Arautegia

Inprimatu

5/2016 LEGEA, apirilaren 21ekoa, Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 79
  • Hurrenkera-zk.: 1760
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2016/04/21
  • Argitaratze-data: 2016/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 5/2016 Legea, apirilaren 21ekoa, Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legea arau aitzindaria izan zen, sistema bakarrean bildu baitzituen edozein ezbehar motaren ondoriozko larrialdi arrunten ohiko kudeaketa eta hondamendi edo lazeria publikoen ondoriozko larrialdi kolektiboko egoeren aurreko erantzuna.

Ikusmolde horren abiapuntua zen, larrialdi-zerbitzuen koordinazioa eta lankidetza operatiboa lagungarria zela aparteko garrantzi kolektiborik gabeko kasuen aurrean herritarrei arreta eraginkorra emateko, eta, orobat, prestakuntza sustatzen zuela gizartea eta erakundeak geldiaraziko lituzkeen hondamendi baterako.

Azken urteotako esperientziak erakusten duenez, eredu egokia hautatu da, etsenplu eta inspirazioa izan dena beste zenbait tokitan.

Hala ere, denboraren joanean agerian geratu da araututako ereduan badirela eguneratu beharra duten hainbat alderdi, hain zuzen ere, instituzio eta zerbitzuen jarduketen kontzertazioa eta elkarrekiko erlazioa indartzea, sistema informatikoak eta komunikaziokoak eguneratzea, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako zerbitzuen formakuntza indartzea edo jarduteko prozedurak estandarizatzea, eta, orobat, ekimen pribatua eta gizarte-ekimena sektore publikoaren jarduerarekin integratu beharra.

Eguneraketa horretarako, erabaki estrategikoak eta antolamenduari buruzkoak hartu behar dira, eta, erabaki horiek, zenbait kasutan, legezko neurri jakinak onartzea eskatzen dute.

Ildo horretan kokatzen da Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea. Lege horrek Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistema euskal segurtasun-sistema globalagoan txertatzen du. Lege horretan, besteak beste, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arautzen da, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako kideen formakuntza eta gaikuntzarako tresna gisa, bai eta larrialdietako 1-1-2 telefonoaren zeregina ere.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak, segurtasun publikoaren sistema osoari aplikatu beharreko printzipio orokorrak finkatzeaz gain, larrialdien arloko legedia espezifikoari aipamenak egiten dizkio.

Aurreko diagnostikoak agerian utzi du indarrean dagoen erregulazioak hutsuneak dituela zenbait arlotan, esate baterako, aurreikuspenaren eta alertaren antolamenduan, herritarren eskubide eta betebeharretan, autobabeserako betebeharretan edo zehapen-araubidean.

Lege honetan proposaturiko aldaketaren asmoa da Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistema sendotzea, haren ikuspegi integrala indartuz, funtzionamendua hobetzeko eta gaurkotzeko helburuarekin. Horretarako, koordinazioa hobetuko duen antolaketa-egitura publiko batean oinarritutako ereduaren alde egiten da legean, ikuspegi integrala ezarriz eta lehenetsiz, larrialdiek izan behar duten aurreikuspen eta erantzun egokia eskaini ahal izateko, eta orobat, formakuntza ere aintzat hartuz. Ikuspegi integral horren baitan, halaber, ezinbestekoa da boluntarioen erakundeen sarea eta haren antolakuntza eta kudeaketa sartzea, bai eta itsas salbamendua aurreikustea ere, herri-ikuspegia zein eremu guztien ikuspegia ahaztu gabe.

Horretarako, legearen erreforman eduki hauek jorratzen dira:

  1. Arriskuei eta horien aurka babesteko neurriei buruzko formakuntzaren eta informazioaren inguruan herritarrek dituzten eskubide eta betebeharrak arautzen dira, eta aldi berean, herritarrak larrialdiei erantzuteko mekanismoetan inplikatzen saiatzen da.

  2. Larrialdien aurreko aurreikuspeneko eta prebentzioko mekanismoak indartzen dira, alerten sarea arautuz, bai eta zerbitzu meteorologikoen eta babes zibilaren arteko lotura ere.

  3. Elementu kalteberak edukitzeagatik edo arriskutsuak izan daitezkeelako, segurtasunerako garrantzitsuak diren erakunde publiko edo pribatu guztiek Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemarekin duten lotura indartzen da.

  4. Autobabeserako eskubide eta betebeharrak arautzen dira, bai eta betebehar horiek bete daitezen sustatzeko mekanismoak ere.

  5. Bereizgarrien sorrera jasotzen da, larrialdietan esku hartzeko zerbitzuetako langileen ekintza nabarmenak eta larrialdi-egoeretan herritarrek zerbitzu horiekin izaten duten inplikazioa eta lankidetza aintzatesteko.

  6. Zehapen-araubide bat arautzen da, tipikotasun-printzipioaren araberakoa, babes zibileko eta larrialdietako legezko betebeharrak ez betetzeagatiko, edo larrialdiko deien arreta-zerbitzua nahasteagatiko arau-hausteak eta zehapenak biltzeko.

  7. Lurralde-antolamenduko tresnek eta hirigintza-planek arriskuen inbentarioa eta mapa kontuan hartzea aurreikusten da eta, horrez gain, arriskuei aurrea hartzeko eta gerta litezkeen hondamendien eta lazerien eraginak gutxitzeko neurriak ezartzea.

  8. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa arautzen da euskarri teknologiko eta logistikoaren oinarri-plataforma gisa, bai edozein motatako larrialdietan esku hartu behar duten zerbitzuekin komunikatzeko eta bai zerbitzu horien koordinazioa errazteko ere, babes zibileko planek eta aplikatu beharreko taktika operatiboek ezartzen dutena betez.

  9. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa Euskadiko larrialdi- eta segurtasun-zerbitzuetako zentral operatibo guztiekin konektatuta egotea ahalbidetuko duten neurriak hartzea aurreikusten da.

  10. Larrialdiko deiak hartzeko zerbitzua jasotzen da, 1-1-2 telefono-zenbaki bakarraren bidezkoa, helburu duelarik Euskadin edozein herritarrek egindako deiak jasotzea, larrialdia edo gertakaria identifikatzea, eta deia edo alarma helaraztea dagokion zerbitzu edo agintaritzari.

  11. Larrialdiei erantzuteko zerbitzu eta baliabide interesgarriak dituzten administrazio publikoekin hitzarmenak egitea sustatzen da, laguntza-eskaera edo larrialdi-deiei jarduketa azkar, integratu eta eraginkor batekin erantzutea bermatzeko.

  12. Hondamendien aurreko Laguntza Unitatearen erregelamendu bidezko eraketa xedatzen da, Eusko Jaurlaritzan segurtasun-arloko eskumena duen sailaren mende egongo dena, larrialdi-egoeran dauden pertsonak eta ondasunak babesteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean edo lurralde horretatik kanpo, haren laguntza eskatzen denean. Unitate horrek nazioarteko lankidetzako misioak ere gauzatu ahal izango ditu.

  1. Antolaketa-egitura publiko profesional bat jasotzen da, Eusko Jaurlaritzari eta babes zibileko egoeretako, larrialdi arrunteko egoeretako eta biktima anitzeko gertakarietako esku-hartzeak koordinatzeko eta laguntzeko eskumena duen sailari agindutako eginkizunak beteko dituena.

  2. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzeko otsailaren 25eko 1/2004 Legea, babes zibil eta larrialdietako eskala bat sortzeko eta agintaritzaren agenteen maila emateko larrialdietako operatiboak koordinatzen dituzten larrialdiei aurre egiteko eta babes zibileko langileei.

  3. Boluntarioen erakundeek osatutako zerbitzu profesionalentzako laguntza-sareak sortzeko sustatze-neurriak jasotzen dira. Erakunde horietako kideak lankidetzan arituko dira baina ez dituzte zerbitzu profesionalak ordezkatzen, eta aurretik zehaztutako gutxieneko formakuntza eta prestakuntza izan behar dute.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari esleitzen dio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistema osatuko duten aktoreen formakuntzaren eta prestakuntzaren eginkizun nagusia, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean ematen zitzaizkion erantzukizunen arabera.

  5. Legearen xede diren larrialdien artean sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko eremuko jurisdikziopeko uretan gertatutakoak, itsas salbamenduaren arloan Estatutuan emandako eskumenen arabera.

Bat. Legearen 1. artikuluko lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela egongo da idatzita aurrerantzean:

«1. Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jarduketak antolatzea eta koordinatzea larrialdien prebentzio eta kudeaketaren arloan. Jarduketa horien helburua izango da pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea arrisku kolektibo larri, hondamendi eta lazeria publikoko egoeren aurrean, eta, orobat, era bateko eta besteko zerbitzu eta operatiboen koordinazioa beharrezkoa den urgentziako edo larrialdiko beste kasu batzuetan».

BI. Kapitulu berri bat eransten da: I bis kapitulua. Izenburu hau izango du: «I bis kapitulua. Eskubideak eta betebeharrak».

Hiru. Artikulu berri bat eransten zaio I bis kapituluari: 2 bis artikulua. Honela idatzita egongo da:

«2 bis artikulua. Babes zibilari dagokionez, Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek eskubidea dute: a) Informatuak izateko eragin diezaieketen arrisku kolektibo larriei buruz eta arrisku horiei aurre egiteko aurreikusitako jarduketei buruz. Informazio horrek ezin izango du, inola ere, indarrean dagoen legeriak babestutako daturik bildu. b) Informazioa eta jarraibideak jasotzeko hartu beharreko segurtasun-neurriei buruz eta jarraitu beharreko jokabideari buruz. c) Lankidetzan aritzeko babes zibileko lanetan. d) Zuzenean eragin diezaieketen babes zibileko eta larrialdietako planak egiteko prozesuan parte hartzeko, jendaurreko erakustaldiko eta kontsultako eta herritarren parte-hartzeko izapideen bitartez. e) Babes zibileko agintari eta zerbitzuetara jotzeko, arlo honekin lotutako arrisku, aurreikuspen eta dispositiboen inguruko kexak, eskaerak eta proposamenak aurkezteko f) Zerbitzu publiko eskudunek larrialdietako biktimak ahalik eta lasterren identifika ditzaten eta senitartekoei zein hurbilekoei informazio zehatza eskain diezaieten, helburu horretarako jarduketa-protokoloak ezarri beharko direlarik».

Lau. Artikulu berri bat eransten zaio I bis kapituluari: 2 ter artikulua. Honela idatzita egongo da:

«2 ter artikulua. Autonomia Erkidegoan bizi den pertsona orok babes zibileko zereginetan laguntzeko betebeharra du lege honen eta lege hau garatzeko arauen arabera, eta, ildo horretan, betebehar hauek ditu: a) Legez derrigorrezkoak diren autobabeserako plan eta neurriak hartu, mantendu eta aplikatzea, bai eta, hala badagokio, horiek garatzeko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta giza bitartekoak mantentzea ere. b) Agintaritza eskudunari informazioa ematea kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudian aurreikusitako moduan eta dagokion edukiarekin, eta, oro har, arrisku-egoerak sortu edo larriagotu ditzaketen egoerei buruzko informazioa helaraztea. c) Beharrezko ikuskaritzak egitea, indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraituz, ikuskaritzari lokaletan edo establezimenduetan sartzen utziz. d) Babes zibileko agintaritza eskudunari jakinaraztea larrialdi-egoerak sorraraz ditzaketen gorabeherak, edozein izanda ere gorabehera horiek ezagutzeko bidea. e) Ariketak eta simulakroak egiten laguntzea, bai eta larrialdi-egoeretako esku-hartzeetan ere, bidezko arrazoiren batengatik eta proportzionaltasun-printzipioaren arabera hala eskatzen zaienean. f) Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak emandako larrialdiko jarraibide eta neurriak jarraitzea, baita agintaritza horrek emandako agindu orokor eta bereziak betetzea ere».

Bost. Artikulu berri bat eransten zaio I bis kapituluari: 2 quater artikulua. Honela idatzita egongo da:

«2 quater artikulua. 1. Hondamendi, lazeria publiko edo arrisku kolektibo larriko egoeren aurrean, edozein pertsona dago behartuta babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak eskatutako prestazio pertsonalak ematera pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko asmoz, sortutako egoeraren eta pertsona bakoitzaren aukeren neurrira. Zerbitzu horiek ematea nahitaezkoa da eta horregatik ez da inolako kalte-ordainik jasoko. 2. Larrialdiaren izaerak hala eskatzen duenean, larrialdiari aurre egiteko behar diren ondasunak aldi baterako eta modu iragankorrean errekisatu, esku hartu edo okupatu ahal izango ditu babes zibileko agintaritzak. Jarduketa horiengatik kalte-galerak jasaten dituzten pertsona, erakunde edo enpresek legean ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dute. 3. Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak pertsona, erakunde edo enpresekin hitzarmenak sustatuko ditu, larrialdiren bat gertatuz gero haien bitarteko eta zerbitzuak modu eraginkorrean eskura izatea aurreikusteko. 4. Hondamendi, lazeria publiko, hur-hurreko aurri edo arrisku kolektibo larriko kasuetan, eta beharrizan muturreko eta urgenteko egoeretan, zilegi izango da bizilekuan sartzea baldin eta pertsonek eta gauzek berehalako kalte larriak jasan ditzaten eragozteko bada».

Sei. Artikulu berri bat eransten zaio I bis kapituluari: 2 quinquies artikulua. Honela idatzita egongo da:

«2 quinquies artikulu. Babes zibileko agintaritzarekin lankidetzan jarduteko betebehar berezia dute babes zibilerako jarduera garrantzitsua duten pertsona eta erakundeek eta, bereziki, honako hauek: a) Urrakortasun edo arriskugarritasunagatik, indarrean dagoen araudiaren arabera autobabeserako neurriak hartzeko betebeharra dakarten jarduerak burutzen dituztenek. b) Enpresa publiko edo pribatuen arriskuen zaintza- eta babes-zerbitzuek. c) Ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrek edo zerbitzu publiko edo interes orokorreko zerbitzuak kudeatzen dituztenek eta, bereziki, osasun-zerbitzuekin lotutako jarduerak edo oinarrizko zerbitzu eta hornidurak kudeatzen dituztenek, hala nola ur-, gas- eta elektrizitate-banaketa eta -hornidurako nahiz telefonia eta telekomunikazioetako zerbitzuak ematen dituztenek. d) Gizarte-hedabideek».

Zazpi. Artikulu berri bat eransten zaio I bis kapituluari: 2 sexies artikulua. Honela idatzita egongo da:

«2 sexies artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten pertsona eta erakundeak behartuta daude babes zibilaren arloko agintaritza eskudunari informazioa ematera, babes egokia ziurtatzeko egiten dituzten jardueren inguruan, bai eta babes zibileko arriskuen eta horien bilakaeraren inguruan antzematen duten informazioa ere. 2. Enpresa publiko edo pribatuen arriskuen zaintza- eta babes-zerbitzuak babes zibileko laguntzailetzat hartzen dira ondorio guztietarako, eta misioak esleitu ahal izango zaizkie babes zibileko planetan, eta, hala badagokio, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak larrialdietan jarduteko errekeritu ahalko ditu. 3. Ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrak edo zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak kudeatzen dituztenak bereziki behartuta daude administrazio eskudunari erraztasunak ematera, haien jardueretarako dituzten baliabide materialak eta pertsonalak erabil ditzan larrialdi-egoerei aurre egiteko behar den neurri zehatzean. 4. Lege honetan araututako alertako eta larrialdiko egoeretan, telekomunikazio-sare eta -zerbitzuen titular diren enpresek babes zibileko agintaritzaren eskura jarri beharko dituzte horiek, biztanleriari abisuak edo alertak iragartzeko. 5. Lege honetan araututako alertako edo larrialdiko egoeretan, titulartasun publiko edo pribatuko gizarte-hedabideak behartuta daude babes zibileko agintaritzarekin lankidetzan jardutera. Alerta- edo larrialdi-egoerak hala eskatuz gero, hedabide horiek, lehentasun osoz eta berehala, doan iragarri edo argitaratu behar dituzte agintariek helarazitako abisu eta jarraibideak. Kasu guztietan, komunikatua egiten duen babes zibilaren arloko agintaritza eskuduna zein den adierazi beharko da».

Zortzi. Artikulu berri bat eransten zaio I bis kapituluari: 2 septies artikulua. Honela idatzita egongo da:

«2 septies artikulua. 1. Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak herritarren eskubideei eragiten dieten jarraibide eta oharrak eman ahal izango ditu legeetan ezarritakoaren arabera, bai eta hartzaileek derrigor bete beharko dituzten neurriak hartu ere, aplikatu beharreko planean ezarritakoaren edo hondamendiak gertatzen direnean aktibatutako babes zibileko plan baten arabera, edo larrialdiak edo babestu beharreko ondasunek sortzen dituzten beharrek hala eskatzen dutenean. 2. Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu: a) Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea. b) Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatu edo urruntzea. c) Arriskuko edo ekintzako eremuetarako sarbidea mugatzea. d) Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa mugatu edo baldintzatzea. e) Leku jakin batzuetan jarduerak mugatu edo debekatzea eta arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea. 3. Manu honetan aipatzen diren neurriak zorrozki mugatuak egongo dira larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa den denbora-tartera; halaber, neurriok arriskuaren araberakoak izango dira, eta ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango».

Bederatzi. Atal berri bat eransten zaio II. kapituluari: I bis atala. Izenburu hau izango du: «I bis atala. Aurreikuspena».

Hamar. Artikulu berri bat eransten zaio II. kapituluko I bis atalari: 8 bis artikulua. Honela idatzita egongo da:

«8 bis artikulua. 1. Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak egin eta zaintzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoari eragiten dioten arriskuen inbentarioa eta mapa, Euskadiko Babes Zibileko Plana ere osatzen dutenak. 2. Euskadiko arriskuen inbentarioan bilduko dira Euskadiko lurraldean pertsonen osotasunari, ondasunei, ondare kolektiboari eta ingurumen-ondareari arrisku larriak eragin diezazkieketen egoera edo jarduera natural, antropiko eta teknologiko guztiak. Era berean, berez erkidegorako interesgarritzat jotzen diren arrisku-egoerak zehaztuko dira inbentario horretan. 3. Euskadiko arrisku-mapa da dokumentu kartografiko ofiziala non seinalatzen, deskribatzen, kalifikatzen eta kokatzen den Autonomia Erkidegoari eragiten dioten arrisku garrantzitsuetako bakoitza, arrisku bakoitza agertzen den lurralde-eremua zehaztuz. 4. Euskadiko arriskuen inbentarioa eta mapa arriskuen analisi egokien arabera egingo dira, bereziki kontuan hartuz udalek eta foru-aldundiek egindako babes zibileko planetatik ateratako informazioa eta hainbat administrazio publikotako organoek arrisku bakoitzarentzat egindako arrisku-ikerketatik eratorritako datuak, eta, hala badagokio, hitzarmenak sinatu ahal izango dira. Euskadiko arriskuen inbentarioa eta mapa aldiro berrikusten eta eguneratzen dira. 5. Euskal administrazio publiko guztiei emango zaie Euskadiko arriskuen inbentarioaren eta maparen berri».

Hamaika. Artikulu berri bat eransten zaio II. kapituluko I bis atalari: 8 ter artikulua. Honela idatzita egongo da:

«8 ter artikulua. 1. Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak babes zibileko informazio- eta alerta-sare bat eratu eta koordinatuko du; batetik, larrialdi-egoerak prebenitzeko, egoera horiek antzemateko eta horien jarraipena egiteko, eta, bestetik, pertsona, ondasun eta ondare kolektiboaren segurtasunarentzat mehatxu denari buruzko prebentzio-informazioa emateko babes zibileko agintaritzari, bereziki kalteberak diren zerbitzu publikoei eta herritarrei. 2. Informazio- eta alerta-sarea osatuko dute pertsona, ondasun eta ondare kolektiboarentzat arriskutsuak diren fenomenoak antzematen, horien jarraipena egiten eta horien prebentzioan lagundu dezaketen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoko erakunde guztiek eta haren sektore publikoak. Halaber, Autonomia Erkidegoko lurraldean egon daitezkeen beste kontrol- eta alarma-sistema publiko nahiz pribatu batzuk sare autonomikoan funtzionalki integratzeko ahalegina egingo da. 3. Herritarrentzako prebentzio-informazioa modu eraginkorrean zabaldu behar da hartzaile diren kolektiboak kontuan izanda, batez ere, haurren, adinekoen, desgaituen edo bereziki kalteberak diren beste kolektiboen kasuan. 4. Alerta edo alarmako instalazioen kokalekua Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko du. Kokalekua erabaki ondoren, udal-plangintzako hirigintza-tresnek alerta edo alarmako instalazioetarako beharrezko kokaleku-aurreikuspenak bildu beharko dituzte. Onura publikokotzat jotzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibileko informazio- eta alarma-instalazioak ezartzeko beharrezkoak diren lursail eta ondasunak, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. 5. Informazio eta alarma automatikoko sarea ezartzeko beharrezko ondasun edo eskubideen nahitaezko desjabetzea edo zortasunak ezartzea desjabetzearen arloan indarrean dagoen legeria orokorraren arabera egingo dira».

Hamabi. Artikulu berri bat eransten zaio II. kapituluko I bis atalari: 8 quater artikulua. Honela idatzita egongo da:

«8 quater artikulua. 1. Meteorologiako Euskal Zerbitzuak parte hartzen du aurreko artikuluan aipatutako informazio- eta alerta-sarean. 2. Jarduketa-programa bat prestatuko da meteorologia-fenomeno kaltegarriak iragartzen direnerako eta horien zaintzarako. Programa horrek kaltegarritasun-atalaseak definituko ditu, pertsonei edo ondasunei, zuzenean edo zeharka, kalteak eragiteko aukeraren arabera, bai eta atalase bakoitzean zerbitzu publikoei edo herritarrei jakinarazi beharreko abisu-buletinak ere».

Hamahiru. Artikulu berri bat eransten zaio II. kapituluko I bis atalari: 8 quinquies artikulua. Honela idatzita egongo da:

«8 quinquies artikulua. 1. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 66. artikuluan jasotakoaren arabera, lurralde-antolamenduko tresnek eta hirigintza-planek kapitulu honetan araututako arriskuen inbentarioan eta mapan zehaztutakoa hartuko dute kontuan, eta gerta litezkeen hondamendien eta lazerien eraginak gutxitzeko eta arriskuak prebenitzeko neurriak hartuko dituzte. Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak administrazio eskudunen eskura jarriko du plangintzaren xede den lurraldean dauden babes zibileko arriskuei buruzko informazioa. 2. Lurralde-antolamenduko tresnek, behin hasierako onespena jasota, larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumena duen Jaurlaritzaren sailaren zuzendaritzaren nahitaezko txostena jaso beharko dute, tresna horietan onetsitako lurralde-ereduak eragin ditzakeen arrisku kolektibo larriko egoerekin lotutako alderdiei buruz. Txosten horren ondorioak kontuan hartu beharko dira lurraldearen erabileraren edo aprobetxamenduaren bateraezintasun legalik adierazten badute, pertsonen, ondasunen edo ondare kolektiboaren segurtasuna arriskuan jartzen dutelako. Txostena bideratzeko epea hilabetekoa izango da, eta epe horretan txostenik ematen ez bada, izapideak aurrera egin ahal izango du. 3. Hiri-antolamenduko plan orokorrak formulatu eta izapidetzeari dagokionez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 90. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, udalek, plana egitea erabakitzen denean, Jaurlaritzan larrialdien eta babes zibilaren arloko eskumena duen saileko zuzendaritzari informazioa eskatuko diote dauden arriskuei buruz, antolamenduak zeintzuk errespetatu behar dituen jakiteko. Informazio hori emateko, gehienez ere bi hilabeteko epea egongo da, eta justifikazio tekniko eta juridikoarekin batera emango da. 4. Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren eskumena duen sailak arau hau aplikatuz egindako txostenen berri emango dio aldian-aldian Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeari».

Hamalau. Legearen 10. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita egongo da:

«10. artikulua. 1. Jardueren urrakortasun edo arriskugarritasunagatik, pertsonei, ondasunei edo ondare kolektiboari arriskuak eragin diezazkieketen jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek autobabes-neurri hauek hartu beharko dituzte, erregelamendu bidez ezartzen den moduan: a) Autobabeserako plan bat egitea, erregelamendu bidez ezarritako eduki eta prozedurak bilduko dituena, eta plan hori eta hartutako autobabeserako gainerako neurriak, bai eta horien aldaketak ere, administrazio eskudunari jakinaraztea. b) Berariazko araudiaren arabera erregistratzekoak diren datuak Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrera bidaltzea, eta datu horiek eguneratuta izatea. c) Autobabeserako arduradun bat izendatzea. d) Babes zibileko agintari eta zerbitzuei azkar ematea edozein larrialdiren berri eta, orobat, beren jardueren ondoriozko arriskua nabarmen handitzea eragin dezakeen edozein gorabeheraren berri. e) Dagokion autobabeserako planean aurreikusten diren edo egoeraren arabera egokienak eta arrazoizkoenak diren neurriak aplikatzea. f) Agintari publikoei laguntzea herritarrentzako autobabes-neurriei buruzko informazioa zabaltzen eta neurri horiek sustatzen, haien jardueren eragin-eremuan. g) Babes zibileko agintariei eta horien agenteei jarduerari buruz eskatzen duten informazioa ematea eta, ikuskaritza-zereginetan dihardutenean, informazioa eskuratzen uztea. h) Arriskuko eta larrialdiko egoerei aurre egiteko beharrezko bitarteko pertsonalak eta materialak mantentzea. i) Beren jarduera, instalazio, zentro, establezimendu edo bulegoek babes zibilaren arloan eragin ditzaketen kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguru bat edo beste finantza-berme baliokideren bat sinatzea. 2. Erregelamendu bidez katalogatuko dira aurreko paragrafoan aurreikusten diren autobabeserako neurriak hartzera behartuta dauden jarduera, instalazio, zentro, establezimendu edo bulegoak».

Hamabost. Legearen 11. artikulua aldatzen da, eta honela egongo da idatzita aurrerantzean:

«11. artikulua. 1. Autobabeserako planak dira jarduera, zentro, establezimendu, espazio, instalazio edo bulego baterako aurreikusitako esparru organiko eta funtzionala, eta horien helburua da pertsonen eta ondasunen gaineko arriskuak prebenitzea eta kontrolatzea, eta izan daitezkeen larrialdi-egoerei erantzun egokia ematea titularraren ardurapean dagoen eremuan, jarduketa horiek babes zibileko sistema publikoan integratzen direla bermatuz. Plan horiek, halaber, dagokion agirian jasoko dira. 2. Autobabeserako planak honako alderdi hauek bilduko ditu gutxienez: a) Titularrak identifikatzea, eta jardueraren eta hura garatzen den instalazio eta eremuen deskribapena egitea. b) Toki edo establezimenduari eragin diezaioketen arriskuen identifikazio eta ebaluazioa. c) Arriskuak murriztera edo ezabatzera bideratutako neurriak ezarriko dituen prebentzio plan bat. d) Larrialdietako plan bat, larrialdiko egoeretan garatu beharreko neurriak eta jarduketak bilduko dituena, hala nola, alarma, sorospena eta ebakuazioa; bai eta plan hori babes zibileko planetan sartzea ere. e) Instalazioetan lan egiten duten pertsonentzako informazio, formakuntza eta hornikuntza egokia. Erregelamendu bidez hala eskatzen den kasuetarako, sorospen- eta laguntza-lanetan espezializatuta dauden talde profesionalak antolatuko dira, baliabide propioekin. f) Autobabeserako planean dauden neurrien eraginkortasunaz eta babes zibilaren arloko eskumena duten agintariekin eduki beharreko harremanez arduratuko den pertsonaren izendapena. 3. Autobabeserako planen bat izateko betebeharra duten enpresa, erakunde eta zentroek babes zibilaren arloko agintaritza eskudunarekin lankidetzan jarduteko betebeharra dute, eta beren planari buruz eskatzen zaien informazio guztia eman behar dute, bai eta sortzen dituzten larrialdiei egoki erantzuteko beharrezko bitarteko tekniko eta materialei buruz eskatzen zaien informazio guztia ere, instalazioen kanpoko aldeari eragiten badiote. 4. Behar bezala gaitutako teknikari adituek idatzi behar dituzte autobabeserako planak, jardueraren titularra den enpresa edo erakundearen erantzukizunpean, eta plan bakoitzaren motaren arabera, txostena egin behar zaie, eta homologatu edo onartu egin behar dira erregelamendu bidez ezarritakoari jarraituz. 5. Autobabeserako planen arduradunek parte hartu behar dute babes zibileko zerbitzu publikoetako agintari eta arduradunek eskatutako prebentzioko eginkizun edo eginkizun operatibo guztietan; bileretarako deia egiten zaienean bertaratu behar dute, planak barne hartutako edozein arrisku-egoerari edo planaren eraginkortasunari eragiten dion edozein gorabeheraren berri eman behar diete agintariei, eta autobabeserako plana aktibatu behar dute».

Hamasei. Artikulu berri bat eransten da: 11 bis artikulua. Honela idatzita egongo da:

«11 bis artikulua. Euskal administrazio publikoek autobabesaren kultura sustatuko dute eta, bereziki, arrisku bereziko jardueretan aritzen diren enpresa eta erakundeen artean autobabeserako erakundeak eratzea, aholkularitza eta laguntza emanez».

Hamazazpi. Artikulu berri bat eransten da: 11 ter artikulua. Honela idatzita egongo da:

«11 ter artikulua. 1. Euskal administrazioek biztanleria arrisku kolektibo larriei, hondamendiei eta lazeriei aurre egiteko prestatzeko beharrezkoak diren jarduerak egin behar dituzte, informazioko eta dibulgazioko kanpainen bitartez bereziki. 2. Autobabesaren arloko betebeharrak dituzten jarduerak egiten dituen erakunde publiko eta pribatu orok administrazio publikoekin lankidetzan jardun behar du biztanleria prestatzeko jardueretan. 3. Babes zibileko agintaritzak ariketak eta simulakroak prestatu eta egin ditzake. Arrisku bereziek eragindako eremu, zentro, establezimendu eta instalazioetan, aldizka ariketak edo simulakroak egin behar dira, dagozkien planen xedapenei jarraituz. Ariketa, simulakro edo informazio-kanpainen sustatzaileek larrialdietako agintaritza eskudunari jakinarazi beharko diote, aldez aurretik, jarduera horiek egingo dituztela, bai eta jarduerok kontrolatzeko beharrezkoak diren datuak ere».

Hemezortzi. Artikulu berri bat eransten da: 11 quater artikulua. Honela idatzita egongo da:

«11 quater artikulua. Ikastetxeen hezkuntza-zikloetan nahitaezkoa izango da babes zibilaren inguruko informazioko, prebentzioko eta dibulgazioko jarduerak programatzea, eta aldizka ebakuazioko ariketa edo simulakro bat egin beharko da, dagokion autobabeserako planaren aurreikuspenen arabera».

Hemeretzi. Legearen 12. artikulua aldatzen da, eta honela egongo da idatzita aurrerantzean:

«12. artikulua. 1. Babes zibileko agintaritzak errekeritu ahal izango die hartarako betebeharra daukatenei dagokien autobabes-plana aldatu, eguneratu edo berrikus dezaten, baldin eta aldaketarik izan bada plana egitea eragin zuten inguruabarretan; eta ohartaraziko die, emandako epean hala egin ezean, hurrengo paragrafoan aurreikusitako nahitaezko betearazpen-neurriak hartu ahal izango direla. 2. Autobabeseko neurriak bete ezean, agintaritzak hartu ahal izango du, hargatik zehatzeko ahalari kalterik egin gabe, aldez aurretik errekerimendua eginda eta modu arrazoituan, sor daitekeen arrisku-egoeraren probabilitatearen eta larritasunaren arabera, neurri hauetakoren bat edo batzuk: a) Hertsatzeko isunak jartzea. b) Beharrezko irizten zaizkien babes-neurriak hartzea hartarako betebeharra daukanaren kontura, zeinari bere ondarearen gaineko premiamendu-bidez eskatuko zaion ordainketa, betearazpen-bidetik egin beharreko bilketa-prozeduraren arabera. c) Arriskua sortzen duen aktibitatea etetea edo establezimendu, instalazio edo eremua ixtea harik eta errekeritutako jarduketa bete arte. 3. Dolorik, errurik edo dagokion eginbidean hutsegiterik izanez gero edo norberaren babeserako legeak edo erregelamenduak hautsiz gero, euskal administrazio publikoek esku-hartze publikoen gastuak ordaintzea eskatuko diete erantzuleei, legeria zibilean aurreikusitakoaren arabera».

Hogei. Artikulu berri bat eransten da: 12 bis artikulua. Honela idatzita egongo da:

«12 bis artikulua. 1. Eusko Jaurlaritzak onartutako babes zibileko planek eskatu ahalko dute jardueraren jarraipen-planak prestatzea eta ezartzea, komunitaterako, haren egonkortasun ekonomiko eta sozialerako eta arrisku larri, hondamendi- edo lazeria-kasuetan azkar leheneratzeko ezinbestekoak diren azpiegitura kritikoetan eta funtsezko baliabideetan. 2. Ezinbesteko zerbitzuen jarraipen-planen helburua da arrisku larriko kasuetan, hondamendi- edo lazeria-kasuetan komunitaterako funtsezkoak diren zerbitzuak berehala berreskuratu, leheneratu edo jarraitzea ahalbidetzen duten neurri eta prozedurak aurreikustea, larrialdian zehar eta hura amaitu ondoren jardueraren ezinbesteko funtzioek iraungo dutela ziurtatuz. 3. Jarraipen-planek honako hauen analisia eta ebaluazioa jaso beharko dute: arrisku eta elementu kalteberena, zerbitzuaren jarraipena eta leheneratzea oztopatzen duten inpaktu eta arlo kritikoena, prozesu kritikoetatik leheneratzeko neurriena eta horretara bideratutako baliabideena. Horiez gain, planak ezartzeko, mantentzeko eta eguneratzeko erabiliko diren neurri zehatzak ere bildu beharko dituzte planek. 4. Jarraipen-planetan aurreikusitako neurriak autobabeserako planetan eta azpiegitura kritikoak babesteko planetan aurreikusitako neurriekin koordinatu eta osatu beharko dira. Behar izanez gero, gainera, neurri horiek guztiak dokumentu bakarrean integratu ahal izango dira».

Hogeita bat. III. kapituluko 23. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela egongo da idatzita aurrerantzean:

«2. Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailari dagokio lankidetza eta koordinazio egokia ziurtatzea kapitulu honetan jasotako larrialdietan esku hartzen duten zerbitzuen artean, funtsean Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez artikulatzen direnak, zeinaren oinarrizko tresna taktika operatiboak baitira, kalterik egin gabe administrazio bakoitzak bere zerbitzu propioen barne-koordinaziorako izan ditzakeen zentroei».

Hogeita bi. III. kapituluko 24. artikulua aldatzen da, eta honela egongo da idatzita aurrerantzean:

«24. artikulua. 1. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa euskarri teknologiko eta logistikoko oinarri-plataforma da, babes zibileko planek xedatutakoari eta dagozkion taktika operatiboei jarraituz edonolako larrialdietan esku hartu behar duten zerbitzuen jarduna jakinarazteko eta haien arteko koordinazioa errazteko. 2. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari dagokio: a) Larrialdiko deien arreta-zerbitzua ematea, 1-1-2 telefono-zenbaki bakarren bidez. b) Beharrezko zerbitzuak koordinatzeko eta bateragarri egiteko laguntza teknikoa ematea. c) Larrialdiaren garapenari jarraipena egitea, parte hartzen duten bitartekoei eta jartzen diren baliabideei buruzko informazioa jasoz, eta bitarteko eta baliabide horien koordinazioan laguntzea. d) Babes zibileko informazio- eta alerta-sareko transmisioak jakinarazi, kontrolatu eta koordinatzeko sisteman parte hartzea. e) Ekintzak Koordinatzeko Zentro eta Ekintza Integratuak Koordinatzeko Zentro gisa jardutea larrialdi aitortuko egoeretan, Autonomia Erkidegoaren babes zibileko plana aktibatu eta gero, plan hori aktibatzea formalki erabaki duen babes zibileko agintaritza eskudunaren zuzendaritzapean. 3. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailaren barruan, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibileko eskumena duen zuzendaritzari atxikita dago, eta sail horrek zehazten dituen lurralde-kokapenak izango ditu. 4. Eusko Jaurlaritzan segurtasun arloko eskumena duen sailak ezarriko ditu informatikaren eta telekomunikazioen arloko estandar teknikoak, zeinek ahalbidetuko baitute Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren eta Euskadiko larrialdietako eta segurtasuneko zerbitzuen zentral operatibo guztien arteko konexioa».

Hogeita hiru. Artikulu berri bat eransten zaio III. kapituluari: 24 bis artikulua. Honela idatzita egongo da:

«24 bis artikulua. 1. 1-1-2 telefono-zenbaki bakarraren bidezko larrialdiko deien arreta-zerbitzuaren xedea da Euskadiko lurraldean edozein herritarrek egindako deiak hartzea, larrialdia edo gertakaria identifikatzea eta deia edo alarma dagokion zerbitzu edo agintaritzari helaraztea, administrazio bakoitzaren barne-antolamenduaren arabera. 2. Deien arreta-zerbitzuak ez du barne hartzen herritarrak eskatutako laguntza materiala ematea, hori administrazio eta erakunde eskudunei baitagokie, eskumenak esleitzeko, antolatzeko eta funtzionatzeko dauzkaten arauekin bat etorriz. 3. Larrialdiko deien arreta-zerbitzurako sarbidea unibertsala, doakoa eta iraunkorra izango da Euskadiko lurraldean dagoen pertsona ororentzat. Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan ematen da. Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak beharrezko bitartekoak jarriko ditu zerbitzurako sarbidea Europar Batasuneko estatuetako gainerako hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko, bai eta desgaituek zerbitzua baliatu ahal izango dutela ziurtatzen dituzten bitartekoak bermatzeko ere».

Hogeita Lau. Artikulu berri bat eransten zaio III. kapituluari: 24 ter artikulua. Honela idatzita egongo da:

«24 ter artikulua. 1. Herritarrek edo erakundeek Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin izaten dituzten elkarrizketak, bai telefonozkoak eta bai irratizkoak, grabatu egingo dira. 2. Larrialdi bat kudeatzeko prozesuarekin zerikusia duten jarduketa eta komunikazioak telematikoak, telefonozkoak nahiz irrati bidezkoak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren kudeaketa-sisteman erregistratuta geratuko dira, eta informazio ofizialeko elementu bihurtu ahal izango dira larrialdi-gertakarien kudeaketari buruzko datuei dagokienez. 3. Larrialdi-gertakariei erantzuteko zerbitzua emateko, gertakari horiek kudeatzeko eta laguntza-jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalak eta informazioa indarrean dagoen datu pertsonalak babesteko legeriaren arabera bildu eta tratatuko dira. Datu pertsonalak bildu ahal izango dira, datu horiek borondatez ematen direnean edo beharrezkoak direnean pertsonen osotasuna babesteko edo ukitutako pertsonaren edo hirugarrenen ondasunak babesteko edo ukitutako pertsonaren edo hirugarrenen hil edo biziko premia bati erantzuteko. Era berean, indarrean dauden legeen arabera isilpekoak diren beste informazio batzuk ere bildu ahal izango dira, larrialdiari aurre egiteko moduari dagokionez edo beharrezko laguntza materiala emateari dagokionez erabakigarriak direnean. 4. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, ukituta dauden ezinbesteko zerbitzu guztien eskura jarriko du larrialdi-gertaeren kudeaketari buruzko informazioa, soil-soilik gertakari hori kudeatze aldera. Izaera pertsonaleko datuak emango dira, soilik, ezinbestekoa denean pertsonen osotasuna babesteko edo pertsonen hil edo biziko beharrizan bati erantzuteko. 5. Indarrean dagoen legerian eta lege honetan berariaz ezarritako kasuetatik kanpo, ezin izango dira laga deiak hartu eta kudeatzetik eta gertakariak garatzetik zein laguntza ematetik lortutako datu pertsonalak. 6. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak kudeatutako gertakarien grabazio eta erregistroak gutxienez sei hilabetez eta gehienez bi urtez gordeko dira, agintaritza judizialak besterik agintzen ez badu. 7. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren organo arduraduna izango da fitxategien erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko eta indarrean dagoen legeriak ukituei aitortzen dizkien eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak, kudeaketakoak eta antolamendukoak hartu beharko ditu».

Hogeita bost. Paragrafo berri bat eransten zaio III. kapituluko 25. artikuluari: bigarren paragrafoa. Honela egongo da idatzita:

«2. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legearen arabera, larrialdien kudeaketako eta babes zibileko sistemaren ezinbesteko edo oinarrizko zerbitzu diren horiek, zehazki, eginbehar hauek izango dituzte: a) Beren eskumenen arabera, azkar, eraginkortasunez eta efizientziaz erantzungo diete larrialdi-egoerak konpontzeko aktibazio-eskaerei, eta haiei dagokie zehaztea gertakari bakoitzeko esku-hartzeari esleitu beharreko baliabide mota eta kopurua. b) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari informazioa emango diote mobilizatutako baliabideei buruz eta aktibaziorako, larrialdia dagoen lekura iristeko eta larrialdiaren bukaerako denborei buruz. c) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari informazioa emango diote ezagutzen dituzten gertakariei buruz, baldin eta gertakari horietarako, diziplina anitzekoak izateagatik, beharrezkoa bada administrazio bat baino gehiagoren zerbitzuek esku hartzea. d) Itzulerako informazioa emango dute Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak aktibatuta jardun duten larrialdi-gertakariei buruz, larrialdiaren bilakaerari buruzko datuak emanez, gertakaria berriz tipifikatzeko eta funtsezko beste zerbitzu batzuk esku hartzeko datu esanguratsuak direnean».

Hogeita sei. III. kapituluko 27. artikulua aldatzen da, eta honela egongo da idatzita aurrerantzean:

«27. artikulua. 1. Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu kapitulu honetan adierazitako larrialdiei erantzuteko interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eta baliabideak dituzten administrazio eta erakundeek Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko moduak. 2. Laguntza-eskaera edo larrialdi-dei baten aurrean azkar, modu integratuan eta eraginkortasunez jardungo dela bermatzeko, larrialdiei erantzuteko zerbitzu eta baliabide interesgarriak dituzten administrazio publikoekin hitzarmenak egitea sustatuko du Eusko Jaurlaritzak. Hitzarmen horietan honako hauek zehaztuko dira gutxienez: a) Deia inplikatutako zerbitzura bideratzea edo zerbitzuaren bitarteko eta baliabideek esku-hartzea eragin dezaketen larrialdi-egoeren definizioa. b) Laguntza-eskaerak jakinarazteko protokolo edo prozedurak, eta gertakari edo larrialdian parte hartzen ari diren zerbitzuei itzulerako informazioa emateko mekanismoak. c) Hala badagokio, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan zuzenean edo telematikoki parte hartzeko moduak. d) Laguntza edo gertakari bakoitzari jarraipena egiteko eta bukaera emateko modua. e) Erabilgarri dauden bitarteko pertsonal eta materialei, horien kokalekuari eta erabilgarritasunari buruzko informazioa aldizka jakinarazteko mekanismoa. f) Laguntza jakin bat egoki koordinatzen eta modu onenean ematen lagundu dezakeen beste edozein alderdi. 3. Eusko Jaurlaritzak larrialdiei aurre egiteko antolaketa-egitura publikoa abiaraziko du, hari eta arloko eskumena duen sailari lege honek ematen dizkion eskumenak gauzatzeko babesa eta laguntza emateko egokiena izango dena, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistema osatzen duten agenteen koordinazioa eta zerbitzu-ematea errazteko helburuarekin, kontuan hartuta lege honen 2. artikuluaren eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3. artikuluan jasotako printzipioak».

Hogeita zazpi. 4. paragrafo berri bat gehitzen zaio 45. artikuluari, ondorengo testuarekin:

«4. Babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko prebentzioko eta jarduneko zereginetan boluntarioen erakunde bateko eskubide osoko kide boluntario gisa parte hartzeko, Eusko Jaurlaritzan babes zibileko eta larrialdietako arloan eskumena duen agintaritzak akreditatuta egon beharko da; horretarako eduki beharko dira Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez zeregin horiek gauzatzeko ezartzen dituen curriculum-gaitasunak, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak txostena egin ondoren. Beharrezko curriculum-gaitasunak egiaztatu ahal izango dira formakuntza-jarduera espezifikoak zein hezkuntza arautuko jarduerak gaindituta, edo lortutako lanbide-esperientziaren bidez. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bere urteko formakuntza-planean sartuko du aipatu berri diren curriculum-gaitasunak eskuratzera bideratutako formakuntza-ikastaroak, aldez aurretik babes zibileko boluntarioen erakundeei galdetuta, haren eskaintza erakundeok egiten duten programazioarekin bateragarri egite aldera».

Hogeita zortzi. 47. artikuluari 4. paragrafo berria gehitzen zaio. Honela idatzita egongo da:

«4. Euskal administrazio publikoek sustatuko dute bere baitan eta enpresa pribatuen eremuan ahalbidetuko dela neurriak hartzea, negoziazio kolektiboan adostutakoa erabat errespetatuz, besteren konturako langileek edo enplegatu publikoek babes zibileko boluntariotza-zereginak gauzatzeko aukera izan dezaten. Lan-araudian edo enplegu publikoari buruzkoan xedatutakoaren helburuetarako, babes zibileko boluntarioek agintaritza eskudunak emandako mobilizazio-aginduei jarraitzeko nahitaezko betebehar publiko pertsonala dute, arrazoi justifikatua denean izan ezik, hark babes zibileko larrialdiei eta hondamendiei aurre egiteko dagokion plana aktibatu ostean».

Hogeita bederatzi. 49. artikulu berria gehitzen da, ondorengo testuarekin.

«49. artikulua. Euskal administrazio publikoek sustatuko dute Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman sortzea herritarrek laguntzeko eta parte-hartzeko sareak, langile profesionalen lana osatzeko, baina ez ordezkatzeko, boluntariotza gisa; horretarako ondokoak baliatuko dira: a) Babes zibileko udal-egiturarekin lotutako Euskadiko babes zibileko boluntarioen tokiko erakundeak. b) Hurrengo artikuluak aipatzen dituen Euskadiko babes zibileko erakunde laguntzaileak, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena badute. Aurreko paragrafoetan aipatutako organizazio eta erakundeak babes zibileko eta larrialdietakok organo autonomikoan helburu horrekin sortutako erregistroan inskribatuko dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistema osatzen duen sarearen baitan jarduteko beharrezko baldintza gisa, kasuan kasu dagokion bulegoaren mende».

Hogeita hamar. Artikulu berri bat eransten zaio V. kapituluari: 50. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«50. artikulua. Beren xedeen artean larrialdi-egoeran dauden pertsonak eta ondasunak artatzea duten eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzen duten izaera altruistako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak babes zibileko erakunde laguntzailetzat jo ahal izango dira. Erregelamendu bidez zehaztuko da hitzarmen horien edukia, eta, gutxienez, ondoko edukiak jasoko dira: erakundeek beren bitarteko eta baliabideak eskueran jartzea, lankidetzan aritzeko eta parte hartzeko moduak eta kasu horietan legozkiekeen konpentsazioak, bai eta erakunde horietako giza baliabideen formakuntza egiaztatua».

Hogeita hamaika. Kapitulu berri bat eransten da: VI. kapitulua. Izenburu hau izango du: «VI. kapitulua. Bereizgarriak eta aintzatespenak».

Hogeita hamabi. Artikulu berri bat eransten zaio VI. kapituluari: 51. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«51. artikulua. 1. Larrialdietan esku hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak jendaurrean aintzat hartzeko sariak sortuko ditu Eusko Jaurlaritzak, bai eta arrisku kolektibo larriko, hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretan pertsonak, haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko funtsezko lanean herritarren inplikazioa eta aipatutako zerbitzuei emandako laguntza aintzatesteko sariak ere. 2. Bereizgarri horiek jaso ahal izango dituzte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako zerbitzuek, zerbitzu horietako langileek, bai eta larrialdi-egoeren ondorioak gutxiagotzen eta arintzen laguntzen duten lanengatik nabarmendu diren pertsona eta erakundeek ere. 3. Sariak banakoei eta taldeei eman ahal izango zaizkie».

Hogeita hamahiru. Kapitulu berri bat eransten da: VII. kapitulua. Izenburu hau izango du: «VII. kapitulua. Zehapen-araubidea».

Hogeita hamalau. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 52. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«52. artikulua. 1. Lege honetan tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste administratiboak dira, kasuan kasu izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalei kalterik egin gabe. 2. Arau-hauste horiek oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke. 3. Lege honen eremuan administrazio publikoek duten zehatzeko ahalmena arautuko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalmenari buruz indarrean dauden arauetan edo horien ordezkoetan xedatutakoaren arabera, eta lege honetan eta lege honen garapen-araudian ezarritakoaren arabera. 4. Enplegatu publikoei haien zereginetan erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkie aplikagarri zaien funtzio publikoko araudian xedatutakoaren arabera».

Hogeita hamabost. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 53. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«53. artikulua. 1. Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste oso larriak dira: a) Autobabeserako nahitaezko planak ez prestatzea edo ez ezartzea, edo haietan aurreikusitako neurriak aplikatu behar direnean ez aplikatzea. b) Araudi espezifikoaren arabera erregistroan jasotzekoak diren datuak ez bidaltzea Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrera, edo, datuak homologatu beharreko kasuetan ez homologatzea. c) Autobabeserako nahitaezko planak ez aldatzea, eguneratzea edo berrikustea, hala egin behar den kasuetan. d) Establezimendu, zentro edo jarduerek babes zibilaren eremuan eragin ditzaketen kalteak estaltzeko erantzukizun zibileko asegururik edo bestelako finantza-berme baliokiderik ez edukitzea. e) Babes zibileko agintaritza eskudunari eragoztea babes zibileko planei atxikitako baliabide eta zerbitzuen ikuskapena egitea, eta orobat, indarrean dagoen araudian aurreikusitako autobabeserako eskakizunak betetzen direla ikuskatzea eragoztea. f) Katalogatutako jarduera arriskutsuak kudeatzen dituzten erakundeek babes zibileko plan bat aktibatzea eskatzen duen larrialdia eragin dezakeen edozein egoera ezagutzen dutenean, berehala horren berri emateko betebeharra ez betetzea, eta autobabeserako planak aktibatzen dituztenean ez jakinaraztea. g) Administrazioek dauzkaten babes zibileko baliabideen esku-hartzea eragiten duten larrialdi-abisu faltsuak komunikatu edo eragitea, urgentziako edo larrialdiko abisuak emateko telefono edo bestelako baliabideen bitartez. h) Arrisku larri, hondamendi edo lazeria publikoko egoeretan babes zibilaren arloko agintari eskudunek eta haien agenteek ematen dituzten aginduak edo jarraibideak ez betetzea. i) Arrazoi justifikaturik gabe, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak edo haren agenteek lege honen arabera agindutako prestazio pertsonalak egiteari uko egitea, plan baten aktibazioko edo larrialdi aitortuko egoeretan. j) Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak larrialdiari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dituen ondasunak aldi baterako errekisatu, esku hartu edo aldi baterako eta modu iragankorrean okupa ditzan galaraztea. k) Behin eta berriz uko egitea ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrei edo zerbitzu publiko edo interes orokorreko zerbitzuak, osasun-zerbitzuekin lotutako jarduerak edo oinarrizko zerbitzu eta hornidurak kudeatzen dituztenei ezartzen zaizkien lankidetza-betebehar bereziak betetzeari. l) Gizarte-hedabideek uko egitea agintaritza eskudunak biztanleriari zuzendutako informazioa, abisuak, aginduak eta jarraibideak berehala, lehentasunez eta modu nabarmenean argitaratzeari, helarazteari edo zabaltzeari. m) Telekomunikazio-sare eta -zerbitzuen titular diren enpresek uko egitea sare eta zerbitzu horiek babes zibileko agintaritzaren eskura jartzeari, agintaritza horrek hala eskatzen dienean biztanleriari abisuak edo alertak iragartzeko. 2. Era berean, oso larritzat kalifikatuko dira larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste larri batengatik edo gehiagorengatik aurreko bi urteetan ebazpen irmo baten bidez zigortua izan den pertsona edo erakunde batek egindako arau-hauste larriak».

Hogeita hamasei. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 54. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«54. artikulua. 1. Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste larriak dira: a) Urgentziako edo larrialdiko abisuak emateko telefono edo bestelako baliabideetara dei gehiegizkoak, iraingarriak, mehatxuzkoak edo txantxetakoak eginez lineak okupatu eta zerbitzuaren eraginkortasuna kaltetzea, edo behin eta berriz dei hutsalak egitea. b) Linearen edo telefono mugikorraren titularrak egiazki ez identifikatzea 53.1.g), 54.1.a) eta 55.a) artikuluetan aipatzen diren deiak egiten dituen pertsona, hala egin dezala eskatzen zaionean. c) Babes zibileko planei atxikitako baliabide eta zerbitzuen egoera ikuskatzeko oztopoak jartzea, erabat eragotzi gabe, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunari, eta orobat, indarrean dagoen araudian aurreikusitako autobabeserako eskakizunak betetzen direla ikuskatzeko oztopoak jartzea. d) Babes zibileko planei atxikitako bitarteko eta zerbitzuen egoera ikuskatzeko oztopoak jartzea,erabat eragotzi gabe, eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako autobabeseko eskakizunak betetzen direla ikuskatzeko oztopoak jartzea. e) Larrialdi-egoerak eragin ditzaketen gorabehera edo gertakariak babes zibileko agintaritza eskudunari ez jakinaraztea, hori arau-hauste oso larria ez denean. f) Boluntarioak mobilizazio-agindura ez joatea agintaritza eskudunak plan bat aktibatzean edo larrialdi bat aitortzean, arrazoi justifikaturen bat izan ezean. g) Larrialdi bati aurre egiteko beharrezkoak diren ondasunak eta bitartekoak aldi baterako eta iragankortasunez errekisatu, esku hartu edo okupatzeko oztopoak jartzea, erabat eragotzi gabe, neurri horiek babes zibileko agintaritza eskudunak agindu dituenean. h) Babes zibileko agintaritza eskudunak edo haren agenteek alerta- edo larrialdi-egoeretan ematen dituzten agindu eta jarraibideak ez betetzea, hori arau-hauste oso larria ez denean. i) Autobabeserako planen arduradunek ez jakinaraztea planak estalitako arrisku-egoerari eragiten dion edozein gorabehera edo gertaera, eta orobat, arrisku-egoera horri aurre egiteko ezarritako baliabide eta zerbitzuen eraginkortasuna ez jakinaraztea. j) Babes zibileko plan baten aktibazio-egoeran egiten diren 55. artikuluko jokabideak, pertsonen bizia edo osotasun fisikoa arriskuan jarri badute edo hondamendiaren edo lazeria publikoaren arrisku-egoera edo ondorioak areagotu badituzte. k) Babes zibileko planen zerbitzura jarritako ekipamendu edo instalazioen funtzionamendu egokia larriki kaltetzea edo asaldatzea. 2. Era berean, larritzat kalifikatuko dira larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste arin batengatik edo gehiagorengatik aurreko bi urteetan ebazpen irmo baten bidez zigortua izan den pertsona edo erakunde batek egindako arau-hauste arinak».

Hogeita hamazazpi. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 55. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«55. artikulua. Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste arinak dira: a) Urgentziako edo larrialdiko abisuak emateko telefono edo bestelako baliabideetara dei gehiegizkoak, iraingarriak, mehatxuzkoak, maltzurrak edo txantxetakoak egitea. b) Babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloko agintaritzak edo haren agenteek ezartzen dituzten neurriak edo jarraibideak ez betetzea edo ez errespetatzea ariketak edo simulazioak egiten direnean. c) Babes zibileko boluntarioek boluntario-izaera erakusten duten intsignia eta bereizgarriak eramatea edo erakustea, beren eginkizunak betetzen ari ez direnean. d) Babes zibileko planen zerbitzura jarritako ekipamendu edo instalazioen funtzionamendu egokia kaltetzea edo asaldatzea, hori arau-hauste larria ez denean. e) Horretarako betebeharra dutenek babes zibileko agintaritza eskudunak ariketa edo simulakroetarako egindako mobilizazio-deira ez biltzea, arrazoi justifikatua denean izan ezik».

Hogeita hamazortzi. 56. artikulu berria gehitzen zaio VII. kapituluari, ondorengo testuarekin.

«56. artikulua. 1. Lege honetan tipifikatutako arau-hausteei aplika dakizkiekeen zehapenak isunak izango dira. 2. Arau-hauste larri eta oso larriengatiko zehapenekin batera zehapen osagarri hauek ere ezarri ahal izango dira: a) Aldi baterako ixtea lokal, zentro edo instalazioa. b) Aldi baterako etetea arriskuko jarduerak. c) Nahitaezko baja ematea dagokien taldean, babes zibileko boluntarioen talde eta elkarteetako kideentzat. d) Desgaitzea beste edozein taldetan parte hartzeko, babes zibileko boluntarioen talde eta elkarteetako kideentzat».

Hogeita hemeretzi. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 57. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«57. artikulua. 1. Arau-hauste oso larriak 30.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isunarekin zigortzen dira. Horrez gain, lokala, zentroa edo instalazioa aldi baterako ixteko edo jarduera arriskutsuak aldi baterako eteteko agindua eman ahal izango da, gehienez urtebeterako, betiere zehapena eragin zuen arrazoia konpondu bada. 2. Arau-hauste larriak 1.501 eurotik 30.000 eurora bitarteko isunarekin zigortzen dira. 3. Arau-hauste arinak 150 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunarekin zigortzen dira. 4. Babes zibileko boluntarioen erakunde, talde edo elkarteetako kideek egiten dituzten arau-hauste larriek eta oso larriek berekin dakarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman boluntario gisa parte hartzeko desgaituta geratzea. Arau-haustea oso larria izanez gero, bost urtekoa izango da desgaikuntza, eta arau-haustea larria izan bada, hiru urtekoa. Gainera, arau-hausleari baja emango zaio babes zibileko laguntzaileak diren boluntario-elkarteen erregistroan, eta kendu egingo zaio babes zibileko boluntario izatearen egiaztagiria».

Berrogei. Artikulu berri bat eransten zaio VII. Kapituluari: 58. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«58. artikulua. 1. Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak zehatzerakoan, egitateen garrantziarekiko eta arau-hausleen inguruabar pertsonalekiko proportzioan jardungo da. Nolanahi ere, kontuan izango dira irizpide hauek: a) Arau-hausteari dagokion egitatearen larritasuna, kontuan izanik segurtasunean duen eragina eta sortutako kalte-galerak. b) Ondasun eta pertsonei eragindako arrisku objektiboa. c) Jokabide arau-hauslearen kanpoko garrantzia. d) Zabarkeria edo intentzionalitatea egotea. e) Pertsona erantzulearen jarrera eragindako kaltearen konponketan, galera handiagorik gerta ez dadin. f) Ukitutako pertsonen kopurua. g) Lortutako onura. h) Berrerortzea egotea. Berrerortzetzat jotzen da urtebeteko epean administrazio-bidean ebazpen irmoz zehatutako izaera edo larritasun bereko edo ezberdineko arau-hauste bat edo gehiago egitea. 2. Arau-haustea denean neurri prebentiboak ez betetzea eta kalterik eragin ez zaienean pertsonei, ondasunei edo ingurumenari, aringarritzat hartuko da prozedura abiaraztea ekarri zuten arazoen konponketa, betiere jokabide arau-hauslean berriro erortzen ez bada. 3. Ez dira irizpide horiek aplikatuko arau-haustearen larritasuna handitzeko erabili direnean».

Berrogeita bat. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 59. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«59. artikulua. 1. Lege honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzule izango dira egitate arau-hauslea zuzenean edo zeharka gauzatu duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, bai eta jarraibideak edo aginduak eman dituztenak edo arau-haustea gauzatzeko ezinbestekoak diren bitartekoak jarri dituztenak ere. 2. Establezimendu eta industrien titularrak eta jardueren sustatzaile eta antolatzaileak lege honetan arautzen diren arau-hauste administratiboen erantzule izango dira, jarduera horietan parte hartzen duten pertsonek leku horietan arau-hausteak egiten dituztenean, arau-haustea prebenitzeko betebeharra betetzen ez dutenean, lege- edo erregelamendu-arauak urratuta. 3. Aipatutako titular eta antolatzaile edo sustatzaile horiek, era berean, erantzule izango dira, egitez edo ez-egitez, ikusle edo erabiltzaileek arau-hauste horiek egitea onartzen edo toleratzen dutenean. Permisibitatea edo tolerantzia izan dela ulertuko da, norberaren edo besteen arriskurik gabe eta egoeraren beharretara egokitutako bitartekoekin, erantzuleak arau-haustea ekidin ahal izan duenean. 4. 53.1.g), 54.1.a) eta 55.a) artikuluetan aurreikusitako arau-hausteengatiko erantzukizuna deiaren egileari dagokio zuzenean. Deiaren egilea edo eragilea adingabekoa edo ezgaia denean, gurasoak, tutoreak edo egitatezko edo zuzenbidezko zaintza dutenak izango dira egindako kalte-galeren eta, hala dagokionean, asaldatutako egoera bere onera ekartzearen erantzule solidarioak, adingabeek edo ezgaiek arau-hauste administratiboak egitea saihesteko dagokien betebeharra ez betetzeagatik. Deiaren egilea linearen edo terminal mugikorraren titularra ez den hirugarren pertsona bat denean, titularrak egiazki identifikatu beharko du hirugarren hori horretarako errekerimendua egiten zaionean, deia egindako eguna baino lehen telefonoa lapurtu diotenean izan ezik. Dagokion prozedura-izapidean eginbehar hori betetzen ez badu, 54.1.b) artikuluan aurreikusitako arau-hauste larriaren egile moduan zehatua izango da. Modu berean erantzungo du linearen edo terminal mugikorraren titularrak, titular horri egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta, hark identifikatzen duen arau-hausleari salaketa jakinaraztea ezinezkoa denean».

Berrogeita bi. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 60. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«60. artikulua. 1. Zehatzeko ahala Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, udalerriei eta Foru Administrazioari dagokie, artikulu honetan ezarritako eran, dagozkien eskumenenen arabera eta arau-haustea eragin duen jokabideak ukitutako planaren eremuarekin bat etorriz. 2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zehatzeko ahala Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailak egikarituko du, honako atribuzio hauekin bat etorrita: a) Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularrari dagokio arau-hauste arinengatiko zehapenak ezartzea. b) Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko zuzendaritza eskuduna menpe duen sailburuordetzako titularrari dagokio arau-hauste larriengatiko zehapenak ezartzea. c) Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen saileko titularrari dagokio arau-hauste oso larriengatiko zehapenak jartzea. 3. Zehapen-espediente bat izapidetzen ari den bitartean gertatzen bada espedientea izapidetu eta ebazteko eskumena beste administrazio batena dela, espedienteari hasiera eman zion organoak artxibatu egingo du espediente hori, eta egindako jarduketak administrazio eskudunari bidaliko dizkio, hark, hala badagokio, zehapen-prozedurari hasiera ematea erabaki dezan. 4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta toki- eta foru-administrazioetako organo eskudunek izapidetzen dituzten espedienteen berri emango diote elkarri, espedienteari hasiera ematea erabaki eta ondorengo hamar eguneko epean».

Berrogeita hiru. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 61. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«61. artikulua. 1. Arau-hauste oso larriek bost urtera preskribatzen dute; arau-hauste larriek, hiru urtera, eta arau-hauste arinek, urtebetera. 2. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek bost urtera preskribatzen dute; arau-hauste larriengatik ezarritakoek hiru urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek, urtebetera. 3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera balioetsiko da arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa».

Berrogeita lau. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 62. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«62. artikulua. 1. Pertsona edo ondasunen segurtasunari eragiten dion gorabehera larriren bat gertatzen denean, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak erabaki ahal izango du kautelaz establezimendua berehala ixtea, instalazioak zigilatzea edo jarduerak etetea, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalaren inguruan indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera. 2. Salbuespen gisa, pertsona edo ondasunentzako arrisku larria edo arrisku hur-hurrekoa dagoen kasuetan, neurri horiek babes zibileko agintariek edo haien agenteek hartu ahal izango dituzte, prozedurari hasiera eman aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalaren inguruan indarrean dagoen arautegian aurreikusitakoaren arabera. Neurri horiek eraginik gabe geldituko dira, baldin eta, hartzen direnetik hamar egun igarota, zehapen-prozedura hasten ez bada, edo prozedurari hasiera emateko akordioak ez badauka neurri horiei buruzko berariazko erabakirik».

Berrogeita bost. Artikulu berri bat eransten zaio VII. kapituluari: 63. artikulua. Honela idatzita egongo da:

«63. artikulua. 1. Lege honetan tipifikatzen diren arau-hausteei dagozkien zehapenak ezarri behar dira, betiere, pertsona, ondasun eta instalazioei eragindako kalte-galeren ordaina emateko betebeharra alde batera utzita. 2. Era berean, zehapen-prozeduratik eratorritako erantzukizun administratiboaz gain, erantzuleei eskatu ahal izango zaie asaldatutako egoera jatorrizko egoerara leheneratzea, betiere, hura posible denean. 3. Berrezartzea posible izango ez balitz, kalte-ordainaren balioa izango da egoera konpondu gabearena gehi eragindako kalte-galeren balioa. 4. Arau-hausleak berrezartzeko edo leheneratzeko eginbeharra betetzen ez duenean, administrazioak betearazte subsidiarioari ekin ahal izango du, haren kontura. 5. Dolozko edo zabarkeria larriko portaera bat tarteko delarik lege honetan aurreikusitako arau-hausteetako bat egiten duenak, larrialdi egoera sortuz edo larriagotuz, egoera hori konpontzeko egindako kostuak ordaindu beharko dizkio ogasun publikoari. Kalte-ordainezko ondorioen zehaztapena zehatzeko ebazpenean egingo da. 53.1.g) artikuluan adierazitako kasuan, bereziki, eta kasu bakoitzean bidezko diren zehapenei kalterik egin gabe, baliabideen mobilizazioak eragiten dituen kalte-galerak ordaindu beharko dituzte arau-hausleek».

Berrogeita sei. Bigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Aurrerantzean, honela idatzita egongo da:

«Bigarren xedapen gehigarria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunei dagokie giza bizitzen sorospeneko eta salbamenduko zerbitzuen koordinazioa eta bere jurisdikziopeko uretan bilaketako, erreskateko eta salbamenduko zerbitzuak ematea, itsas salbamenduaren arloko Estatuko legediaren arabera. Xede horretarako, eta bitartekoak eta zerbitzuak eskualdatzen direnetik zehazten den maiztasunarekin, Eusko Jaurlaritzak itsas salbamendurako eta itsas kutsaduraren aurkako zerbitzuen plana onartuko du, haien jarduera koordinatzeko, sustatzeko eta pertsona gaituak prestatzeko. Era berean, itsasertza kutsaduraren aurka babesteko lurralde-plana onartuko du. Aurreko lerrokadetan xedatutakoa egiterakoan, itsas salbamenduari dagokionez eta itsasoko kutsaduraren aurka indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera jokatuko da».

Berrogeita zazpi. Laugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honela idatzita egongo da:

«Laugarren xedapen gehigarria Babes zibileko boluntarioen erakundeetan edo suhiltzaile boluntario gisa lankidetza aktiboan emandako denbora, erakunde horietatik baztertuta izan ez bada arau-hauste larri edo oso larriagatik, merezimendutzat jo ahal izango da euskal administrazio publikoetan sartzeko edo horietan lan-kontratua egiteko, baldin eta lanpostu horien eginkizunak boluntario moduan egindako zerbitzuei edo lortutako gaitasun edo formakuntzari lotuta badaude, lege edo erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera».

Berrogeita zortzi. Xedapen gehigarri bat eransten da: bosgarren xedapen gehigarria. Honela idatzita egongo da:

«Bosgarren xedapen gehigarria 1. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalako langileei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioentzat legez ezarritako araubide juridikoa aplikatzen zaie, honako berezitasun hauekin: a) Bere eginkizunak betetzen ari direnean, agintaritza-agenteak dira. b) Arduraldi-, prestasun- eta lanordu-araubide berezia izango dute, haien ardurapeko zerbitzuen etengabeko funtzionamendua bermatze aldera, eguneko hogeita lau orduetan, urteko egun guztietan. c) Hautaketa-prozesuan exijituko da, prozesuaren zati gisa, dagozkion kategoria eta eginkizunetara egokitutako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatu eta emandako ikastaro bat gainditzea, edo Euskal Herriko Unibertsitateko Segurtasun eta Emergentzien Kudeaketako gradu-titulua eskuratu izana. Ikastaro horiek egitea eskatuko zaie, halaber, babes zibileko langile espezializatuen lanpostuak beteko dituzten bitarteko langileei. 2. Eusko Jaurlaritzak, funtzio publikoaren eta babes zibilaren arloan eskumena duten sailek batera proposatuta, Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalako langileei aplikagarria zaien araubidea garatuko du erregelamendu bidez, helburu horretarako aurreko paragrafoan ezarritako betekizunak garatuz. 3. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalako langileei dagokie: a) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren etengabeko funtzionamendurako beharrezkoa den laguntza profesionala ematea. b) Eusko Jaurlaritzako babes zibileko eta larrialdietako agintaritzari laguntza profesionala ematea, babes zibileko planak eta taktika operatiboak egitean, horietan aurreikusitako neurriak aktibatu eta aplikatzean, eta, oro har, larrialdi-egoeretan. c) Larrialdiko eta babes zibileko egoeretan dagozkien esku-hartzeko eginkizunak betetzea, talde logistikoetan eta aginte-postu aurreratuetako zerbitzuetakoak barne, bai eta larrialdien kudeaketan inplikatutako zerbitzuen jarduketa koordinatzean dagozkienak legean aurreikusitako eran. d) Aurreikuspen-, prebentzio-, plangintza-, analisi- eta ebaluazio-eginkizunak betetzea Autonomia Erkidegoaren babes zibilaren arloko eskumenak betetzeari dagokionez. e) Lege honetan arautzen diren ikuskatze-eginkizunak betetzea eta zehapen-espedienteak bideratzea, Autonomia Erkidegoaren babes zibileko eskumenen esparruan. f) Indarrean dauden legeetan xedatzen diren gainerakoak».

Berrogeita bederatzi. Xedapen gehigarri bat eransten da: seigarren xedapen gehigarria. Honela idatzita egongo da:

«Seigarren xedapen gehigarria 1. Erregelamendu bidez eratuko da Hondamendien aurreko Laguntza Unitate bat, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailaren mende egongo dena, larrialdi-egoeretan pertsonak eta ondasunak babesteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean edo lurralde horretatik kanpo, haren laguntza eskatzen denean. Era berean, nazioarteko lankidetzako misioak ere egin ahal izango ditu. 2. Hondamendien aurreko Laguntza Unitatean parte hartu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko enplegatu publikoez gain, beste administrazio publiko batzuen edo erakunde pribatuen zerbitzuko langileek ere, dagokion hitzarmenaren bitartez, bai eta babes zibileko boluntarioek ere. 3. Hondamendien aurreko Laguntza Unitatea ez da Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura organikoaren barruko administrazio-organo edo -unitate iraunkorra izango, eta ez du eragingo lanpostuen zerrendetan kide gehiago sartzea. 4. Hondamendien aurreko Laguntza Unitateko kideek egiten dituzten jarduerak borondatez eta doan egiten dira; hala ere, unitate horiek osatzen direnean Euskal Administrazioaren edo xede horretarako hitzarmenez administrazio horrekin lotutako beste administrazio batzuen giza baliabideekin, langile horiek guztiek beren ohiko lanpostuei dagozkien ordainsariak jasotzen jarraituko dute, atxikita dauden administrazio-unitatearen kontura, formakuntzari eta praktikaldiari eskaintzen dieten denboran zehar, bai eta larrialdietako misioetan aritzen diren aldietan ere. 5. Erregelamenduak ezarriko du unitatearen jarduketa- eta funtzionamendu-araubidea».

Berrogeita hamar. Xedapen gehigarri bat eransten da: zazpigarren xedapen gehigarria. Honela idatzita egongo da:

«Zazpigarren xedapen gehigarria Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honetan ezartzen diren zehapenen zenbatekoa eguneratzeko, kontsumoko prezioen indize orokorrean izaten diren gorabeheren arabera».

Lege hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, taktika operatiboen berrikuspena eta eguneratzea egin beharko da. Prozesu hori Eusko Jaurlaritzak egingo du, ukitutako administrazio publikoen lankidetzarekin.

Indargabetuta geratzen da martxoaren 8ko 34/1983 Dekretua, Ihardun-Antolakidetegiak sortaraztekoa (1983ko martxoaren 29ko EHAA, 37 zk.).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Testu bategina prestatzeko gaikuntza

Baimena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau indarrean jarri eta gehienez ere hamabi hilabeteko epean Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen testu bategina egiteko. Testu bateginak testu bakarrean bilduko ditu bi legeak, zenbaki berria emango die hala behar duten artikulu, kapitulu eta xedapenei, zenbakitze berrira egokituko ditu testu bakarrean bildu beharreko legeen barne-igorpenak, eta araupetu, argitu eta harmonizatu egingo ditu batu beharreko testuak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Larrialdiei aurre egiteko eskala sortzea.

  1. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzeko otsailaren 25eko 1/2004 Legea.

    14. artikuluaren A) letrari 9. zenbaki berri bat gehitzen zaio, honela idatzita:

    «A) Goi Mailako Teknikarien Kidegoa 9. Larrialdiei Aurre Egiteko Eskala».

    15. 2 artikuluari h bis) letra berri bat gehitzen zaio, honela idatzita:

    «h bis) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalan, unibertsitateko lizentzia edo gradua Arkitekturan, Ingeniaritzako modalitate eta aukera ezberdinetan, Ingurumen Zientzietan, Geologian, Fisikan, Kimikan, edo Nautika eta Itsas Garraioan».

    16. artikuluari h bis) letra berri bat gehitzen zaio, honela idatzita:

    «h bis) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalari, babes zibilaren arloan aholkatzea eta irizpideak ezartzea; Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren etengabeko funtzionamendurako beharrezkoa den laguntza profesionala ematea; Eusko Jaurlaritzako babes zibileko eta larrialdietako agintaritzari laguntza profesionala ematea, babes zibileko planak eta taktika operatiboak egitean, horietan aurreikusitako neurriak aktibatu eta aplikatzean, eta, oro har, larrialdi-egoeretan; larrialdiko eta babes zibileko egoeretan dagozkien esku-hartzeko eginkizunak betetzea, talde logistikoetan eta aginte-postu aurreratuetako zerbitzuetakoak barne, bai eta larrialdien kudeaketan inplikatutako zerbitzuen jarduketa koordinatzean dagozkienak ere legean aurreikusitako eran; aurreikuspen-, prebentzio-, plangintza-, analisi- eta ebaluazio-eginkizunak betetzea Autonomia Erkidegoaren babes zibilaren arloko eskumenak betetzeari dagokionez; lege honetan arautzen diren ikuskatze-eginkizunak betetzea eta zehapen-espedienteak bideratzea, Autonomia Erkidegoaren babes zibileko eskumenen esparruan, eta indarrean dauden legeetan xedatzen diren gainerakoak».

    1. Bigarren xedapen gehigarriaren lehen paragrafoari f) letra berri bat gehitzen zaio, honela idatzita:

      «f) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalan integratu ahal izango dira Larrialdietako teknikariko plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan aipatutako eskalari atxikitako lanpostuen titularrak izan diren edo horiek bete dituzten funtzionarioak».

  2. Larrialdietako Eskalan integratzeko aukera lanpostu-zerrenda lege honetara egokitu izana argitaratzen denetik sei hilabeteko epean gauzatuko da. Borondatez integratzeko aukera erabiltzen ez dutenek ordura arteko baldintza beretan eutsiko diete euren lanpostuei.

  3. Beren eginkizunen arabera Larrialdiei Aurre Egiteko Eskalako lanpostu gisa birsailkatzen diren lan-kontratuko lanpostuak funtzionarizatu egingo dira. Lanpostu horiek betetzen dituzten lan-kontratuko langileek, edo beren lanpostua gordetzeko eskubidea dutela eszedentzia-egoeran daudenek, lege hau indarrean sartzean, aipatutako eskalarako lehiaketa-oposizioko sistemaren bidez deitutako barne-sustapeneko hautaketa-prozesu murriztu batean parte hartu ahal izango dute, betiere beharrezko titulazioa badute eta gainerako baldintzak betetzen badituzte; ondorio horietarako, meritu gisa balioetsiko dira lan-kontratuko langile finko gisa emandako zerbitzuak eta izaera hori eskuratzeko gainditutako hautaketa-probak.

    Prozesua gainditzen duten langileak karrerako funtzionario izendatuko dira eta lan-kontratuko langile finko gisa betetzen zuten lanpostuei atxikiko zaizkie, eta lan-kontratuko langile finko gisa zuten antzinatasuna eta jasotzen zuten gutxieneko soldata bermatuko zaie.

    Borondatez sartzen ez diren edo hautaketa-prozesu hori gainditzen ez duten langileek betetzen dituzten lanpostuetan jarraituko dute, lanbide-sustapeneko aukerei inolako kalterik egin gabe.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean Lege hau.

    Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 25a.

    Lehendakaria,

    IŃIGO URKULLU RENTERIA.