Local2030 Idazkaritza
Zer da Local2030?
Local2030 Nazio Batuen plataforma da, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren ezarpena tokiko eta lurralde mailatik bultzatzeko. Helburua da Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) azkartzea, gobernuen, erakundeen, sektore pribatuaren, akademiaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetzaren bidez.
Abiapuntua ideia argi bat da: erronka global handiak —hala nola klima-aldaketa, desberdintasuna edo gizarte-kohesioa— eraginkorrago lantzen dira tokiko mailatik, bertan gauzatzen baitira politika publikoak eta eragin zuzena baitute pertsonen bizitzan.
Local2030 Koalizioa Nazio Batuen sistemaren sarea da, GJHen tokiko ezarpena babestu eta azkartzeko. Nazio Batuen sistema, gobernu nazionalak, eskualdekoak eta tokikoak eta haien sareak, sektore pribatua, akademia eta komunitate-erakundeak biltzen ditu, lankidetza sustatzeko, berrikuntza ernetzeko, irtenbideak partekatzeko eta 2030 Agendaren helburuak lortzera bideratutako estrategiak garatzeko.
Testuinguru horretan, Local2030ek gobernantza anitzeko eta eragile anitzeko artikulazio-gune gisa jarduten du:
- GJHak politika publikoetan integratzea sustatzen du.
- Ezagutza eta jardunbide egokien trukea errazten du.
- Berrikuntza eta irtenbide jasangarrien esperimentazioa bultzatzen du.
- 2030 Agenda ezartzeko gaitasun instituzionalak indartzen ditu.
Local2030 Koalizioaren Idazkaritza
2022ko urriaren 22an inauguratu zen Local2030 Koalizioaren Idazkaritza, Bilboko Artxibo Historikoan kokatua. Ekitaldian parte hartu zuen Amina J. Mohammedek, Nazio Batuen Idazkariorde Nagusiak eta Garapen Jasangarrirako Nazio Batuen Taldearen presidenteak.
Local2030 Koalizioaren eta haren bazkideen —Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta BBK— arteko aliantzak bere eragin eraldatzailea maximizatzen du, eta bere gaitasun estrategikoa eta katalizatzailea indartzen ditu.
Idazkaritzaren helburua da tokiko eragileei 2030 Agenda ezartzen laguntzeko ekintza bateratua sustatzea, dagoeneko martxan dauden lokalizazio-ahaleginak aprobetxatuz eta lurraldeetan benetako eragina duten irtenbide berritzaileak sortuko dituzten aliantzak indartuz.
Bilbotik, Idazkaritza lotura-gune estrategiko gisa eratzen da tokiko eta globalaren artean, eta Euskadi nazioarteko erreferente gisa sendotzen du GJHen gobernantzan eta ezarpenean.