eman ditu, besteak beste. Horietarako guztietarako, inbertsio-proiektua beharrezkoa da. 2013ko otsailean, zirkulatzaile-premia finantzatzeko funts batekin osatu ziren laguntza horiek; dituzten premiak epe laburrean betetzea ahalbidetzen die funts horrek ETE eta autonomoei, eta paradoxikoki, gutxien beterikoak dira horrelako premiak. Programak hori 2014ko aurrekontuen bitartez babesten jarraituko da.

Enpresen arteko lankidetza

 

Produkzio-sektorea babesteko hainbat jarduera gauzatuko dira, eta horren adibide gisa, trakzio-enpresen eta enpresa hornitzaileen arteko lankidetza bultzatuko da, gorabidean dauden, iraunkorrak diren eta Euskadiren interesekotzat jotzen diren sektoreetan enpresa berriak sortzea sustatzeko eta enpresa berri horiek dinamizatzeko, merkatu edo produktu berrietarako sarbidea izan dezaten. Euskadiko trakzio-enpresek eginkizun garrantzitsua izaten jarraituko dute, eraginiko eta kalitatezko enplegua ere sortzen dutelako eta euskal ekonomia nazioartekotzeko aukera gehiago dituztelako.

Osagarri gisa, lurralde arteko eta eskualdeko oreka handiagoa ere bultzatuko da garapen sozial, ekonomiko eta industrialean, eta horretarako, deprimituriko tokietan industrien berroneratzea faboratuko da.

Autonomoei, saltoki txikiei eta gizarte-ekonomiari laguntzea

Eusko Jaurlaritzak hiri-merkataritzaren, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiten du, trinkoak izanik bizirik eta sozialki kohesionaturik dauden hiri eta herrietan inkardinatzen dena, ingurumenari dagokionez iraunkorragoa den leku-antolamendua ahalbidetzen duten eta garraioa nahiz bideen asetzea saihesten duten inguruetan.

Printzipio hori abiapuntutzat harturik, merkataritza-jarduerarako lizentziak emateko araudiaren sinplifikazioa eta homologazioa faboratu nahi da, eta horrez gain, belaunaldi-erreleboa eta enplegatuen profesionalizazioa ere erraztu nahi da, betiere erreminta teknologikoen eta merkataritza elektronikoaren erabilera sustatuz. Era berean, lehiakortasuna ez ezik nazioko eta nazioarteko merkatuetarako sarbidea (banaketari nahiz hornikuntzari dagokienez) hobetuko duen benetako enpresa-berrikuntza eta -lankidetza ere sustatu nahi dira, eta horretarako, merkatarien elkarte ugariak kohesionatzeko ahaleginak egingo dira, eta elkarte horietako bakoitzak duen eginkizuna berriz zehaztuko da sektorean eta erakunde-sarean gertaturiko aldaketetan oinarriturik, betiere eraginkortasun handiagoa lortzeko jomugarekin.

Orobat, horren osagarria den beste jardun-ildo bat ere badago, eta dentsitate txikiko tokietan merkataritza-jarduera erakargarriagoa/errentagarriagoa egitean datza jardun-ildo hori, horrelako inguruneek beren premiak beteta izango dituztela berdintasun handiagoz berma dadin.

Turismo-industria, gorabideko sektorea

Turismo-sektoreak Euskadiko ekonomia-egituran duen garrantzi espezifikoa hazten ari da, eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa da sektore horrek, batetik, aberastasuna eta enplegua sortzeko, eta bestetik, Euskadiren irudia kanpoan sustatzeko (eta horrenbestez, “Basque Country” marka indartzeko) duen ahalmena aprobetxatzea.

Euskadik turismo-baliabide asko ditu (gastronomia, ondarea, natura, paisaia, kultura, eta abar) esperientzia anitzeko helmuga bilakatzeko, eta hori dela-eta, erakargarritasuna herrialde osoan dagoela esan daiteke; horregatik, hainbat turista-profil har ditzakegu, baina segmentazio egokia egin behar dugu, turista-profil bakoitzari egokituriko produktuak eskaintzeko. Hori lortzeko, inplikaturiko agente publiko eta pribatu guztien koordinazioa eta lankidetza derrigorrezkoa da, eta horregatik, turismo-alorreko euskal estrategia bat zehaztu behar da eta turismo-profesionalen prestakuntza eta birziklapena hobetu behar dira, betiere berrikuntza eta informazioaren teknologiak aintzat hartuz.

Euskadiko ingurunea errespetatuko duen eta hemengo natura- eta paisaia-baliabideen nahiz baliabide historiko eta kulturalen aberastasuna balio erantsi bihurtzeko ahalmena izango duen lurralde-plangintzan sostengaturiko turismo-garapen integralerako eredu bat bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak, politiken zeharkako ikuspegi baten bitartez.

Lehen sektorearen garapena

Lehen sektorea, eta orokorrean, landa-mundua, funtsezko balioa dira Euskadirako, ekonomia- eta enplegu-ekarpen handia egiteaz gain, gizarte- eta lurralde-iraunkortasunean funtsezko laguntza dutelako.

Lehen sektorea, eta bereziki, nekazaritzako elikagaien sektorea, Euskadiko ekonomiaren sektore dinamikoenen artean daude gaur egun. Nekazaritzako, basoko eta arrantzako produkzio-sektoreak lehiakortasunean oinarrituta egin behar du aurrera, eta horretarako, sektore horrek nekazaritzako elikagaien katean produzitzeko eta negoziatzeko duen ahalmena bultzatuko duten neurriak txertatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, merkaturatzeko estrategia berri bihurtzearen arazoari heltzeaz gain. Horrez gain, teknologia-zentroetatik jakintza sortzeak eta transferitzeak ere eragingo dute sektorearen lehiakortasuna areagotzea, elikagaien klusterra indartzea eta ikerketa eta lankidetza faboratzea.

Bereziki nabarmengarria da gure produkzio-sektoreak dituen egiturazko gabeziak zuzentzea ahalbidetuko duten ekintzen ezarpena, zehazki, belaunaldi-errelebua lortzeko jomuga duten ekintzena.

Halaber, tokiko produktuarekin loturiko elikagai-industriaren garapena ere sustatuko da, industria horrek Euskadirako hazkunde ekonomikorako aukera eskaintzen duelako, eta aldi berean, lehen sektorearen garapen dibertsifikatuagoa, harmonikoagoa eta orekatuagoa ahalbidetzen duelako.

Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du barne-merkatura bideraturiko gure sektore tradizionalen modernizazioan eta horien arteko berrikuntzan aurrera egitea, esate baterako, nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan. Berrikuntzak, bestalde, arestian aipaturiko sektoreetako produktuen eta zerbitzuen balioa areagotzeko jomuga izan beharko du, betiere teknologiaren ahalmena aprobetxatuz eta merkaturatzeko estrategia berritzaileak garatuz.

Arrantza-sektoreak modu garrantzitsuan elikatzen du elikagai-sektorea. Horri dagokionez, sektore horiei lehiakortasun handiagoa izatea ahalbidetuko dieten erakunde sendo eta egituratuak eratzea babestuko da, erauzte-prozesuetan nahiz merkaturatzeko prozesuetan. Arrantza-azpiegituren hobekuntzan ere izan behar du eragina Jaurlaritzak, eta baita akuikulturan ere, I+G+Bn ahaleginak areagotuz, lehengai fresko eta eraldagarriaz hornitzeko ahalmena izango duen sektore sendoa sortzea lortzeko, eta betiere erauzteko arrantzaren eskaintza haztea eraginez.

3.4. Garapenaren iraunkortasun-osagaia

3.4.1. Lurralde-politika orekatu eta iraunkorra

Helburu nagusietako bat da datozen belaunaldiei lurralde atsegingarriagoa, iraunkorragoa eta garapen-ahalmen handiagokoa oinordetzan uztea. Horretarako, hiri eta herri atseginagoez, osasungarriagoez eta erakargarriagoez gozatzea, lana eta bizitokia hurbiltzea, hobeki zainduta egonik guztiontzat irisgarriagoa den ingurumen-ingurua edukitzea, gure enplegu- eta etxebizitza-aukerak hobetzea eta azpiegitura eraginkorragoak eta integratuagoak izatea ahalbidetuko duen lurralde-plangintza garatzean egingo da lan.

Lurralde-garapen orekatua eta iraunkorra faboratuko duten arau-neurriak eta lurralde-antolamenduko neurriak sustatzea da jomuga, hiri-berrikuntzako politikak zabalduz, gune degradatuak berreskuratuz, ingurunean integraturiko jarduera ekonomikoak txertatuz eta lurraldearen artifializazioa mugatuz.

Ezinbestean egin behar da lan adostasunez eta koordinazioz hainbat erakunde elkartzen dituzten zeharkako proiektuetan, esate baterako, guneak berroneratzeko proiektuetan. Era berean, hainbat tresnaren bitartez leheneratzeko eta babesteko tratamendu espezifikoa behar duen aktiboa da paisaia.

3.4.2. Energia berriztagarrien aldeko energia-estrategia

Egungo egoeran, gure erkidegoak energia sortzeko duen ahalmen mugatua eta energia-kontsumo handia (kanpotik datorren energiarekiko mendetasuna % 95 da) gordintasun handiagoz geratzen dira agerian, eta horregatik, are beharrezkoagoa da energia-eredu berri bat garatzeko bidean aurrera egiten jarraitzea, euskal gizarteari kantitateari, kalitateari eta denborari dagokienez nahikoa litzatekeen energia bermatuko dion energia-eredu bat, hain zuzen ere, baina betiere kostua lehiakorra izanik eta ingurumen-iraunkortasuna bermatuz. Lehentasun horien emaitza «Europa 2020» estrategian txertaturiko «20-20-20» helburu ezaguna dugu EB osorako: energia-eraginkortasuna % 20 areagotzea, azken energia-kontsumoan energia berriztagarriak % 20ra iristea, eta berotegi-efektuko gasen emisioak % 20 murriztea, 1990eko mailekin alderatuz.

Energia- eta ingurumen-erronka handiak, era berean, Euskadiko enpresa-sektoreetarako hazkunde-aukera ona dira, garapen teknologikoaren, enpresen arteko lankidetzaren eta negozio-ildo berrien identifikazioaren bitartez.

Horrela, batetik, energia-politikek energia-aurreztearekin eta -eraginkortasunarekin eta energia berriztagarria produzitzeko instalazioekin loturiko inbertsioak sustatuko dituzte, gas naturalaren aldeko apustu irmoarekin, trantsizio-energia gisa; gas naturalari dagokionez, biltegiratzeko azpiegiturak garatzeaz gain, ezinbestekoa izango da sare kapilarra hedatzea, hornikuntza dibertsifikatua eta lehiakorra ziurtatzeko.

Bestalde, garapen teknologiko eta industrialerako ekimenak bultzatuko dira, energia-esparruko zenbait alor estrategikotan (hala nola ibilgailu elektrikoa, offshore itsas energia, sare adimentsuak edota energia-biltegiratzea) Euskadi munduko jakintza- eta erreferentzia-polo bilakatuko duten ekimenak, hain zuzen.

3.4.3. Ingurumen-politika arduratsua

Ingurumen-politikak, zeharkakoa denez gero, erantzukidetasunean oinarrituta egon behar du, eta horretarako, administrazio guztien esku-hartze koordinatua ez ezik, agente sozialen, agente ekonomikoen, zientzia- eta teknologia-alorreko agenteen eta batez ere, herritarren parte-hartzea ere beharrezkoa da.

Horrez gain, zeharkakotasun horrek agerian uzten du esku-hartze publikoaren beste hainbat esparrurekin lotuta dagoela, oso bereziki, garraioaren eta osasun publikoaren alorreko energia-politikekin. Horrela, ezinbestean ziurtatu behar da alor horietatik egin beharreko ahaleginen osagarritasuna.

Lehen helburua ingurumen-administrazioaren izapideak murriztearen eta sinplifikatzearen arazoari heltzea da. Era berean, ingurumen-alorretik aurreikusiriko ekimenek eta ekintzek hainbat helburu estrategiko dituzte, esaterako, honako hauek: EAEn negutegi-efektuko gasen emisioak gutxitzea eta aldaketa klimatikoaren eraginetara egokitzea, aniztasun geografikoaren galera geldiaraztea, ekosistemak lehengoratuz eta lurraren artifizializazioa murriztuz, baliabideen erabilera eraginkorra eta kontsumo arduratsua sustatzea, ingurune garbi eta osasungarria bermatzea eta gizartea erantzukide egitea, informazioa eta prestakuntza hobetuz. 2014an aurkeztuko den ingurumeneko IV. esparru-programak jardun horiek neurtu eta lehenetsiko ditu.

Horrez gainera, eta Jaurlaritzaren politika horizontalekin bat etorriz, ingurumen-bektoreari balioa emango zaio, herrialdearen garapen ekonomikoan eta lehiakortasunean lagunduko duen faktore bilaka dadin.

3.4.4. Garraio iraunkorrerako politika

Garraio-politikak pertsonen eta merkantzien mugikortasun iraunkorra eta garraio eraginkorra du helburu, gure trenbideen, portuen eta aireportuen ahalmenak garatuz eta integratuz eta plataforma logistikoek dituzten aukerak kontuan hartuz.

Garraio-sareen Europako lehentasunezko proiektuarekiko trinkotasunari eutsiz, Europarekiko gure trenbide-konektibitatea faboratuko da. Horrez aparte, gure lurraldearen barruan iraunkorragoa eta eraginkorragoa izango den mugikortasuna lortzeko helburuan aurrera egiten jarraituko da.

3.5. Balioa sortzeaz gain gobernantza berriaren printzipioen bitartez bideratuta dagoen Administrazioa

Europako Gobernantzari buruzko Liburu Zuriaren arabera, gobernantza ona honako bost metatze-printzipio hauetan oinarrituta dago: irekitasuna (hots, gardentasuna eta erabakien jakinarazpena), parte-hartzea, erantzukizuna (edo beste modu batean esanda, eraginpean harturiko agente bakoitzak bere gain hartzea eman zaion eginkizunaren erantzukizuna); eraginkortasuna eta koherentzia.

Legealdi honetan, Jaurlaritzak printzipio horietan guztietan aurrera egiteko xedea ezarri du. Jaurlaritzaren programak eraginkorra, irekia eta berritzailea izango den administrazioa, zerbitzu publikoen kudeaketa arduratsua, Ertzaintzaren eredu berria eta justizia modernoa lortzearen aldeko konpromisoa hartzen du bere gain.

Doako Justiziaren Dekretuaren Erreforman egingo da lan, kolektibo ahulenek doako laguntza juridikorako eskubidea izango dutela ziurtatzeko eta bitartekotzaren aldeko apustua egiteko, gatazka sozialen etengabeko judikalizazioaren eredu alternatibo gisa. Halaber, “IV. Gazte Justizia Plana” egingo da, gazte arau-hausleak gizartera daitezen eta biktimei eragin dizkieten kalteekin kontzientzia daitezen lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak enpresa-sektore publikoari dimentsio berri bat emateko eta berriz egituratzeko estrategia bat abiaraziko du eta Euskadiko Berrikuntza Publikorako Estrategia garatuko du, herritarrei arreta eta zerbitzua emateko eta administrazio publiko guztien arteko elkarreragina lortzeko helburua izango duena.

4. FISKALITATEA POLITIKA EKONOMIKORAKO ERREMINTA GISA

Zerga-politika ongizate-estatuaren elementu nagusietako bat da; izan ere, zerga-politikaren baitan dago gizarteak behar adina baliabide izatea zerbitzu eta prestazio publikoei eusteko, hots, pertsonen berdintasuna eta elkartasuna bermatzeko.

Fiskalitateak, behar bezala diseinatuta badago, pertsonen arteko ahalegin-ekitatea lortzen laguntzen du, ekitate horizontalari dagokionez (hau da, errenta, kontsumo edo ondare berdintsuko pertsonek antzeko neurrian ordaindu beharko dituzte zergak) nahiz ekitate bertikalari gagozkiola (hots, errenta, kontsumo edo ondare handiagoak ekarpen handiagoak ekarri beharko ditu ahalegin-berdintasuna lortzeko). Eta, honenbestez, aberastasuna herritarren artean eraginkortasunez banatzeko balio du, aurrerabidearen eta gizarte-justiziaren alde egiteko. Horrez gainera, lehen mailako politika ekonomikoko erremintatzat hartu behar dugu fiskalitatea; izan ere, jarduera ekonomikoa, enplegua eta aurrerabide kolektiboa sustatzen ditu.

Printzipio horietan oinarrituta, funtsezkoa da Euskadin zerga-erreforma bat adostea; horrela, zerga-erreforma horren araudi harmonizatua urte hau amaitu baino lehen onetsi beharko lukete erakunde eskudunek, 2014ko ekitaldian gerta dadin horren benetako aplikazioa. Lehenik eta behin, Euskadiko erakunde eskudunen araudi-ahalmenaren eraginpeko zerga-figurak hartuko lituzke erreforma horrek eraginpean, funtsean, pertsona fisiko eta juridikoen gaineko zuzeneko zerga, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga eta ondare-eskualdaketen gaineko zerga.

Bigarrenik, azken aldian estatuan askotarikoak diren eta, era berean, helburu desberdinak dituzten zenbait zerga sartu dituzte lurralde erkidegoko zerga-sisteman. Itundutako erregimenaren ondoriozko betebeharrak direla-eta, zerga berriei buruzko ituna lortzea bultzatu beharko da, eta, horrenbestez, gure zerga-sistemen osotasuna ziurtatzea.

5. AURREKONTU JARRAIBIDEAK

Ogasun eta Finantza Sailak aurrekontu-baliabideak esleituko dizkio sail bakoitzari, aurreko idatz-zatietan bilduriko Politika Publikoetarako lehentasunei eta jardunei jarraiki.

Aldi berean, aurrekontu-jokalekuak honako irizpide ekonomiko hauek ere hartuko ditu kontuan, diru-sarrerei eta gastuei dagokienez:

Diru-sarrera korronteak: Foru Aldundien ekarpenei dagozkienak Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztuko ditu diru-bilketarako aurreikuspenari jarraiki.

Gainerako diru-sarrerak Ogasun eta Finantza Sailak kuantifikatuko ditu bere kalkuluen eta dagozkien Sailek eta erakundeek emandako informazioaren arabera.

Zorpetzea: aurrekontu-egonkortasunari buruz ezartzen diren akordioak izango dira horren oinarri.

Gastuak: dokumentu honen lehen zatian aipaturikoarekin bat etorriz, honako hauek izango dute lehentasuna: lehenik eta behin, administrazioaren erantzukizunekoak diren politika sozial publikoen hornidurara bideraturiko gastuak eta eskubide subjektiboetatik sorturiko itunak, programa-kontratuak eta herritarrekiko betebeharrak estaltzen dituzten gastuak, eta bestetik, 2014rako aurreikusiriko hazkunde positibo baina mugatuen bidera itzultzea ahalbidetuko duten gastuak. Era berean, ekonomia eta enplegua berraktibatzeko politika antizikliko baten abiarazteari ere arreta berezia emango zaio (finantza-nahikotasunerako premietara egokituta egongo da politika antizikliko hori).

Ondorioz, printzipio orokor horiek zehaztu eta gero, honako jarraibide hauek ezartzen dira 2014ko aurrekonturako:

Langile-gastuak: aurrekontu-plantillak eta ordainsariak

Administrazio orokor eta instituzionaleko eta zuzenbide pribatuaren bitartez zuzenduta dauden erakundeetako funtzionarioen, langile lan-kontratudunen eta behin-behineko langileen aurrekontu-plantillek, irizpide orokor gisa, izaera mugatzailea izango dute, eta 2013ko abenduaren 31n zeuden lanpostuen guztizko erantsia ezin izango da handiagotu.

Autonomia Erkidegoko zerbitzura dauden funtzionarioen, lan-kontratudun langileen eta behin-behineko langileen ordainsariak negoziazio kolektiboko prozesutik ateratzen direnak izango dira, eta gehienezko muga Euskal Autonomia Erkidegoko 2014rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean zehaztutako da.

Funtzionamenduko gastuak eta transferentzia korronteak

Euskal Autonomia Erkidegoko Departamentuek eta Sektore Publikoko gainerako Erakundeek funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamendua mantenduko duten jardunen gastua izango dute lehentasunen artean.

Administrazio instituzionaleko erakundeetarako transferentziak kalkulatzeko, arestian bilduriko argibideak hartuko dira kontuan, transferentzia horiek langile-gastuak finantzatzen dituzten zatian.

Inbertsio errealak, kapitaleko diru-laguntzak eta finantza-aktiboen aldaketa

Aurreko ekitaldietatik datozen eta 2014ko ekitaldian jarraitzen duten betebeharrei aurre egiteko behar diren kredituak emango dira.

Kapitulu horiei buruzko gastuak oinarrizko zerbitzu publikoak ematea finkatzen duten eta horretaz gain, hazkundearen eta enplegu-sorreraren bidera itzultzea faboratzen duten politiketara ere egongo dira zuzenduta.

Finantza-gastuak eta finantza-pasiboen txikiagotzea

Zor Publikoaren interesen eta amortizazioaren aurrekontua zenbatetsitako kostuaren arabera egingo da.

Sektore Publikoko erakunde berririk ez sortzea

Ez da aurreikusiko erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 11