ARLOAK / EGINKIZUNAK
- Zerbitzu Zuzendaritzari, dekretu honen 6. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, zeharkako kudeaketako organo gisa, egiteko hauek dagozkio:
- Aurrekontuaren aurreproiektua egitea, aurrekontuaren jarraipena egitea eta Lehendakaritzaren kudeaketa ekonomiko-administratiboa gauzatzea.
- Lehendakaritzako bulegoen barne-araubideari eustea, bulegoak administratzea eta bertako ondarea eta ekipamendua zaintzeaz arduratzea.
- Sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak hastea, izapidetzea, eta Lehendakaritzaren idazkari nagusiari helaraztea, berak ebatzi ditzan.
- Euskadiren kanpoko ordezkariekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, egoitzek behar bezala funtziona dezaten, Zuzendaritzaren berezko gaietan.
- Euskadiren kanpoko ordezkaritzek behar bezala funtzionatzeko behar diren jarduerak gauzatzen lagundu eta ziurtatzea, batez ere ondare, obra eta altzari, baliabide informatiko eta telekomunikazio, ibilgailu eta langileei dagokienez.
- Laneko Segurtasun eta Osasun Unitatearen jarduerak zuzendu eta antolatzea.
- Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratuko, modernizazioko, administrazio elektronikoko, gobernantzako eta berrikuntzako proiektu orokorretan parte hartzea, eta Lehendakaritzan sustatzea.
- Lehendakaritzako herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuen funtzionamendu egokia ziurtatzea (arretarako 2. eta 3. mailak), Zuzenean–Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak behar bezala antolatzea eta, horretarako, eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela ziurtatzea.
- Lehendakaritzari dagozkion informazio publikoa eskuratzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
- Gardentasun-politikarekin bat etorriz, hauek koordinazioa eta jarraipena egitea: informazioaren argitalpen aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen eskabideei emandako erantzunak eta Lehendakaritzaren datu publikoen irekiera.
- Lehendakaritzako Erregistro Orokorra eta Artxiboa kudeatzea.
- Langileen arloan, egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari:
- Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikitako langileak administratu eta kudeatzea, eta diziplina-espedienteak izapidetzeko eskumena duen administrazio-organoa izatea.
- Langileen beharrizanak ebaluatzea eta Lehendakaritzako lanpostuen zerrendaren proposamena egitea.
- Langileen gizarte-ekintzako, prestakuntzako eta hobekuntzako planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak arlo horretan dituen eskumenak.
- Lehendakaritzako zerbitzuen eta lan-sistema eta -metodoen barne-antolaketari, arrazionalizazioari, aplikazio informatikoei, administrazio digitalari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, Lehendakaritzaren gainerako organoekin eta Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin koordinatuta.
- Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren zerbitzuko langileen euskalduntze-prozesua eta hizkuntza-normalizazioa koordinatzea, eta euskararen erabilera sustatzea, Euskara Unitatearen bidez, hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duten organo zentralekiko lankidetzan.
- Kontratazioaren esparruan, egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari:
- Sektore publikoko kontratuen legeen mendeko prozedurak izapidetzea, hargatik eragotzi gabe Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak eta Lehendakaritzako beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak (Euskadiren kanpoko ordezkariak).
- Idazkaritza nagusietako baten eremua gainditzen duten gaietan kontratazio-organo gisa jardutea, baldin eta indarreko legeen arabera kontratu txikitzat jotzen badira.
6. artikulua.- Zuzendaritzak.
Lehendakaritzaren egitura osatzen duten zuzendaritzetako bakoitzari dagokio, dekretu honen hurrengo kapituluetan zehaztutako arlo espezifikoei kalterik egin gabe, egiteko orokor hauek betetzea:
- Kontratazio-organo gisa jardutea esleituta dituzten jardun-arloei dagozkien gaietan, indarreko legeen arabera kontratuak txikitzat jotzen badira.
- Indarrean dauden legeetan txikitzat tipifikatutako kontratuen gastu-baimenak ematea zuzendaritzen jardun-arloei dagozkien espedienteetan.
- Zuzendaritzen eskumen-arloan, Lehendakaritzako Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean ezarritako helburuak zehaztea eta helburuok ezartzeko eta ebaluatzeko behar diren ekimenak garatzea.
- Zuzendaritzen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak definitzea, bai eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak sustatu, gauzatu eta ebaluatzea ere; eta, horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko politiken kudeaketa integratua egin, Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako Berdintasunerako Unitatearen koordinaziopean eta Emakunde–Emakumearen Euskal Erakundearekiko lankidetzan.