32. Kirol lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko Lege-proeiktua.

Informazio gehigarria

Eusko Legebiltzarraren izapidetzen ari da, lege-proposamen gisa, Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos (EA-NV) eta Socialistas Vascos-Euskal Socialistak (SV-ES) legebiltzar-taldeek proposatuta.

Izapidetzen.

 

 

Legegintzaldia

XII. Legegintzaldia

Helburuak eta Sektoreak

Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak kirolaren arloan eskumen esklusiboa du. Eskumen horretaz baliatuta, Eusko Legebiltzarrak ekainaren 11ko 14/1998 Legea onartu zuen, Euskadiko kirolarena. Lege horrek 62. artikuluan ezartzen zuen aginte publikoek, beren eskumen-esparruaren barruan, titulu ofizialak eskatuko dituztela kirolarekin zuzenean lotutako zerbitzuak eskaintzeko, hots, irakaskuntza- zuzendaritza-, kudeaketa-, entrenamendu- eta animazio-zerbitzuak eta bestelakoak eskaintzeko.

Kirol-lanbideak gizartean gero eta gehiago direnez, araudi bat izatea ezinbestekoa da eta gaur egun oraindik ez dago. Lanbide-jarduera horiek pertsonen osasunaren eta segurtasunaren gainean zuzeneko eragina izaten dute, eta aholkularitza- eta tutoretza-lana behar bezalako prestakuntzarik gabeko pertsonek egin izan dute. Lege-proiektuaren helburua da kirol arloko lanbide batzuetan jardutearekin lotutako oinarrizko alderdiak arautzea, eta horretarako, lanbide horietan jarduteko behar diren kualifikazioak zehaztea eta lanbide bakoitzari dagokion arlo funtzional orokorra esleitzea.

Legearen ezaugarrietako bat izango da kirol-lanbideetan hastea edo jardutea ez dela esklusiboki lotuta egongo goi mailako hezkuntzako titulu akademiko bat izatearekin, kasuan kasuko lanbide- kualifikazioak egiaztatzearekin baizik. Kualifikazio horiek egiaztatzeko, hainbat mailatako titulu akademikoak ez ezik, beste bide batzuk ere erabili ahal izango dira, esaterako profesionaltasun- ziurtagiriak.

Lege honek arautuko dituen lanbideek arlo hauek guztiak barne hartuko dituzte: hezkuntza, aisialdia, lehiaketa eta zuzendaritza. Hori dela eta, hauei guztiei buruz ari gara:

Irakasleak

Monitoreak

Entrenatzaileak

Kiroleko zuzendariak

Beste helburu batzuk:

Hezkuntza arloan, irakaslearen lanbidea araututa dago Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan. Legeak gorputz hezkuntzako irakaslearen adingabeekiko funtzio garrantzitsua bermatu nahi du eta horregatik, lehen laguntzetan gutxieneko prestakuntza bat izateko eskatuko du. Eskaera hori Lege honek arautzen dituen lanbide guztietan errepikatuko da.

Kirol monitoreek, lehiaketakoa ez den kirol-arloan jarduten dutenek, azken urte hauetan protagonismo handia hartu dute. Euskadin kirola osasun-, aisialdi- eta jolas- edo gizarteratze -helburuekin egiten dutenen kopurua izugarri handitu da. Lanbide-jarduerarako eremu erakargarria bihurtu da. Halaber, abentura-kirolak, arrisku-kirolak eta ingurune naturalean egiten diren kirolak egiteko gero eta interes handiagoa dagoenez, profesionalen eskaintza eta eskaria ere gero eta handiagoa da. Kirol-jarduera bakoitzerako betekizun espezifiko bat ezarriko da (Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako graduatua, gorputz- eta kirol-ekintzen animazioko goi-mailako teknikaria, profesionaltasun-ziurtagiria…).

Lege honek onartzen du dagokion kirol -modalitateko edo -diziplinako entrenatzaile lanbidea. Lanbide horrek, funtsean, lehiatu nahi duten kirolari eta taldeak zuzentzen laguntzen du, eta haien entrenamenduen plangintza egiten. Prestakuntza-mailaren (maila baxua, ertaina edo altua) eta kasuan kasuko kirolaren ezaugarrien arabera ezarriko da zein titulazio eta zein aitorpen behar diren.

Legeak kiroleko zuzendari lanbidea arautzen du, eta horren arabera profesional horrek jarduerak zuzendu, programatu, planifikatu, koordinatu, kontrolatu eta teknikoki gainbegiratzearekin lotutako hainbat lanbide-jarduera egin ditzake. Kasu horretan, hark izaten duen jarduera-arloaren araberako titulazioa eskatuko zaio.

Lege-proiektuak lehen aldiz arautu du zerbitzuak informazio- eta komunikazio-teknologien bidez (plataforma birtualak) ematea, baldin eta zerbitzu-emaileek beren egoitza Euskadin badaukate eta, gainera, zerbitzu profesionalak herritarrek erabili ahal badituzte. Zerbitzu horien erabiltzaileei ere zor zaie beren osasuna eta segurtasuna babestea eta horretarako eskatzen da kasuan kasuko kualifikazioa.

Aipatutako arloak alde batera utzita, kobratu gabe jarduera tekniko deportiboetan parte hartzen duten boluntarioei ere kualifikazio eskakizunak ezartzen dizkie Legeak. Profesionalei eskatzen zaie kualifikazio bera eskatzen zaie haiei ere, baina, dagoen gizarte-errealitatea kontuan hartuta, erregimen malguago bat jasotzen da.

Eraginpeko gizarte-sektoreak:
  • Kirol-federazioak
  • Kirol-klub eta –elkarteak.
  • Kirolariak.
  • Kirol-zerbitzuen eta –ekipamenduen enpresa kudeatzaileak
  • Turismo aktiboko enpresak.
  • Kirol-gaiak irakasten dituzten lanbide heziketako zentroak eta unibertsitateak.

Noiz bidaliko zaion, gutxi gorabehera, lege-proiektua Jaurlaritzaren Kontseiluari, onar dezan

2021eko lehen seihilekoan.